Anibal Cavaco Silva PSD Alderdi Sozialdemokratako hautagai kontserbadoreak ez du Portugalgo gobernu sozialistaren aurka egingo, presidentetzarako bozak irabazi arren. Orain arte ere presidente izandakoak beste bost urtez jarraituko du karguan, eta gobernuarekin «elkarlanean» aritzeko prest dagoela adierazi du.
Inoizko parte-hartzerik txikiena izan da hauteskundeetan: botoa ematera deitutako 9,6 milioi lagunetatik %53,3k bakarrik eman zuten.
Ozta-ozta bada ere, Cavacok eskuratu ditu botoen erdia baino gehiago; %52,9, hain zuzen ere. Horrek esan nahi du ez dela bozetako bigarren itzulirik izango. Manuel Alegre PS Alderdi Sozialistako hautagaia zen Cavacoren aurkari nagusia; botoen %19,7 baino ez ditu lortu.
Presidentearen zeregin nagusiak legeak berrestea eta, muturreko kasuetan, gobernurako hauteskundeak antolatzea da. Oraintxe PS alderdia dago gobernuan, eta alderdi horretako kideek beldurra adierazi izan dute, Cavacok ez ote duen hauteskundeetarako deia egingo Jose Socrates lehen ministroa kargutik kentzearren.
Presidenteak, ordea, adierazi du ez duela horretarako asmorik. Bere lehentasunen artean daude kanpo zorra kontrolatzea, Portugalgo ekonomia indartzea eta langabezia murriztea.
Socratesek ere bere «leialtasuna» eskaini dio Cavacori. Bi alderdietako ordezkariek atzo esan zuten Cavacoren garaipenak ez zuela Portugalen egonkortasun politikoa arriskuan jarriko.
Inkestak PSDren alde
Socratesen ustez, Cavacoren garaipenak ez du esan nahi gobernu sozialistarentzako porrota, «eremu instituzional desberdinak» direlako presidentetza eta legebiltzarra.
Inkestek kontrakoa diote, ordea: Portugalgo hedabideek atzo egindako galdeketaren arabera, gobernurako hauteskundeak orain balira, PSD irtengo litzateke garaile, bozen %37,4 eskuratuta. Sozialistek, berriz, %30,3 baino ez lituzkete lortuko.
Portugalgo Gobernuarekin «elkarlanean» arituko dela esan du Cavacok
Inoizko parte-hartzerik txikiena izan da hauteskundeetan; soilik herritarren %53,3k eman dute botoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu