Portugal, salbuespenaren amaiera

Krabelinen Iraultzak 50 urte bete ditu, Chega eskuin muturreko alderdia inoizko indartsuen dagoen honetan. Eskuineko gobernuak gehiengo osorik gabe hasi du legealdia, eta ultraeskuinaren kontrako babes hesia arriskuan dago.

Andre Ventura Chegaren buruzagia, parlamenturako bozen emaitzak aztertzeko agerraldia egitear zela, iragan martxoaren 10ean, Lisboan. MIGUEL A. LOPES / EFE
Andre Ventura Chegaren buruzagia, parlamenturako bozen emaitzak aztertzeko agerraldia egitear zela, martxoaren 10ean, Lisboan. MIGUEL A. LOPES / EFE
ander perez zala
2024ko apirilaren 25a
05:00
Entzun

Krabelinen Iraultzak mende erdi bete duen honetan, itzal bat Portugal zeharkatzen ari da: amaitu da salbuespena, eta eskuin muturra, herrialde horretan ere, indartsua da. Inoiz ez bezala diktadura (1933-1974) amaitu zenetik.

Joan den hilabeteko parlamenturako hauteskundeek utzitako agertokiak kezka eragin du herrialdean. Chega alderdiak aurreko legealdian zituen ordezkariak halako lau ditu orain —hamabi zituen—, eta egun hirugarren indarra da Asanblean, 50 eserlekurekin. Noiz eta diktadura amaiarazi zuen iraultzaren urteurrena baino hilabete eskas lehenago.

«Kolpe handia izan da, eta batez ere herritarrak, ezkertiarrak eta progresistak direnak, oso harrituta daude. Krabelinen Iraultzaren 50 urteak dira, eta 50 neofaxista daude parlamentuan; diputatu bat urte bakoitzeko. Chegak ez du ezkutatzen neofaxista dela, eta antikomunista, ultraliberala eta arrazista da», esan du Raquel Varela historialari, Lisboako Nova Unibertsitateko irakasle eta iraultza horretan adituak.

Chegak ustelkeriaren —Antonio Costak ikerketa batengatik eman zuen dimisioa, iragan azaroan— eta ijitoen kontrako mezuak helarazita lortu du arrakasta, horiek baitira, ultraeskuineko alderdi horren iritziz, Portugalen egoera «txarra» azaltzen duten «arrazoiak», Varelak azaldu duenez. «[Donald] Trumpen antzeko mezuak bidaltzen ditu, gainera: laburrak, iraingarriak…».

«Eskuina, eskuin muturra eta neofaxismoa berriz antolatu dira mugimendu sindikal eta sozialen aurka».

RAQUEL VARELAHistorialaria eta Lisboako Nova Unibertsitateko irakaslea

Ikerketa politiko gutxi egin dira eskuin muturraren oinarri sozialaren inguruan. Horren osaketaz, Varelak ohartarazi du bere azalpena «interpretazio bat» dela, hain justu, ikerketa eskasiagatik. Uste du boto emaileak bi tokitatik erakarri dituela Chegak: batetik, PDS Portugalgo Alderdi Sozialdemokratatik eta PDC Alderdi Demokrata Kristautik —bigarrena txikiagoa da—; eta, bestetik, oraindik erabat identifikatuta ez dagoen sektore batetik. «Bada boto bat protestarekin zerikusia duena. Protesta boto bat. Nire ustez, Portugalen ez dagoelako ezker antisistemarik, antikapitalistarik, libertariorik, masa influentzia izateko gai denik».

Hau da, hipotesi horren arabera, bada herritar multzo bat Krabelinen Iraultza egin zenetik boterean txandakatzen ari diren alderdiei —PDSri eta PS Alderdi Sozialistari— herrialdearen «dekadentzia soziala» leporatzen diena. «Horretan ados nago, baina antolaketarik ezaren eta infantilismo politikoaren adierazle bat da pentsatzea buruzagi karismatiko eta neofaxista batek konponduko dituela bi alderdi horiek sorturiko arazoak», ohartarazi du Varelak.

Hizpidera ekarri du abstentzioa ere: hamabost puntu apaldu zen joan den martxoko parlamenturako hauteskundeetan, eta baliteke hori izatea alderdi ultraeskuindarraren goraldiaren arrazoietako bat, botoa eman izan ez duten milaka herritar erakarri izana.

Hori guztia, herritarrei dagokionez. Zeren eta bada sakoneko beste arrazoi bat Chegaren arrakasta eta indarra azaltzen dituena, eta Krabelinen Iraultzaren izpirituarekin eta ideiekin zerikusia duena. «2020tik aurrera, burgesia zatitu egin da estatuko aparatuaren dirua lortzeko. Eta 2020tik aurrera, halaber, gehiago borrokatzen den mugimendu sindikal bat dago, eta burgesia horren beldur da, ezin duelako langileria kontrolatu. Eskuina, eskuin muturra eta neofaxismoa berriz antolatu dira mugimendu sindikal eta sozialen aurka».

PSren «borroka arriskutsua»

Chegaren gorakadan Andre Ventura alderdiko buruzagiaren ezaugarriek eragina izan ote duten galdetuta, Varelak beste ideia batera eraman du elkarrizketa: PSren «borroka arriskutsua» deitu duen horretara.

«Bere aurkaria garaitzeko, hau da, PSDri irabazteko, PSk zera egin du: hedabideetan indarra eman dio Venturari, PSD zatitzen laguntzen duelako. Chegak diputatu bakarra zuenean [2019ko hauteskundeetan lortutakoa], askoz ere toki handiagoa zuen hedabideetan alderdi komunistak baino, nahiz eta komunistek zazpi eserleku izan. Venturaren sorkuntza mediatikoa egon da tartean», azaldu du historialariak.

Eta, azkenean, PSk gehiengo osoa galdu zuen iragan hilabeteko bozetan, eta, egun, Portugalgo lehen ministroa PSDkoa da: Luis Montenegro. Hori bai, haren alderdiak eta koaliziokideek ez dute gehiengo osorik parlamentuan, eta, gobernabidea bermatzeko, oposizioko alderdien sostengua beharko dute.

Horrekin lotuta, alderdi eskuindarrean bada «borroka bat», etorkizunera begirakoa: «oinarri sozialdemokrata, liberal eta tradizionalagoari» bere hartan eutsi ala «joera ultrakontserbadore baterantz» mugitu. Eta sektore horietan bigarrena gailentzen ari da barne eztabaida horretan, Varelaren arabera.

Eskuin muturraren kontrako babes hesia, beraz, kolokan dago Portugalen. «Eta itxura denez, PSD gehiago hurbilduko da Chegarengana; eta ez alderantziz. Joera hori da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.