Erresistentziarako gaitasunagatik dira ezagunak maputxeak. Espainiaren kolonizazioak ez zuen lortu haiei lur guztiak ebastea, eta hainbat titulu aitortu behar izan zizkien zatitutako komunitateei. Argentina eta Txile estatu independente izendatu zituztenean, hango herritartzat hartu zituzten indigenak, historikoki zegokien estatusa gainditu asmoz. Bi ahoko labana zen: batetik, haiek asimilatzeko politikak abiatu zituzten, eta, bestetik, gizarteko erabakigune nagusietatik baztertu zituzten.
Ordutik, indigenak ia etengabe egon dira kalean, euren eskubideen alde protestan. Nagusiki desobedientzia zibila erabili ohi dute —manifestazioak eginez, eraikin publikoak okupatuz, errepideak moztuz edota gatazkaren erdian dauden lurretan kanpalekuak eraikiz—, baina baita sabotajea ere: natur baliabideen ustiapenean diharduten enpresen materiala suntsituz, edota monolaborantzako sailetan suteak eraginda.
«Baliabideen inguruko istiluak, funtsean, maputxe herriaren eta Txileko gizartearen arteko oinarrizko gatazkaren katalizatzailea dira», dio Salvador Millaleo Txileko Unibertsitateko irakasleak maputxeen gatazkari buruz idatzitako artikuluetako batean. «Gobernuak zigorren bidez erantzun dio gatazka horri. Estatuaren Barne Segurtasunerako legea erabilita, komunitate eta erakunde indigenetako kide ugari atxilotu ditu, eta operazio horietan, poliziek maputxeak torturatu izan dituzte».
Azken zenbaketen arabera, urte amaieran hamabost maputxe zeuden espetxean gatazkarekin lotutako arrazoiengatik; gobernuak ez ditu sekula preso politikotzat jo, ezta Michelle Bacheletek ere. 2002az geroztik, gainera, diktadura garaiko Lege Antiterrorista ezartzeko eskatu du Santiagok hainbat kasutan.
Pinocheten erregimen militarrak 1984an sortutako lege berezia da terrorismoaren aurkakoa, gaina hartzen ari zitzaion oposizioa zapaltzeko. Presoei zigorra bikoizten die, eta haien aurkako testigantzak anonimoki ematea ahalbidetzen du. 1980ko hamarkadan ezkerreko militanteen aurka erabili zuten batik bat, oposizioko talde armatuen aitzakian—besteak beste, 1986an Pinocheten aurka egiten saiatu ziren atentatuaren ondotik—.
«Maputxeen kasuan, suteak eragiteagatik erabili izan da terrorismoaren aurkako legea, baita kalte gutxien eragin dutenetan ere», azaldu du Millaleok: «Ohiko zuzenbidearen arabera, jabetza pribatuaren aurkako delitu arruntak lirateke horiek».Maputxeek hainbat gose greba egin dituzte protesta gisa, eta nazioarteko erakundeek ere eskatu izan diote Santiagori hura bertan behera uzteko.
Azken hilabeteotan, lege hori ez erabiltzea hitzeman du Bacheletek, «lege arruntak aski sendoak» direla argudiatuta. Misio Maputxe Jesuitako Luis Garcia-Huidobrok hitz horien beste aldeaz ohartarazi du: «Sendoa baino, aski anbiguoa da lege arrunta, maputxeak frogarik gabe kartzelara bidaltzen jarraitzea ahalbidetzen duelako». Bacheletek ez du adierazi testigantza anonimoak debekatzeko asmorik. «Lurralde gatazka gainditzeko asmorik ez daukan edozein gobernuk ez dauka Terrorismoaren Aurkako Legearen beharrik maputxeak preso edukitzeko. Aurreko gobernu eskuindarrak ere behin bakarrik jo behar izan zuen lege horretara».
Pinocheten legea
2002az geroztik, Terrorismoaren Aurkako Legea maputxeekin erabiltzen aritu da Txileko Gobernua. Diktadurako neurria da, propio oposizioa zapaltzeko sortua; espetxe zigorrak bikoizten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu