Ezustekoa gertatu zen Boliviako lehendakaritzarako hauteskundeetako lehen itzulian, Alderdi Kristau-Demokratako Rodrigo Paz presidentegaiak eta Edman Lara presidenteordegaiak irabazi baitzuten. Orain, egundoko ikusmina dago bigarren itzulirako; urriaren 19an izango da.
Barne gatazka handia dute Sozialismorako Mugimenduan (MAS), batez ere Evo Morales lehendakari ohiaren eta haren Ekonomia ministro izandako Luis Arceren —gaur egungo presidentearen— artean. Liskar horretaz eta herrialdeko krisi ekonomiko larriaz baliatuta, eskuineko alderdiek jakin dute egoerari etekina ateratzen. Herritarrek zigor botoa aukeratu zuten, eta, beraz, historikoki MASen alde egindakoek ez zioten eskuin tradizionalari eman botoa, Pazi baizik, ia inork egin ez zuena egin baitzuen hark: lurraldeak oinez ibili.
Bigarren itzulirako botoen lehian Boliviako politikari oso ezagun bat izango du aurrez aurre, Jorge Quiroga Tuto lehendakari ohia, baina egun hauetan Pazek beste lehiakide bat ere badu botoen borrokan: Lara bera; Lara Kapitaina deitzen diote, polizia ohia da, eta ezagun egin zen Poliziaren barruan ustelkeria kasuak salatzeagatik eta sare sozialetan duen jardunagatik.
Fernando Molina kazetariak egoera aztertu du, eta zer gerta daitekeen azaldu.
Zure ustez, zer gertatuko da bigarren itzulian?
Printzipioz, Rodrigo Pazek eta Edman Larak irabazi beharko lukete, haiek lortu baitute masismoaren botorik ahulena erakartzea; berez, boto horrek Evo Moralesi emango zion garaipena, ehuneko handiak lortuta gainera. Boto hori erdi mailako eta goraxeagoko klaseena da, migranteen bigarren belaunaldiena, landa eremuetakoena. Horri Moralesen botoa gehitzen badiozu —zeinak boto baliogabea eskatu zuen—, eta Andronico Rodriguezena, are alde handiagoz irabazi beharko lukete. Izan ere, posible da hori gertatzea, bi horietako inork ez baitu baztertu haien babesleek Pazi emango diotela botoa.
Evok babesa eman zion Pazi?
Ez, ez zuen zuzenean babestu, baina ez zuen boto baliogabea emateko deia egin, jada lortua baitzuen helburua: Andronico Rodriguez —MASeko senataria— kanporatzea. Nahi dutena egiteko esan die orain boto emaileei, eta are, badirudi Lararen alde dagoela.
MASen alde bozkatu ohi dutenek nori emango diote botoa?
Nire ustez, Larari. Kalkuluak egiten badituzu, berez aski izango lukete: Evoren —boto baliogabeen— %19a, Andronicoren %8a, eta beraiek, Pazek eta Larak, lortutako %32a batuta, eta horri Samuelen —Doria Medina, lehen itzulirako inkesten arabera, eskuineko hautagai faboritoa— hautesle jakin batzuk gehituta, zeinak adierazi baitzuen Paz babestuko zuela. Pazen arazoa barne gatazkak dira: isileko lehia bat dago Pazen eta Lararen artean; izan ere, botoak Lararentzat izan dira, outsider-arentzat, eta jendeak horrelako norbait behar zuen. Gainera, cholo-ak, hau da, herritar mestizoak, identifikatu egiten dira outsider horrekin. Lara polizia da, cholo asko bezala, eta, gainera, erabilitako arropa saltzen du; alegia, merkatu informalean dago, eta, beraz, haien parekoagoa da. Kontrara, Rodrigo Paz Boliviako gizarteko eta politikako eliterik goreneko kidea da, presidente ohi baten semea.
Larak zer lortu nahi du lehia honetan?
Arazoa da Paz hautagaia Arce presidentearekin elkartu zela trantsiziorako; Paz bere aholkulariekin aurkeztu zen, denak neoliberalak, eta Larak esan dio ez diola babesik emango haiekin jarraitzen badu. Pazek adierazi du hori ez dela Lararen kontua; izan ere, Pazek berak, presidentea izango denez, politika ekonomikoaz arduratu behar du, eta horregatik zenbait aholkularirekin bildu da, zeinak betitik ezagutzen baititu eta lagunak baititu; hain zuzen ere, eliteko jendea da, neoliberalak. Horrenbestez, borroka piztu da: Pazek zentro-eskuinekoen gisara gobernatu nahi du, hortik baitator bera, baina Larak ez du nahi Pazek agindu dezan. Larak bere botoak nabarmendu nahi ditu, gehiengoa baitira, eta ukitu populistagoa eman nahi dio guztiari. Ika-mika hori dela eta, ez dago argi azkenean irabaziko ote duten edo ez; horixe da zalantza bakarra. Liskar hori muturreraino eramaten badute eta desordena handiegia sortzen bada, baliteke horrek bigarren itzulian kalte egitea.
«Larak, azken finean, kutsu populistagoa eman nahi dio, baina ez Mileiren eran, Lara ez baita libertarioa, baizik eta antineoliberala»
Larak badu zerbait egiteko aukerarik?
Larak botoak ditu, baina ondo baino hobeto daki legez ezin dela bikotetik irten. Nolanahi ere, borroka okertzen bada, litekeena da jendeak zera esatea: «Ez diot inori emango botoa», eta, hala, boto baliogabeak indartuko dira. Nire iritziz, kontuan hartu dezatela nahi du Larak, Rodrigo Pazek onartu dezala garaipena batik bat hari esker lortu duela, eta berarekin agertzen hasi dadila. Badirudi lortu duela. Pazek esan du lankidetzan aritzea erabaki dutela, baina oraindik dena nahiko lauso dago; izan ere, Larak, azken finean, kutsu populistagoa eman nahi dio, baina ez Mileiren eran, Lara ez baita libertarioa, baizik eta antineoliberala. Hari Bukeleren estiloa gustatzen zaio: zorrotza eta gogorra.
Eta, zure ustez, nola aurkeztuko da Tuto Quiroga? Egoera honetan, nolabait, beste muturrean dagoela erakutsi behar baitu.
Bueno, jada hasia da horretan: MASeko kide izatea leporatzen die. Eta, gero, nahiko gauza kontraesankorra gertatu da: MASen alde bozkatu zutenei botoa berari emateko eskatu die Quirogak. Alegia, batetik, polarizatu egiten du, eta bestetik, zera esan, MASi botoa emateaz damutu zirenek bere alde bozkatu beharko luketela. Nik uste gerra zikina izango dela, kontraste handikoa; izan ere, Quirogak talde itzela dauka, eta kalte handia egin zioten Doria Medinari, eta orain bere mesederako erabiliko ditu Pazen eta Lararen arteko desadostasun horiek. Horixe egin zuen lehen itzulian: Doria Medinaren kanpainako taldeak oso basati jokatu zuen, eta bera, berriz, tipo zentzudun eta zentrista gisa aurkeztu zen; baina hori ez da egia, eskuinekoa baita argi eta garbi. Esango nuke herrialdean zegoen eskuinik muturrekoena zela, munduan eskuin muturraren sukar hau zabaldu arte.