Poloniako Gobernuak iragarri du ez dituela arma gehiago bidaliko Ukrainara

Morawieckiren arabera, armada indartzeko hartu dute erabakia. Ukrainako zerealak inportatzeko debekuaren harira, hoztu egin da bi herrialdeen arteko harremana

Poloniako armadako bi militar Ukrainako mugatik gertu, Przewodow udalerrian, iazko azaroan. WOJTEK JARGILO / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Poloniak ez dizkio Ukrainari arma gehiago bidaliko, Poloniako lehen ministro Mateusz Morawieckik atzo iragarri zuenez. Halere, ondoren argitu zuen aurretik adostutako armamentu guztia bidaliko dutela. Haren arabera, herrialdeko armada indartzea eta «modernizatzea» lehenetsiko dute orain, eta horregatik hartu dute erabaki hori. Edonola ere, azken egunotan Ukrainako zerealen inportazioen harira izandako talken ondoren eman zuen horren berri, eta baliteke zerikusia izatea bi estatuen artean areagotu den tentsioarekin.

Joan den maiatzetik, Ukrainako zerealak inportatzea debekatuta egon da Europa ekialdeko zenbait herrialdetan; zehazki, Bulgarian, Errumanian, Eslovakian, Hungarian eta Polonian. Horien arabera, tokiko merkatuak «aldrebesten» zituzten Ukrainako zerealen prezioek, eta, batez ere, kalte egiten zieten hango nekazariei. Horregatik adostu zuten bost estatuek debekua EB Europako Batasunarekin, baina iragan ostiralean iraungi zen, eta ez luzatzea erabaki zuen EBk, iritzita zerealen prezioek jada ez zietela kalterik egiten herrialde horietako merkatuei.

Eslovakiak, Hungariak eta Poloniak, ordea, berehala adierazi zuten ez zeudela ados, eta iragarri zuten urte amaierara arte eutsiko diotela debekuari. Kievek berehala erantzun zion erabakiari. Hiru estatu horien aurkako salaketa aurkeztu zuen MME Munduko Merkataritza Erakundean.

Egun gutxira, asteartean, beste pauso bat eman zuen Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian; batzar hori igandera arte egingo da, New Yorken. Eslovakiari, Hungariari eta Poloniari mintzatu zitzaien, eta zera esan zien: «Kezkagarria da ikustea gure Europako lagun batzuek elkartasunez jokatzen dutela maila politikoan baina thriller bat egiten dutela zerealaren kontuarekin. Irudi dezake beren antzerki propioaren jabe direla, baina, egiaz, antzezlekua prestatzen ari dira Moskurentzat».

Hitz horiek Poloniako lehen ministroaren haserrea hauspotu zuten: «Gatazka areagotu nahi badute, beste produktu batzuk gehituko dizkiogu inportazioen debekuari. Ukrainako agintariek ez dute ulertzen zerealen inportazioaren ondorioz zenbateraino ezegonkortu den Poloniako nekazaritzaren sektorea. Poloniako nekazariak babesten ari gara orain».

Horixe argudiatuta aurkeztu zuen Poloniak Ukrainako zerealen inportazioaren debekua luzatzeko asmoa. Baina haiek ez dira Morawiecki buru duen gobernuak babestu nahi dituen bakarrak. Urriaren 15ean egingo dituzte parlamenturako bozak han, eta nekazariak dira orain agintean dagoen alderdiaren —Legea eta Justizia eskuindarra— boto emaile asko.

Bi bide konponbiderako

2022ko otsailean gerra hasi zenetik, Ukrainaren aliatu handienetako bat izan da Polonia. Ekipamendu militarrarekin hornitzeaz gain, urte eta erdian milioi bat errefuxiatu ingururi aitortu die asiloa. «Lehenak izan ginen Ukrainari laguntza eskaintzen, eta horregatik espero dugu orain haiek gure interesak zein diren ulertzea», esan zuen atzo Morawieckik. Bataren eta bestearen azken ekintzek, ordea, kolokan jarri dute harremana. Eta Poloniako Atzerri Ministerioaren esanetan, MMEn salaketa aurkeztea ez da bi herrialdeen arteko desadostasunak konpontzeko «metodo egokia».

Gaur-gaurkoz, Poloniak nahiago du afera eztabaidaren bidetik konpondu. Atzo AFP berri agentziak jakinarazi zuenez, auziaren inguruan hitz egin zuten bi estatuetako Nekazaritza ministroek. «Argi utzi diot [Ukrainako Nekazaritza ministroari] MMEn Poloniaren aurka aurkeztutako salaketak kalte besterik ez diola egingo gure harremanari. Salaketa hori bertan behera utzi behar dute, berehala», esan zuen Poloniako Nekazaritza ministro Robert Telusek. Datozen egunetan eztabaidekin jarraituko dute.

Bien bitartean, EBk berretsi zuen atzo erakundearen «babes osoa» duela Ukrainak, eta hala izaten jarraituko duela «baita militarki ere». Zerealen inportazioen debekuaren inguruan, Europako Batzordeak abisua eman zien Eslovakiari, Hungariari eta Poloniari. Ohartarazi zien posible dela klubak hiru estatuen aurkako arau hauste prozedurak abian jartzea.

Edonola ere, baliteke Eslovakia salbu egotea delako zigor horretatik, zerealen inportazioen debekua desblokeatzeko akordio batera iritsi baitziren atzo hango eta Ukrainako Nekazaritza ministroak. Trukean, Kievek MMEn bere aurka jarritako salaketa kendu dezala eskatu du Bratislavak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.