Kataluniako erreferenduma

Polizia eta guardia zibil gehiago, mossoei laguntzeko

Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak Generalitateari jakinarazi dio polizia eta guardia zibil gehiago bidali dituztela Kataluniara, "mossoei ordena mantentzen laguntzeko".

Guardia Zibilaren zinta pusketa bat, Kataluniara joan ez daitezen eskatzeko. MARTA PEREZ, EFE
jon ordonez garmendia
2017ko irailaren 22a
10:30
Entzun

Espainiako Barne ministroak igorritako gutunean gogorarazi die mossoei euren betebeharra dela kalean ordena mantentzea, eta azpimarratu diete hala egin behar dutela erreferenduma mantentzen bada. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak irailaren 8an atera zuen agindua gogorarazi die Zoidok, Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Kataluniako mossoei agintzen diena erreferenduma egin ez dadin egin beharrekoak egin behar dituztela.

Albiste agentziek azken asteetan jakinarazi dute 13.000 polizia eta guardia zibil bildu dituela Katalunian. Espainiatik eta Euskal Herritik eraman dituzte, eta batzuk hala eskatuta joan dira. Egun hauetan hainbat errepideetan ikusi ahal izan dira Espainiaren segurtasun indar horien ibilgailuak errepidean Kataluniarantz joaten.

Hotel batzuek logelak ukatu dizkiete

Espainia, ordea, arazoak izaten ari da horiei ostatu emateko. Nacio Digital atariak jakinarazi du Barne Ministeriotik hainbat bidaia agentziarekin jarri direla harremanetan gaurtik urriaren 5era arte "hainbat funtzionariorentzat" logelak eskatzeko. Besteak beste, Cardonako Paradorea hartu omen du Barne Ministerioak; 106 lagunentzako tokia du. Beste kasu batzuetan, ordea, zenbait hotelek uko egin diote eskaerari, eta, beteta daudela argudiatuta, ez dituzte hartuko polizia eta guardia zibilak.

Hiru itsasontzi ere alokatu ditu Espainiak. Bartzelonako eta Tarragonako portuetan daude, horietako bati Palamoseko portuan sartzea ukatu ostean. Portuko langile eta zamaketariek, baina, ez dituztela hornituko jakinarazi dute, "ez direlako ongi-etorriak". Itsasontzi horietako batek gainera Warner Bross etxearen marrazki bizidunekin apainduta daude, barrutik eta kanpotik, eta horrek txantxa andana eragin du sare sozialetan.

El Mundo Espainiako egunkariak atzo jakinarazi zuen Espainiako Gobernua aztertzen ari zela mossoen agintea hartzea. Izan ere, herenegun atxiloketak gertatu zirenean, mossoei ezer ez egitea leporatzen diete, besteak beste, Ranblatan hainbat lagun Guardia Zibilaren auto batera igo zirenean. Auto horiek pegatinaz eta ikur independentistez estalita garabi batean eraman behar izan zituzten atzo.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.