Mundua

Piñera eskuineko hautagaiak irabazi ditu Txileko hauteskundeak

Horrenbestez, zentro-ezkerreko Kontzertazioa koalizioaren 20 urteko agintealdia amaitu da. Pinocheten dikatura amaitu zenetik eskuineko presidentea izango dute lehen aldiz Txilen.

2010eko urtarrilaren 18a
18:20
Entzun
Sebastian Piñera eskuinaren hautagaiak gaina hartu dio Eduardo Frei ofizialistari eta Txileko presidente izateko hauteskundeak irabazi ditu bigarren itzulian. Horrenbestez, zentro-ezkerreko Kontzertazioa koalizioa jaun eta jabe izan den 20 urteko bolada amaitu da, eta Augustu Pinocheten diktadura amaitu zenetik lehen aldiz eskuina izango da agintean.

Botoen %60,32 zenbatuta zituztela agertu du bart Edmundo Perez Yoma jarduneko Barne ministroak Piñerak irabazi dituela hauteskundeak. Lehen datu horien arabera, botoen %51,87 eskuratu ditu Piñerak eta harekin buruz buru neurtu den zentro-ezkerreko Freik, berriz, %48,38. Zenbaki horietan aldaketa txikiak gerta daitezkeela agertu du Perez Yomak, baina joera eta Piñeraren garaipena bere horretan mantenduko direla.

Azken inkestak botoen %49,1 ematen zizkion Frei ofizialisten ordezkariari eta %50,9 hautagai eskuindarrari. Berdinketa teknikoa, beraz. Duela hilabete inor gutxik uste zuen Freik horrelako babesa lortuko zuenik, aditu askoren iritzian Kontzertazioaren ahultzea bizkar gainean daraman hautagaia delako. 1990ean, Pinochetek boterea galdu zuenean sortutako aliantza politikoa da Kontzertazioa, eta Gobernuan da ordutik. Frei bera ere Txileko presidente izana da sei urtez, 1994tik 2000ra. Ondoren, 2006ra arte, Ricardo Lagosek bete zuen kargua; eta haren ostean, Michelle Bacheletek, gaur errepublikako presidente izateari utziko dionak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.