Pazifikoko irlek Japoniari eskatu diote atzeratu dezala ur kutsatua isurtzea

Eskualdeko hamazazpi uhartek esan dute «informazio eta datu gehiago» behar direla Tokiok «udaberri eta uda bitartean» egingo duen operazioaz

Fukushimako zentral nuklearreko biltegietan (Japonia) dago jasota isuri nahi duten kutsaturiko ura. K. MAYAMA / EFE.
ander perez zala
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Kontuan harturik arrantza sektorean kalteak eragin ditzakeela eta Ozeano Barea kutsatzeko arrisku handia dagoela, PIF Pazifikoko Uharteen Foroak kezka helarazi du Japoniak asmoa duelako Fukushimako zentral nuklearreko ur kutsatua itsasora isurtzeko. Adituek diotena oinarri hartuta, nazioarteko erakunde hori osatzen duten hamazazpi irla eta artxipelagoek argudiatu dute «informazio eta datu gehiago beharrezkoak» direla plan horren inguruan, eta, horregatik, Tokiori eskatu zioten, atzo, operazioa atzeratzeko.

PIFeko herrialdeetako asko oraindik borrokan ari dira XX. mendean Ozeano Barean —AEBek eta Frantziak, adibidez— egin zituzten proba nuklearrek eragindako arazoak eta ondorioak konpontzeko, eta, beraz, uste dute Japoniaren planak are gehiago okertuko lukeela egungo egoera. Tokioren operazioak arrantza sektorean izango lukeen eragina da kezka iturri nagusia, irla horietako askoren ekonomiaren oinarri baita.

«Gure eskualdeak jarrera irmoa du: ez da isurketarik izan behar alde guztiek egiaztatzen duten arte hori egitea segurua dela», esan zuen, atzo, PIFeko idazkari nagusi Henry Punak, auzi horretaz egin duten mintegi birtual baten ondoren.

Fukushimako zentraleko ura hondakin erradioaktiboz kutsatua dago, erreaktoreak hozteko eta instalazio nuklearren barruan iragazteko erabili baita; zehazki, edukiontzietan 1,29 milioi metro kubiko inguru daude pilatuta, 2011ko lurrikarak eta tsunamiak hondatutako instalazio atomiko batzuen barruan.

Japoniako Gobernuak iragan ostiralean berretsi zuen, hain zuzen, zentral nuklearreko biltegietan jasotako ur kutsatua Ozeano Barera isuriko zuela. Tokiok ez zuen esan zehazki noiz, baina adierazi zuen aurtengo «udaberri eta uda bitartean» egingo dutela operazio hori; berez, datorren apirilean isurtzea aurreikusi zuten, baina atzeratu egin behar izan dute, itsaspeko tunel bat egiteko lanak moteldu egin direlako. Tunel hori erabiliko dute Fukushimako ura itsasora botatzeko, lurretik kilometro batera.

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundea gainbegiratzen ari da ur kutsatuaren isurketa plana, itsasora isuri aurretik urak dituen elementu erradioaktibo gehienak kentzeko, eta, adierazi duenez, Japoniako Gobernuaren planak nazioarteko estandarrak errespetatzen ditu, eta ez dio «kalterik eragingo ingurumenari».

PIFen bertsioa

PIFek eraturiko lantalde batek, aldiz, beste bertsio bat du. Erakunde horren mintegi birtualean, lantaldeko Ken Buesselerrek azaldu zuen, atzo, Tokiori bere asmoak berriz aztertzeko eskatu diotela: «Erradioaktibitatea mareen eta ur-lasterren bidez mugitzen da ozeanoan, eta bada arrainak kutsatzeko arriskua».

Hortaz, Japoniari erreferentzia eginez PIFeko idazkari nagusiak esan zuenez, «eragotzi egin behar» dituzte «besteek eragindako kutsadura nuklearreko hondamendi larri batera bideratuko edo desbideratuko» dituzten «ekintzak».

Tokioren planak inguruko herrialdeen eta nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeen kezka eta kritikak ere eragin ditu hasiera-hasieratik; Txina eta Hego Korea, esaterako, presio egiten aritu dira operazio horren kontra, baita Greenpeace ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.