Espioitza

Pere Aragonesek Pedro Sanchezi esan dio espioitzak negoziazioari kalte egin diola

Independentista katalanen kontrako espioitza kasuak ikertzeko exijitu dio Kataluniako buruak Espainiako presidenteari. ERCk, JxCk, CUPek, Omniumek eta ANCk kereilak jarriko dituzte Katalunian, Frantzian, Suitzan, Belgikan eta Alemanian.

Ordezkari katalanen agerraldia, apirilaren 19an, Europako Parlamentuan. OLIVIER HOSLET / EFE
Josep Casulleras Nualart - Vilaweb
2022ko apirilaren 19a
16:53
Entzun

Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak oharra egin dio Espainiako Gobernuari: espioitza kasuak behar bezala ikertzen ez badituzte, ondorio politikoak izango dira negoziazio mahaian eta aldebiko batzordean. Generalitateak bilera egin du gaur arratsean, eta Espainiako Gobernuari jakinarazi dio ikerketa independente bat egin arte ezin direla normalizatu bi aldeen arteko harremanak: «Beharrezkoa da konfiantza gutxieneko bat».

Ukituta baitago konfiantza hori, atzo ezagutu zenetik 63 politiko, abokatu eta eragile independentista katalan espiatu dituztela 2017tik aurrera. Pegasus eta Candiru programekin espiatu dituzte. Eta tentsioa eragile katalanen artekoa ere bada: gaur negoziazio mahaiari buruzko tentsio hori agerikoa izan da Bruselan, eragile katalanek espioitzaren aurka hartuko dituzten neurriak aurkezteko egin duten prentsaurrekoan. Jakinarazi dute kereilak aurkeztuko dituztela Kataluniako auzitegietan, eta baita Frantzia, Suitza, Belgika eta Alemaniakoetan ere. Espioitzari erantzun judiziala emateko batasuna badute, baina ez batasun politikorik.

«Espioitza etxe honetan gertatu da», ohartarazi du Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak europarlamentuan, astearte eguerdi honetan. Han egin dute agerraldia Junts Per Catalunyako, ERCko, CUPeko, Omniumeko eta ANCko ordezkariek, zelatatu dituztenetako batzuek. «Espioitza Espainiako Estatuaren mugetatik harago erabili da. Hori dela eta, nazioartean erantzungo dugu, gertaera horiek zigorrik gabe gera ez daitezen», erantsi du Oriol Junqueras ERCko lehendakariak. Han izan dira Carles Riera CUPeko diputatua, Xavier Antich Omniumeko presidentea eta Elisenda Paluzie ANCko presidentea ere.

Datozen asteetan aurkeztuko dituzte kereilak, indibidualak zein kolektiboak. NSO enpresari berari, polizia arduradunei, CNI Espainiako zerbitzu sekretuei eta Espainiako Estatuari berari zuzenduko dizkiete. «Independentistak sistematikoki espiatu ditu estatuak bost urtez. Ordezkari politikoak, abokatuak, kazetariak eta herritarrak», esan du Paluziek. «Europako Batasunaren balio demokratikoen aurkako erasoa da: onartezina. Baina ezingo dute inoiz mugimendu baketsu eta demokratiko hau amaitu», erantsi du Antichek.

Puigdemontek, Junquerasek eta Rierak azaldu dute Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari eta Didier Reynders Justizia komisarioari eskari bat aurkeztuko dietela, «urgentziaz» erantzun dezaten, eta presazko eztabaida bat antola dezaten espioitza kasu hauei buruz. Bestalde, duela hilabete batzuk sortu zuten Pegasusi buruzko ikerketa batzorde bat, Hungarian eta Polonian agertutako kasu batzuen harira, eta eskatuko dute batzorde horretan sartzeko Kataluniako kasuak —Catalan Gate deitu diote—. Europako Kontseiluari eta Nazio Batuen Erakundeari ere aurkeztuko diete kasua.

Batasun politikorik gabe

Espainiako Kongresura eta Senatura ere eramango dute auzia, baina horretarako batasun politikorik ez dute agertu: alderdi bakoitzak bere aldetik landuko du. Izan ere, gaurko agerraldian agerian geratu dira ERCk Espainiako Gobernuarekin aldezten duen negoziazioari buruzko desadostasunak. Puigdemontek irmo esan du: «Argi dago gaur ez dagoela negoziaziorik; oinarrizko eskubideak urratu dira».

Junqueras ondoan eserita zeukan Puigdemontek, Kataluniako eta nazioarteko komunikabidez betetako prentsa aretoari begira. ERCko lehendakariak negoziazioa defenditu du: «Zorrotzak izango gara Espainiako Gobernuarekin, azalpenak eman ditzan, honi buruz ezer ez dakiela dioen arren. Baina negoziazioa beste bitarteko bat da, eta goiz edo berandu erabili beharko da. Negoziazioa bitarteko erabilgarria da, eta ez dugu oparituko, ez Espainiako Gobernua konbentzitzeko, baizik eta begira dugun nazioarteko komunitate hau konbentzitzeko».

Junquerasen ondotik, Elisenda Paluziek hitz egin du, ANCren izenean, eta eztabaida horri heldu dio hark ere: «Benetako negoziazio politiko bat gerta dadin, baldintzak behar dira, eta ez dugu uste baldintzak betetzen direnik zelatatzen ari bazaizkizu». Junquerasek ezker-eskuin eserita zeuzkan Paluzie eta Puigdemont, prentsaurrekoan.

Kazetarien galderen txanda iritsi denean, Puigdemont ez da itzuli negoziazioen gai horretara, baina Junquerasek ez ditu erantzun gabe utzi nahi izan Paluzieren esanak. «Alde bat esertzen denean negoziazio mahai batean, eta espioitza egiten diotenean kanpokoen begien aurrean, zeinek biltzen du kapital politikoa? Independentismo katalanak, zalantzarik gabe. Gure eskura dauden tresna guztiak erabili behar ditugu: ikerketa batzordeak, kereilak... Eta, aldi berean, bandera bakar bat ere ezin dugu oparitu inoiz, negoziazioarena adibidez, zeina azkenean ezinbestekoa izango baita».

Aragones, Sanchezi azalpen eske

Eguerdian izan da hori, eta arratsean ERCk jarrera gogortu du, Kataluniako Generalitatearen bileraren osteko agerraldian. «Estatuko gobernuarekin dugun konfiantza oso txikia da. Oso zaila da espiatzen ari zaizunarengan konfiantza izatea. Gaur zalantzan dagoena estatuko gobernuaren konpromisoa da; ez da gure konpromisoa zalantzan dagoena».

Pere Aragones ERCko kide eta Generalitateko presidentea Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari zuzendu zaio agerraldi horretan: «Erantzukizunak hartu ezean, ezin dugu normalizatu harremana estatuarekin. Ezinbestekoa da barne ikerketa independente eta auditatu bat egitea, argitzeko zeinek espiatu duen, zeinen aginduz, eta zeintzuek jakinda». Konfiantza kaltetuta dagoela esan dio Sanchezi, eta mahaia izoztea nahi ez badu bere ardurari erantzuteko.

«Instituzio demokratikoetako ordezkarien kontrako estatu operazio baten aurrean gaude», markatu du, «teknologia honekin orain arte ezagutzen den espioitza kasu handienaren aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.