Pedro Sanchez lekuko gisa deklaratzera deitu du Begoña Gomez ikertzen ari den epaileak

Espainiako Gobernuko presidentearen emaztea ikerketapean dago, influentzia trafikoa eta ustelkeria egotzita. Sanchezen deklarazioa grabatzeko nahia adierazi du epaileak.

Pedro Sanchez NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen egoitzan adierazpenak egiten, uztailaren 10ean, Washingtonen. MICHAEL REYNOLDS / EFE
Pedro Sanchez NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen egoitzan adierazpenak egiten, uztailaren 10ean, Washingtonen. MICHAEL REYNOLDS / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko uztailaren 22a
14:45
Entzun

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez lekuko gisa deklaratzera deitu du Begoña Gomez —presidentearen emaztea— ikertzen ari den epaileak. Gomez ikerketapean dago, influentzia trafikoa eta ustelkeria egotzita, eta, aurreko ostiralean adierazi ostean ez zuela deklaratuko, Juan Carlos Peinado Madrilgo Instrukzioko 41. epaitegiko magistratuak beste urrats bat egitea erabaki du: Espainiako presidenteari lekuko gisa deklaratzera deitzea. Ebazpenean, Moncloan —Espainiako presidentearen egoitza ofiziala— bilduko direla adierazi du, bihar zortzi, 11:00etan.

Gomezek deklaratzera uko egin zion egun berean sinatutako ohar batean, herri akusazioak —Vox eskuin muturreko alderdia dago— eskatutakoa onartuko duela adierazi zuen: «Egokitzat, baliagarritzat eta bidezkotzat jotzen da ikertuaren senarrari, Pedro Sanchez Castejoni, deklaratzera deitzea». Gaur egin da publiko epaileak aurreko ostiralean sinatutako oharra. Bertan, haren eta Sanchezen arteko elkarrizketa grabatzeko nahia plazaratu du Peinadok.

Espainiako legeek ez dituzte behartzen zuzeneko senideak lekuko gisa deklaratzera; hala ere, erantzuteko eskubidea dute, nahi izanez gero. Gomezen kasuko epaileak, baina, beste arau bat baliatu nahi du Sanchezi deklarazioa hartzeko: epaileek presidentea galdekatu dezakete aurrez aurre eta haren bulegoan haren kargua dela medio ezagutu ez dituen gaien inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.