Karabakh Garaia

Bake ituna sinatu dute Karabakh Garaian

Armeniak bart gauean eman du Errusiarekin eta Azerbaijanekin adostutako akordioaren berri. Laugarren su etena da irailean gerrari berrekin ziotenetik, baina azkena izango dela dirudi.

Hainbat pertsona Azerbaijanen garaipena ospatzen, hango hiriburuan, Bakun. FARID GAJRAMáNOV / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko azaroaren 10a
10:07
Entzun

«Mingarria da, baina, analisi militar sakon bat egin ostean, hau da erabakirik onena». Hala azaldu du Nikol Pashinian Armeniako presidenteak bart hartutako erabakia: bake ituna sinatu du Errusiarekin eta Azerbaijanekin, eta oraingoan behin betikoa izango dela dirudi. Gatazka nola garatzen ari zen ikusita, egoera zaila zen Armeniarentzat; atzo bertan Karabakh Garaiko hiriburua ebakuatu zuten, inguruko erasoen harira. Azerbaijango armadak aurrera jarraitzen zuen, eta zirudienez Armeniakoa ez zen gai bizilagunaren erasoak gelditzeko.

«Ez da garaipen bat, baina ez dago porrotik garaitua sentitzen zaren arte», idatzi du Pashinianek Facebooken. Hainbat armeniarrek, ordea, amorruz hartu dute presidentearen erabakia, eta haren bizilekuaren inguruan bildu dira protesta egiteko, Erevanen. Oposizioko alderdi batzuek ere —kontserbadoreenek— iragarri dute su etena ekiditeko firma bilketa hasiko dutela parlamentuan.

Izan ere, bake ituna ez da doakoa izango Armeniarentzat; egun armeniarrek kontrolatzen dituzten hainbat eskualde Azerbaijani itzuli beharko dizkiote urtea amaitu baino lehen: besteak beste, Aghdam, Gasakh, Kelbajar eta Lachin.

Ilham Aliyev Azebaijango presidenteak, berriz, iragarri du Errusiak 1.960 soldadu bidaliko dituela Karabakh Lachin hiriarekin lotzen duen tartera, Turkiarekin batera, «bakea mantentzeko» lanak egitera. Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere baieztatu du albistea. Aliyevek telebistan hitz egin du: «Oso pozik nago hainbat urtetan Armeniaren eta Azerbaijanen artean izandako gatazka amaitu delako, eta Armeniak Azerbaijanen lurrak okupatzeari utzi diolako»

Errusiarrek ez dute alde egingo

Irailaren amaieran gatazkari berrekin ziotenetik, laugarren su etena da gaur iragarritakoa. Aurreko hirurak jakinarazi eta gutxira hautsi zituzten, eta horretarako bidali dituk Errusiak ia 2.000 soldadu. Soldaduen presentzia, ordea, ez da behin-behineko kontua izango: akordioak dioenez, datozen bost urteetan Errusiak presentzia militarra izango du Karabakh Garaian, eta litekeena da hamar urtera ere luzatzea. Haiek izango dira itunean ezarritako beste hainbat puntu betearazteko arduradunak.

Puntu horietako bat da Karabakh Garaiko Lachinetik Stepanakertera (Azerbaijan) bide berri bat eraikitzea. Gerrako atxilotuak elkarri itzultzea ere adostu dute bi aldeek, baita hildakoen gorpuak eta gainontzeko atxilotuak herriratzea ere. 

Hamarkadak daramatzate Armeniak eta Azerbaijanek Karabakh Garaia bereganatzeko borrokan, eta azken oldarraldia aurtengo irailaren amaieran hasi zen. Ofizialki Azerbaijanen parte da eskualdea, baina gehiengo armeniarra du, eta haiek dominatu dute 1994tik gaur arte. Nazio Batuen Erakundearen arabera, azken oldarraldiak 1.000 hildako baino gehiago eragin ditu, eta milaka herritar euren herria uztera ere behartu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.