Pere Aragonesek Sanchezi esan dio espioitzak negoziazioa kaltetu duela

Independentista katalanen kontrako espioitza kasuak ikertzeko exijitu dio Kataluniako buruak Espainiako presidenteari. ERC, JxC, CUP, Omnium eta ANCk kereilak jarriko dituzte Europan

Elisenda Paluzie (ANC), Oriol Junqueras (ERC) eta Carles Puigdemont (JxC), atzo, Europarlamentuan. OLIVIER HOSLET / EFE.
Josep Casulleras Nualart - Mikel P. Ansa
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak oharra egin dio Espainiako Gobernuari: espioitza kasuak behar bezala ikertzen ez badituzte, ondorio politikoak izango dira negoziazio mahaian eta aldebiko batzordean. Generalitateak bilera egin zuen atzo, eta Espainiako Gobernuari jakinarazi zion ikerketa independente bat egin arte ezin direla normalizatu bi aldeen arteko harremanak: «Beharrezkoa da konfiantza gutxieneko bat».

Ukituta baitago konfiantza hori, astelehenean ezagutu zenetik 63 politiko, abokatu eta eragile independentista katalan espiatu dituztela 2017tik aurrera. Pegasus eta Candiru programekin espiatu dituzte. Atzo negoziazio mahaiari buruzko tentsio hori agerikoa izan zen Bruselan, eragile katalanek espioitzaren aurrean hartuko dituzten neurriak aurkezteko egin zuten prentsaurrekoan. Jakinarazi zuten kereilak aurkeztuko dituztela Kataluniako auzitegietan, eta baita Frantzia, Suitza, Belgika eta Alemaniakoetan ere.

«Espioitza etxe honetan gertatu da», ohartarazi zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak Europarlamentuan, atzo. Han egin zuten agerraldia Junts Per Catalunyako, ERCko, CUPeko, Omniumeko eta ANCko ordezkariek, espiatu dituztenetako batzuek. «Espioitza Espainiako Estatuaren mugetatik harago erabili da. Hori dela eta, nazioartean erantzungo dugu, gertaera horiek zigorrik gabe gera ez daitezen», erantsi zuen Oriol Junqueras ERCko lehendakariak. Han izan ziren Carles Riera CUPeko diputatua, Xavier Antich Omniumeko presidentea eta Elisenda Paluzie ANCko presidentea ere.

Datozen asteetan aurkeztuko dituzte kereilak. NSO enpresari —Pegasusen jabea—, polizia buruei, CNI Espainiako zerbitzu sekretuei eta Espainiako Estatuari zuzenduko dizkiete. «Independentistak sistematikoki espiatu ditu estatuak bost urtez. Ordezkari politikoak, abokatuak, kazetariak eta herritarrak», esan zuen Paluziek. «Europako Batasunaren balio demokratikoen aurkako erasoa da: onartezina. Baina ezingo dute inoiz mugimendu baketsu eta demokratiko hau amaitu», erantsi zuen Antichek.

Puigdemontek, Junquerasek eta Rierak azaldu zuten Europako Batzordeari eskatuko diotela «urgentziaz» erantzun dezala, eta presazko eztabaida bat antola dezala espioitza kasu hauei buruz. Bestalde, duela hilabete batzuk sortu zuten Pegasusi buruzko ikerketa batzorde bat, Hungarian eta Polonian agertutako kasu batzuen harira, eta eskatuko dute batzorde horretan sartzeko Kataluniako kasuak —Catalan Gate deitu diote—. Europako Kontseiluari eta Nazio Batuen Erakundeari ere aurkeztuko diete kasua.

Batasun politikorik gabe

Espainiako Kongresura eta Senatura ere eramango dute auzia, baina horretarako batasun politikorik ez dute agertu: alderdi bakoitzak bere aldetik landuko du. Izan ere, atzoko agerraldian agerian geratu ziren ERCk Espainiako Gobernuarekin aldezten duen negoziazioari buruzko desadostasunak. Puigdemontek irmo esan zuen: «Argi dago gaur ez dagoela negoziaziorik; oinarrizko eskubideak urratu dira».

Junqueras ondoan eserita zeukan Puigdemontek, Kataluniako nahiz nazioarteko komunikabidez betetako prentsa aretoari begira. ERCko lehendakariak negoziazioa defenditu zuen: «Zorrotzak izango gara Espainiako Gobernuarekin, azalpenak eman ditzan, honi buruz ezer ez dakiela dioen arren. Negoziazioa bitarteko erabilgarria da, ez Espainiako Gobernua konbentzitzeko, baizik eta begira dugun nazioarteko komunitate hau konbentzitzeko».

Junquerasen ondotik, Paluziek hitz egin zuen, eta eztabaida horri heldu zion hark ere: «Benetako negoziazio politiko bat gerta dadin, baldintzak behar dira, eta ez dugu uste baldintzak betetzen direnik zelatatzen ari zaizkizunean». Kazetarien galderen txanda iritsi zenean, Puigdemont ez zen itzuli negoziazioen gai horretara, baina Junquerasek ez zituen erantzun gabe utzi nahi izan Paluzieren esanak. «Alde bat esertzen denean negoziazio mahai batean, eta espioitza egiten diotenean kanpokoen begien aurrean, zeinek biltzen du kapital politikoa? Independentismo katalanak, zalantzarik gabe. Gure eskura dauden tresna guztiak erabili behar ditugu: ikerketa batzordeak, kereilak... Eta, aldi berean, bandera bakar bat ere ezin dugu oparitu inoiz, negoziazioarena adibidez, zeina azkenean ezinbestekoa izango baita».

Eguerdian izan zen hori, eta arratsean ERCk jarrera gogortu zuen, Kataluniako Gobernuaren bileraren ostean. «Estatuko gobernuarekin konfiantza oso txikia da. Oso zaila da espiatzen ari zaizunarengan konfiantza izatea. Gaur zalantzan dagoena estatuko gobernuaren konpromisoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.