PKK-k Turkiako bi polizia hil ditu, Suruçeko erasoarengatik «mendeku hartzeko»

Kurdistango gerrillak poliziei leporatu die Estatu Islamikoari laguntzea.PKK-k bere gain hartutako lehen erasoa izan da 2013ko martxoan su-etena ezarri zuenetik

PKK-k Turkiako bi polizia hil ditu, Suruçeko erasoarengatik «mendeku hartzeko».
mikel rodriguez
2015eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
PKK Kurdistango Langileen Alderdiak 2013ko martxoan su-etena eman zuenetik lehenbiziko aldiz, bere gain hartu du Turkiako Estatuaren aurkako eraso bat. Firat agentziara bidali duen ohar batean adierazi du Ceylanpinar hirian bi polizia hil dituela haien etxean, eta elkar lotutako bi arrazoi eman ditu eraso hori justifikatzeko: astelehenean Suruç hirian ezkerreko ekintzaileen aurka izandako eraso suizidarengatik «mendeku hartzeko» —32 lagun hil zituzten—, eta bi polizia horiek «Estatu Islamikoa taldeari laguntzen» ziotelako. Hala ere, PKK-k Firatera bidalitako oharrean ez du erran duela bi urteko menia ofizialki bukatutzat eman duenik. Gerrilla 1984ean matxinatu zen Turkiaren aurka, eta gaur egun gatazka hori ia erabat nahasi da Sirian eta Iraken EI Estatu Islamikoaren aurka sortu den gerrarekin.

Izzettin Kuçuk Sanliurfa probintziako gobernadoreak jakinarazi du Ceylanpinar hirian bi polizia agertu direla haien etxean hilda, buruan tiro bana zutela. Turkiako hedabideek zabaldu dute Polizietako bat «terrorismoaren aurkako unitatekoa» zela, eta bertzea, berriz, istiluen aurkako taldekoa. Kuçukek erran du ez zeukatela informaziorik baieztatzeko hilketek «terrorismoarekin zerikusia» zutela.

Geroago bidali du PKK-k oharra Firatera. Gerrillaren HPG Herriaren Defentsarako Indarrakadar armatuak sinatu du agiria. HPGek erran dutenez, bi polizien nortasun agiriak eta armak ere atzeman ditu gerrillak. Adierazi du erasoa egin duen komandoariAporen fedayinak deritzola; Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagi historikoaren gerrako izena da Apo, eta fedayin persiar jatorriko solasa da, normalean borrokalari edo gudari errateko erabilia.

PKK-k polizien aurkako ekintza bere gain hartu du, Kurdistanen giroa hagitz bero dagoelarikastelehenean Suruçen izandako eraso suizidaren ondorioz. Kurdistango burujabetzaren aldeko mugimenduko ordezkariek, baita PKK-k ere, argi dute Turkiak zerikusia duela atentatu horrekin. Halaxe adierazi zuen Selahattin Demirtas HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko buruak atentatuaren egunean bertan —Turkiaren menpeko Kurdistango indar politiko nagusia da koalizio hori—, eta hori bera adierazi zuen atzo Cemil Bayik KCK Kurdistango Herrien Konfederazioko presidentekideak. «Argitaratutako informazioak eta agiriek argi erakusten dute AKP EI dela, eta EI AKP dela», adierazi dio Firat agentziari. AKP Justizia eta Garapena Alderdia da, Turkian 2002tik boterean dagoen indar islamista. Bayiken ustez, AKPk EI laguntzen du «Rojavan eta Ipar Kurdistanen gerra bateratu bat egiteko Kurdistan askatzeko mugimenduaren aurka». Rojava-k mendebaldea erran nahi du kurdueraz, eta hala deitzen diote Siriaren barneko Kurdistani; Ipar Kurdistan, berriz, Turkiaren menpekoa da. Bayik presidentekide den erakundeak, KCK-k, Kurdistanen burujabetzaren aldeko taldeak eta eragileak biltzen ditu, PKK barne. Era berean, PKK-ko buruzagitzako kide ere bada Bayik. Firatek haren adierazpenak argitaratu ditu Ceylanpinarren polizien aurkako erasoen berri eman aitzinetik.

Siriako gerrarekin nahasita

PKK-k su-etena eman zuen 2013ko martxoan, Newroz egunean —kurduen besta nazionala da—. Turkiako Gobernuarekin aitzinetik hasitako elkarrizketen ondorio izan zen menia hori, eta gatazka konpontzeko bake prozesu bat abiaraztea zuen helburu. Ocalanek protagonismo berezia izan du hartu eman horietan—1999tik Turkiak preso dauka—. Ordutik, hainbat tiroketa eta tentsio aldi izan dira gerrillarien eta armadaren artean, eta baita hildakoak ere. PKK-k salatu du armadak ez dituela bere operazioak bertan behera utzi, eta aurten hegazkinekin bonbardaketak ere egin ditu. Orain arte, baina, PKK-k ez zuen erasorako ekintzarik bere gain hartu. 2013az geroztik, ordea, bertze osagai bat gehitu zaio gatazkari: Siriako kurduek haien lurraldearen gaineko kontrola hartu zuten, gobernuaren eta matxinoen arteko gerran. Turkia hasieratik kezkatu zen gertakari horrekin, mugaz hegoaldeko kurduak indartzeak iparraldekoengan duen eraginaren beldur baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.