Osloko erasoa ikusgarriagoa izan bazen ere, Utoya uhartekoa izan zen atzo Norvegian izan ziren bi erasoen artean larriena. Dagoeneko Poliziak baieztatu duenez, 85 dira gutxienez tiroketan hildakoak, eta ehunera ere irits daitezke. TV2 kateko iturrien arabera, hogeitik gora haur galduta daude oraindik Utoya uhartean.
Norvegiako lehen ministro Jens Stoltenbergek telebistan egindako agerraldi batean esan du Bigarren Mundu Gerraz geroztik izan den tragediarik okerrena dela; "Nire gaztetako paradisuaren aurkako eraso bat izan da, orain infernu bilakatu dena". Atentatuak jazo aurretik irlara bisitan joateko asmoa zuen gaur Stoltenbergek, berak ere gaztetan parte hartu baitzuen bertan egiten diren kanpaldietan.
Osloko bonba-autoa ere Gobernuaren egoitzaren aurkakoa izan zen. Zazpi pertsona hil dira.
Eskuin muturrarekin lotutako erasoa
Lehen albisteen arabera, eskuin muturrarekin izan dezakete zer ikusia erasoak. Izan ere Poliziak atzo 32 urteko gizon bat atxilotu zuen, eskuin muturrarekin lotura duena.
Justizia ministroak Stoltenbergekin batera telebistan egindako agerraldian, Poliziak zabaldutako informazioa baieztatu du. Informazio honen arabera atxilotuak Islamaren aurkako iritziak ditu eta kristau fundamentalismotik gertu dago. Poliziak bere etxean egindako miaketan interneten zintzilikatutako eskuin muturreko hainbat mezu aurkitu ditu.
Norvegiako hedabideek Anders Behring Breivik gisa identifikatu dute atxilotua. Ustez berak bakarrik egin zuen sarraskia baina Poliziak ez du baztertu laguntza eduki zuela dioen hipotesia.
Lekukoek azaldu dutenez ustezko erasotzailea Polizia uniformez jantzita sartu zen kanpalekura; segurtasuna gainbegiratzera zihoala esan zuen.