Armenia

Paxinianek dimisioa aurkeztuko du apirilean

Hauteskundeak aurreratuko ditu Armeniako lehen ministroak. Ekainaren 20an egingo dituzte, baina bitartean lehen ministro izaten jarraituko du. Karabakh Garaiko ituna sinatu zuenetik kolokan dago Paxinian.

Paxinian Erevanen, joan den astean. ARMENIAKO GOBERNUA / EFE
2021eko martxoaren 28a
20:37
Entzun

Ez dio botereari uko egin nahi Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak. Oposizioko taldeak, militarrak eta milaka herritar Paxinianen dimisioa eskatzen ari dira lehen ministroak Azerbaijango eta Errusiako presidenteekin Karabakh Garaiko ituna sinatu zuenetik, joan den azaroaren 10ean. Paxinianek berak aitortu zuen «oso mingarria» izan zela Azerbaijanekin eta Errusiarekin menia sinatzea; izan ere, Erevanek kontrolpean zituen eremu asko galdu zituen.

Azkenean hauteskundeak aurreratzea erabaki du, «baina ez alde egiteko, hauteskundeak egin daitezen baizik». Bitarte horretan, lehen ministro izaten jarraituko du. Gaur iragarri duenez, apirilean aurkeztuko du dimisioa, eta bozak ekainaren 20an egingo dituzte. 

Karabakh Garaiko itunean, Armeniak, irail amaieratik azarora bitartean galdutako eremuen kontrola ez ezik, beste batzuena ere eman zion Azerbaijani, garaipen handiago bat eragoztearen truke. Armeniar askorentzat umiliazio bat izan zen, baita traizioa ere. Protestak izan ziren Erevanen, eta, ordutik, Paxinianen etorkizuna kolokan dago.

Militarrek ere kanpo politikan «huts larriak» egitea egozten diote lehen ministroari. Duela hilabete, armadako 30 komandantek sinatutako gutun bat helarazi zuen Estatu Nagusiak, eta haiek argi utzi zuten gobernua eta lehen ministroa jada ez direla gai «erabaki zentzudunak hartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.