Venceremos alderdiaren hautagaia

Gahela Cari: «Peruko krisia sakona da, eta hauteskundeek ez dute egoera konponduko»

Venceremos alderdiak ordezkatzen ditu «borroka guztiak», eta «korrontearen kontra» egiten du. Cariren esanetan, perutarrek ez diote erreparatu kanpainari.

Gahela Cari. VENCEREMOS
Gahela Cari. VENCEREMOS
Zurine Rodriguez
Lima
2026ko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gahela Cari (Ica, 1992) Venceremos alderdiaren hautagaietako bat da Peruko Kongresurako. Trabestia, feminista, nekazaria eta ezkerrekoa da. Venceremos aliantzak barne hartzen ditu gizarte mugimenduak, nekazariak eta feministak, eta «benetako ezker bakar» gisa aurkezten da, ezker instituzionalaren parean. Carik bere emakume izena aldarrikatzen du, legez oraindik genero identitatea aitortzen ez den herrialde batean.

Peru krisi sistemiko batean murgilduta dago. Zortzi presidente eduki ditu azken hamarkadan. Merezi du hauteskundeetara aurkeztea? Zer konponduko dute?

Krisia sakona da, eta hauteskundeek ez dute berez egoera konponduko. Azken urteotan, pobrezia, indarkeria eta arrazakeria areagotu egin dira, eta, gainera, herrialdea pribatizatzen ari dira. Garai oso kritikoan gaude. Herriaren norabidea bera dago jokoan. Eskuindarrek irabazten badute, are politika autoritarioagoak ezarriko dituzte, eta egoera itogarriagoa izango da, jasanezina.

Hala ere, guk hauteskundeetan emaitza onak lortzeak ez du berehala demokrazia ekarriko. Hori bai, mobilizazioa areagotzeko aukera emango digu, eta, horrela, demokraziarako prozesu bat abiarazteko baldintzak sortuko ditugu. Horregatik merezi du aurkeztea; herriari duintasuna itzuli nahi diogu.

Zeintzuk dira Peruko arazo nagusiak?

Pobrezia egiturazkoa da, konstituzioak berak bide ematen diolako. Gainera, Kongresuak mafia baten moduan funtzionatzen du, eta guztiz normalizatuta  dauzka ustelkeria eta indarkeria. Elite ekonomikoek eta erlijio fundamentalistek dute boterea; haiek ari dira herrialdea pribatizatzen eta estraktibismo basatia sustatzen, gure ibaiak, oihanak eta nekazari komunitateak suntsituz. Aldi berean, familia eredu bakarra inposatzen ari dira, eta bestelako eredu eta identitateak baztertu eta suntsitzen dituzte.

Oraindik indarrean dagoen konstituzioa Alberto Fujimoriren garaikoa da. Nola eragiten dio horrek gobernabideari?

Ezinezkoa egiten du. Kongresua elite ekonomikoen eta lobby fujimoristen bidez kontrolatzen dute, eta, presidenteak haien interesen arabera jarduten ez badu, kargutik kentzen dute hutsaldi izeneko mekanismo parlamentario anbiguoaren bidez; delitu frogaturik behar izan gabe. Horregatik izan dira hainbeste presidente hain denbora gutxian.

Guk konstituzioa aldatu nahi dugu. Batzar konstituziogile herrikoia, plurinazionala eta parekidea osatzea proposatzen dugu. Konstituzio berriak pertsonen eskubideak blindatuko lituzke, baina baita Amazoniarenak, urarenak eta lurrarenak ere.

Konstituzio berri batez gain, zer behar du Peruk?

Nekazaritza erreforma bat, nekazari txikiak babestuko dituena kreditu eta salerosketa zuzenen bitartez. Gainera, beharrezkoa da adinekoentzako erretiro pentsio duinak bermatzea, haurrak sexu abusuetatik babestuko dituen lege sendo bat izatea, eta dibertsitate funtzionala dutenentzako arreta sistema zabaltzea. Era berean, emakumeak zaintza lanetara behartuko ez dituen zaintza sistema publiko bat ere garatu behar da.

Halaber, estatuaren krimenak eta sarraskiak ikertuko dituen batzorde bat sortu behar da, bai eta gorroto krimenak —bereziki LGTBIfobia eta transfobia— pertsegitzeko araudia ere. Gaur egun, estatuak ez du egiten halakorik.

«Badago ezker bat ez diona benetan aurre egiten ultraeskuinari, uste duelako haren etsaiak emakumeak bakarrik direla, eta ez gizarte osoa»

Proposamen progresistak dira horiek guztiak. Baina ezkerra ez da bateratuta aurkeztuko hauteskundeetara. Zergatik ez da posible izan ezkerreko fronte bat osatzea?

Badago ezker bat ez diona benetan aurre egiten ultraeskuinari, uste duelako haren etsaiak emakumeak bakarrik direla, eta ez gizarte osoa. Eliza ebanjelikoa ez du arazo moduan ikusten, eta lasai negoziatzen du harekin. Badago fujimorismoarekin oso eroso dagoen ezker bat. Ez dira konturatzen jarrera hori izanda Trump, Bolsonaro eta Milei hauspotzen dituzten indar berak sendotzen dituztela.

Ia berrogei alderdi lehiatuko dira hauteskundeetan. Nola egiten da kanpaina horrela?

Alderdi horietako asko ultraeskuindarrak dira; beste batzuek eliteen interesak ordezkatzen dituzte, eta bada lobbyen menpeko ezker bat ere. Ondorioz, herria kanpainatik deskonektatuta dago. Guk, ordea, haize kontra gabiltza, eta ilusioa pizten saiatzen gara. Nola? Alderdi baten ordez aliantza bat aurkeztuz, hautagaiak arretaz aukeratuz, eta borroka guztiak ordezkatuz —indigenak, feministak, kooperatibistak, transak, nekazariak eta sindikalistak—. Gainera, 150 teknikarik baino gehiagok herri proposamenak proiektu bideragarri bihurtzen dituzte, eta kalean gaude egunero, arriskuak hartu eta errepresioa pairatu arren.

Zu zeu atxilo hartu zaituzte kanpainan. Gobernua ahots disidenteak eta protestak gogor zapaltzen ari da. Nola dihardu horretan?

Nor zaren, Poliziaren tratua ezberdina da. Umiliazio publikoa da helburua. Jeri presidentearen aurka protestan ari nintzela atxilotu ninduten. Lurrean arrastaka eraman, blusa hautsi, eta iletik tira egin zidaten. Arazo estruktural bat dago Peruko Poliziarekin. Indarkeria matxistaren biktimen salaketak baztertzen dituzte, eta, aldi berean, meatzaritza enpresariak eta estortsioan dihardutenak babestu. Lider sozialak eta LGTBI+ pertsonak ere jipoitzen dituzte. Guk proposatzen dugu egungo Polizia desegitea eta beste egitura bat sortzea.

Gainera, hautagai gisa jasaten ditudan indarkerietako beste bat transfobia da. Eztabaidetan, gainerako hautagaiek maskulinoan tratatzen naute, errotuluetan nire jaiotzako izena jartzen dute, eta ez didate uzten nire proposamen politikoak aurkezten. Are gehiago, nire genitalei buruz ere galdetzen didaten.

Kanpaina honetan oso gutxi hitz egin da nazioarteko politikaz. Zer rol izan behar du Peruk Latinoamerikan eta Ameriketako Estatu Batuei dagokienez?

Ez dugu Ameriketako Estatu Batuen kolonia izan behar, eta aliantzak sortu behar ditugu aurre egiten dieten herri subiranoekin, hala nola Kubarekin, Kolonbiarekin, Mexikorekin eta Venezuelarekin. Peruko eliteak AEBen menpekoak dira. Hala ere, egia da Peruk ez duela ia inolako botere errealik nazioartean, baina, hala eta guztiz ere, AEBek kontuan hartzen dute, harreman politiko eta ekonomiko estuengatik.

Eskualdean, Peru ez da erabakigarria gaur egun, baina erabaki behar du zer izan nahi duen: herrialde subiranoa ala beste potentzien menpeko basailua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA