Paxinian mendebaldezalearen alderdiak gehiengoari eutsiko dio Armeniako Parlamentuan

Lehen ministroaren alderdiak botoen %49 lortu ditu hauteskundeetan. Bruselak pozik hartu ditu emaitzak, eta esan du herrialdea «Europatik geroz eta gertuago» dagoela.

Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroa, atzo, botoa ematen. HAIK MANUKIAN / EFE
Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroa, atzo, botoa ematen. HAIK MANUKIAN / EFE
Igor Susaeta.
2026ko ekainaren 8a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arnasa hartu dute Bruselan eta Washingtonen. Izan ere, Nikol Paxinian Armeniako lehen ministro mendebaldezalearen alderdi Itun Zibilak irabazi zituen hauteskundeak atzo, eta, behin-behineko emaitzen arabera, eutsi egingo dio parlamentuan duen gehiengoari. Bada, emaitzak eskuan, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea pozik agertu da gaur: X sare sozialean idatzi du «Armenia demokratiko batekin» bat egiten dutela, eta herrialde hori  «Europatik geroz eta gertuago» dagoela. Azken asteetan, Bruselak Errusiari egotzi dio Armeniako bozetan esku sartu nahi izatea.

Hauteskunde batzordeak gaur plazaratutako datuen arabera, Itun Zibila eskuineko alderdiak botoen %49,8 bildu ditu. Horrek esan nahi du parlamentuan 61 aulki lortuko dituela; hau da, gehiengo osoari eutsiko dio, ganbera horrek 107 aulki baititu. Samvel Karapetian buru duen Armenia Indartsua alderdia izan da boto gehien lortu dutenen artean bigarrena, botoen %23 eskuratu baititu. Robert Kotxarian presidente ohiaren (1998-2008) Armenia Blokeak botoen %10 batu ditu, eta Gagik Tsarukianen Armenia Oparoak %4. Parte hartzea %59koa izan da, hau da, 1,5 milioi lagun inguruk bozkatu dute.

Zabarra izan da kanpaina, eta atzo, botoa eman zuenean, Karapetianek salatu zuen Armeniako estatu indarrek bere alderdiaren inguruko ehun pertsona atxilotu dituztela azken asteetan; Erevanen esanetan, botoak erostea egotzita atxilotu dituzte. Bestalde, zeharka izan bada ere, Mosku hauteskundeetan eragiten saiatu da. Izan ere, Armeniako hainbat nekazaritza produktu inportatzea debekatu zuen maiatzaren 30ean, argudiatuta prozesuetan «irregulartasunak» izan zirela. 

Horren harira, kanpaina betean, Sergei Xoigu Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkariak azpimarratu zuen Armeniak urtero 700 milioi dolar inguru galduko lituzkeela lehen sektorean baldin eta EBrantz hurbiltzen jarraituko balu. Paxinianek erantzun zuen bai neurri horiek bai gisa horretako adierazpenak «politikoak» zirela. Bide batez, joan den astean EBk iragarri zuen 50 milioi euro emango zizkiola Erevani, «onartezintzat» jotzen duenez gero Errusiak Armeniari ezarritako «hertsadura politikoa». Sobietar Batasuneko errepubliketako bat izan zen Armenia.

Eta testuinguru horretan, Paxinianek karguan jarraitu ahal izango du. 2018tik da lehen ministroa. Agintera heldu zen esanez Armeniako sistema oligarkikoa eraitsiko zuela. Zortzi urte geroago, gehiago ari da kanpora begira, jakinda Armenia herrialde pobrea dela baina, Kaukaso hegoaldean egonik, geoestrategikoki leku garrantzitsua dela Asia eta Europa arteko garraiorako. Horregatik, kanpainan nabarmendu du bizilagunekin —Turkia eta Azerbaijan etsaiekin — harreman onak baldin badituzte aukera ekonomiko gehiago edukiko dituztela, eta mendekotasun txikiagoa izango dutela Errusiarekin.  

Batarekin, bestearekin

Izan ere, 1991n Sobietar Batasuna desegin zenetik, Errusiaren eraginpean dago Armenia, bai ekonomikoki, bai sozialki. Baina, Paxinianen gidaritzapean, orbita horretatik urrunduz joan da pixkanaka. Errusiak beste arretagune batzuk eduki ditu, eta Armenia, hortaz, Bruselara eta Washingtonera begira jarri da, batez ere 2023tik hona: Errusiak ez zuenez sartu nahi izan Armeniaren eta Azerbaijanen arteko gatazkan, Armeniak uko egin behar izan zion Karabakh Garaiari, eta Azerbaijani entregatu zion. Ia bi urte geroago, 2025eko urtarrilean, Armeniako Parlamentuak onespena eman zion herrialdea talde komunitarioko kide izaten ahalegintzeko markoa ezartzen duen lege bati.

Hori ikusita, Errusiak Armeniari eskatzen dio atera dadila EBE Eurasiako Batasun Ekonomikotik, besteak beste. Paxinianek ez du horretarako asmorik, eta datozen asteetan da Moskura joatekoa, harreman komertzialak garatzen jarraitu nahi baitu Errusiarekin. Baina Bruselara eta Washingtonera joatekoa ere bada. Donald Trump AEBetako presidenteak atsegin du Paxinian. Aintzat hartu behar da Trumpek berak bultzatuta sinatu zutela iaz Armeniak eta Azerbaijanek bake akordio bat egiteko adierazpen bat. Hori bai, horren bidez, Etxe Zuriko maizterrak lortu zuen lehentasunezko sarbidea izatea inguru hartako lurretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA