Frantzia

Poliziak hildako gaztearentzat «justizia» eskatu dute ehunka lagunek Nanterren

Nanterreko Fiskaltzak ondorioztatu du ez zirela «legezko baldintzak» bete gertakari horretan arma erabiltzeko eta 17 urteko gazteari tiro egiteko. Polizia agentea behin-behineko espetxealdian jarri dute, nahita egindako homizidioa egotzita. Atzoz geroztik, gutxienez 180 lagun atxilotu dituzte protestekin lotuta.

Ehunka lagun bildu dira gaur Parisen, Poliziak hildako 17 urteko gaztearentzat justizia eske. YOAN VALAT / EFE
Mikel O. Iribar - Isabel Jaurena
2023ko ekainaren 29a
09:16
Entzun

Parisko aldirietako Nanterre hirian auto bat gidatzen ari zen 17 urteko gazte bat tiroz hil zuen herenegun Frantziako Poliziako agente batek. Bada, Nanterreko Fiskaltzak gaur ondorioztatu du ez zirela «legezko baldintzak» bete gertakari horretan arma erabiltzeko, eta, beraz, hura kartzelatzea eskatu du. Handik gutxira, behin-behineko espetxealdian jarri dute, nahita egindako homizidioa egotzita. Agenteak, ordea, epaileei azaldu dienez, «ibilgailuaren ihesaldia ekiditea nahi» zuen. Horren harira, adierazi du arma atera eta zuzenean gazteari apuntatu ziola, berriro autoa abiaraz ez zezan, baina gazteak ez ziola jaramonik egin. Une horretan egin zion tiro.. Hilketak haserrea eragin du Frantzian, eta 6.000 bat lagunek —Poliziaren arabera— manifestazioa egin dute, haren amak deituta. Gaztearentzat «justizia» eskatu dute.

Nahelen hilketa salatzeko, haren amak martxa zuri batera deitu du, eta herritarren erantzuna handia izan da; jende oldea atera da kalera. Ehunka manifestarik Nanterreko karrikak zeharkatu dituzte Naheli omenaldia egiteko, martxa zuri batean. Hasi baino lehentxeago, Nahelen amak, Mouniak, elkarrizketa bat eman dio Blast hedabideari, eta semea «mutil adeitsua eta atsegina» zela gogorarazi du. «Hil zuten goiz hartan, etxetik irten baino lehen esan zidan: ‘Ama, maite zaitut’. Segidan, lanera joan nintzen, eta, zoritxarrez, ordubete geroago, nire semeari tiro egin ziotela jakinarazi zidaten telefonoz». Haren esanetan, «bizia kendu» zioten, «bihotza». Semearen falta sumatzen duela esan du. «Oso mingarria da». Manifestazioaren ondoren, liskarrak egon dira estatuko indarren eta protestarien artean. Frantziako hedabideen arabera, agenteek negar gasa jaurti diete herritarrei.

Fiskalaren arabera, poliziak jaurtitako balak Nahel gaztearen besoa eta bularraldea zeharkatu zituen. Autoan metro batzuk egin bazituen ere, bidetik atera eta seinale bat jo zuen. Gobernuak berak zalantzan jarri du agentearen jokaera, eta, Ministerio Publikoaren iritziz, gehiegikeria gertatu zela egiaztatu dute, fiskaltzaren esku dauden bideoak aztertu ondotik. Agentea gaur goizean eraman dute bi epaile instruktorerengana, eta haiek erabaki behar dute erruduntzat jotzen duten. Ondoren, beste epaile batek erabakiko du kartzelara bidaltzen duen ala aske uzten duen, kontrol judizialeko neurriekin.

Gaztearentzat «justizia» eskatzeko, haren amak manifestaziora deitu du gaur, eta herritarren erantzuna berehalakoa izan da; jende oldea atera da kalera. Ehunka manifestarik Nanterreko karrikak zeharkatu dituzte Naheli omenaldia egiteko, martxa zuri batean. Hasi baino lehentxeago, Nahelen amak, Mouniak, elkarrizketa bat eskaini dio Blast hedabideari, eta haren semea «mutil adeitsua eta atsegina» zela gogorarazi du. «Hil zuten goiz hartan, etxetik irten baino lehen, esan zidan: ‘Ama, maite zaitut’. Segidan lanera joan nintzen, eta, zoritxarrez, ordubete geroago, nire semeari tiro egin ziotela jakinarazi zidaten telefonoz». Haren esanetan, «bizia kendu» zioten, «bihotza». Semearen falta sumatzen duela esan du. «Oso mingarria da».

Gertatutakoak istiluak eragin zituen atzo Nanterren eta Parisko aldirietako bertze hiri batzuetan. Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak Twitter bidez jakinarazi duenez, gaur goizaldean ere jarraitu dute protestek, eta gutxienez 180 lagun atxilotu dituzte guztira. «Istiluei ausardiaz aurre egiten dieten poliziak eta suhiltzaileak babesten ditut. Lotsa izan beharko lukete lasaitasuna hautatu ez duten horiek», adierazi du.

Suziriak erabili dituzte, gehienbat, protestetan. Frantzia iparraldean, adibidez, autobusak, tranbiak edo supermerkatuak erre dituzte; Paristik hurbil dagoen Neuilly-sur-Marne herrian, berriz, poliziaren zazpi auto. Okzitaniako Tolosa, Niza eta Lyon hirietan ere protestak egon dira, eta Fresneseko kartzelan sartzen ahalegindu dira.

Bigarren gaua da gertatutakoak istiluak eragiten dituena; lehenbizikoan 31 lagun atxilotu zituzten, eta 40 auto baino gehiago erre zituzten protesta egin zutenek, baita obretako makinak ere. Lehenbiziko istilu gau haren ostean, Emmanuel Macron presidenteak hildakoaren familiari babesa eskaini zion, eta, era berean, lasaitasunera deitu zituen herritarrak. Hain zuzen, azken orduetan egon diren istiluak «justifikaezinak» direla esan du. Bada, egoera kontrolatze aldera, gobernuak 40.000 polizia inguru mobilizatu ditu Frantzia osoan; horietatik 4.000 inguru, Parisen bertan. Hori bai, ministroek baztertu egin dute larrialdi egoera ezartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.