Polizia akademia bati eraso egin, eta 63 pertsona hil dituzte Balutxistanen

Hiru erasotzaile suizida gauez sartu dira eraikinean, eta, Pakistango armadaren aurka borrokatu eta gero, beren burua zartarazi dute. EIk eta talibanen gertuko talde batek hartu dute beren gain erasoa

Polizia akademia bati eraso egin, eta 63 pertsona hil dituzte Balutxistanen.
Adrian Garcia.
2016ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Matxino taldeek kolpe gogorra eman diete segurtasun indarrei Pakistanen. Berriz ere. 2014ko abenduko sarraskia oraindik gogoan dutela —armadako ofizialen seme-alaben eskola bateko 130 haur baino gehiago hil zituzten Peshawarren—, Quettako Polizia akademiaren aurka egin dute hiru erasotzaile suizidak. Eraikinean sartu dira gauerdia baino zertxobait lehenago —02:00ak inguruan Euskal Herrian—, eta lotan zeuden kadeteak sarraskitu dituzte. Segurtasun indarrek bost orduz setiatu dute akademia, erasotzaileek soinean zeramatzaten lehergailuak leherrarazi arte. 700 bat kadete zeuden une horretan akademian, Pakistango hedabideek zabaldu dutenez. 62 kadete eta kapitain bat dira hildakoak. Beste 120 zauritu dituzte.

Hirigunetik hamabost bat kilometrora dago akademia, eta erreskate zerbitzuek zailtasunak izan dituzte zaurituak artatzeko. Armadaren arabera, hildako gehienak bi suizidaren leherketak eragin ditu. Hirugarren erasotzailea tiroz hil dute. Argindarra eten, eta armadako eliteko indarrak sartu dira eraikinean.

Oraindik ez dago argi zein talde dagoen erasoaren atzean, batek baino gehiagok bere egin baitute atentatua. EI Estatu Islamikoak Amaq bere berri agentziaren bidez hartu du erantzukizuna, eta ustezko hiru erasotzaileen irudiak argitaratu ditu. Aurretik ere eginak ditu erasoak EIk Pakistanen, baina ez du ohikoa erantzukizuna horren azkar aitortzea.

Bestalde, Tehrik-e-Taliban Karatxi izeneko taldeak ere bere gain hartu du erasoa, hedabideei zabaldutako mezu batean. Polizia etxeetan hildako kideak mendekatzeko eraso gehiago iragarri ditu. Pakistango talibanen gertuko talde bat litzateke.

Armadako Sher Afgan jeneralak azaldu duenez, ordea, Lashkar-e-Jhangvi talde islamiko sunitako Al-Alimi adarrak egin du erasoa, talde horretako kideen artean atzemandako komunikazioek erakutsiko luketenez. Halere, talde horrek ez du erasoa bere gain hartu oraindik. Atentatua Afganistanen prestatu dutela adierazi du jeneralak.

Balutxistanen hainbat talde armatuk jarduten dute; lurraldearen burujabetasunaren alde borroka egiten dute horietako batzuek. Balutx etniakoen lurraldea da Balutxistan, Asia hego-mendebaldeko eskualde menditsua eta basamortua. Pakistango Balutxistan probintzia, Irango Sistan eta Balutxistan probintziak, eta Afganistango Nimruz, Helmand eta Kandahar probintzietako hegoaldeko eremuak hartzen ditu. Pakistango Gobernuak indar berezia jarri du eskualdean, Islamabadek eta Pekinek milaka milioi euroren azpiegiturak eraikitzea aurreikusi baitute, bi herrialdeak ekonomikoki lotzeko. Balutx talde nazionalistek proiektu erraldoi horien aurka egin dute, herritarrek baliabide naturalen gaineko kontrola galduko dutela argudiatuta.

Protestak

Sariab Errepidean dago akademia, Quettako eremu gatazkatsu batean. Komunitate askoren auzo txiroak daude inguruan, eta segurtasun indarrak talde armatuen helburu izan ohi dira. Aurretik ere jasan dituzte erasoak akademian.

Orain bi urte talibanek Peshawarko sarraskia egin zutenetik herrialdeko talde armatuen aurka gogor egin du armadak, eta eskoletan segurtasun neurriak hartu dituzte. Oro har, indarkeria tasa apaldu egin da, nahiz eta erasoak ez diren eten. Abuztuan,bonba bat leherrarazi zuten Quettako ospitalean, eta 73 pertsona hil zituzten. Martxoan, Lahoren, beste 75 pertsona hil zituzten eraso batean.

Pakistango giro politiko zakarra are gehiago gaiztotu dezake Balutxistango erasoak. Oposizioko buruzagiek herrialdea gerarazi zuten 2014ko protesta jendetsuetan. Egoera ez da baretu, eta hurrengo asteazkenerako protestak iragarriak zituen oposizioak.

Imran Khan izan zen protesta haien bultzatzaileetako bat. «Alderdi politiko guztiek adostu genuenEkintza Nazionalerako Plana. Zergatik ez da orduan egoki bete plan hori?», esan du politikariak Quettara iristean. «Terrorismoaren eta ustelkeriaren arteko lotura eten behar da». Izan ere, lehen ministroaren familia paradisu fiskalen eskandalu baten erdian dago. Nazioartean ere baditu sobera buruhauste gobernuak, Kaxmir dela-eta Indiarekiko tentsioa goritu baita, eta gainerako bizilagunekin ere harremana ez baita ona.

«Hirugarren boterea»

Armadak itzal luzea du politikan, gobernuak kendu eta jarri baititu herrialdeak independentzia eskuratu zuenetik. Eta Sharifen eta militarren arteko harremana ez da ona: 1999an, estatu kolpe baten bidez egotzi zuten boteretik. Balutxistango erasoak eta kale protestek abagune egokia eman diezaiokete armadari. Khanek berak iradoki du: «Gobernuaren erantzukizuna izango da hirugarren botereak erreakzionatzen badu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.