Galiziako Parlamenturako bozak

PPGk gehiengo osoari eutsi dio, eta ezkerraren itxaropena zapuztu du

Galiziako Alderdi Popularrak 40 eserleku lortu ditu, eta bakarrik gobernatuko du bosgarren aldiz jarraian. BNGk PSdeG irentsi du, eta bere inoizko emaitzarik onena izan du: 25 aulki.

(ID_13620476) ESPAÑA ELECCIONES GALICIA
Alfonso Rueda PPGren Xuntarako presidentegaia, igande gauean, garaipena ospatzen, alderdiko idazkari nagusi Paula Pradorekin batera, Santiagon. LAVANDEIRA JR / EFE
ander perez zala
Berriemaile berezia - Santiago
2024ko otsailaren 18a
20:05
Entzun

Eta, azkenean, betikoa: PPG Galiziako Alderdi Popularraren nagusitasuna. Ustez, azken hamabost urteetako parlamenturako hauteskunderik irekienak zirenak; praktikan, ez dira hala izan. Bi asteok ilusio bat izan dira, bai Galiziako ezkerrarentzat, bai eskuinarentzat, baten itxaropenak bestearen beldurra eragin baitzuen. Baina ezertarako ez, finean. PPGk bosgarren gehiengo osoa lortu du jarraian, 1989tik honako bederatzigarrena. Eta ia higadurarik gabe. Bultzada bat da Alfonso Ruedarentzat, Galiziako Xuntarako hurrengo presidentearentzat, orain arte ez zuen zilegitasun politikoa lortu baitu. Denak berdin segituko du Galiziako boterean.

Kanpainan galdu zuen nagusitasun irudia hauteskunde gauean bertan berreskuratu du PPGk. Horri, gainera, erresistentziarako gaitasuna gehitu dio, asteotan bai baitzirudien, betiere politikaren ikuspuntutik esanda, amildegiaren ertzean zegoela. Bozen emaitzek ez diote hori: eskuindarrek 40 diputatu izango dituzte datorren legegintzaldian Galiziako Parlamentuan. 2020an baino bi gutxiago dira, baina aulkien gehiengo osoari arazorik gabe eutsi diote.

Hori guztia egin dute nahiz eta Rueda lehen aldiz aurkeztu den, eta nahiz eta PPGri uste baino gehiago korapilatu zaion kanpaina. «Apaltasun osoz uste dut gaurko emaitza argia dela: PPk irabazi ditu hauteskundeak, zalantzarik gabe», adierazi du Galiziako Xuntako hurrengo presidenteak, emaitzen berri izan osteko agerraldian.

PPGk, bozetan gailentzeaz gainera, kolpe bat eman dio ezkerreko oposizioari: handia, ezinbestean. Errealitatea zein den erakutsi dio; behintzat, Galiziako Parlamenturako hauteskundeen kasuan. Aurten bazirudien baietz, BNG Bloke Nazionalista Galiziarra eta PSdeG Galiziako Alderdi Sozialista gai izango zirela bigarrenez Xuntara iristeko —2005ean bezala—, baina, azkenean, uste horrek, sentsazio horrek, bi alderdiek kanpainan sorturikoak, ez du ezertarako balio izan. Ez dute egiazko aukerarik izan. BNGren leloa Agora! (Orain) zen; ez da orain izan.

Galiziako ezkerreko alderdi subiranistak bere inoizko emaitzarik hoberenak izan ditu. Ana Ponton BNGren Xuntarako presidentegaia hautagai sendoa izan da —hirugarrenez aurkeztu da—, eta anbizio handiko kanpaina egin du; horrek balio izan dio 25 diputatu lortzeko, indar politiko horren errekorra. Baina arazoa izan da sei aulkiko gorakada hori ia osorik PSdeGren kalterako izan dela, eta ez PPGrenerako; sozialistek bederatzi eserleku lortu dituzte, duela lau urte baino bost gutxiago, eta, beraz, beren historiako emaitzarik txarrena izan dute.

Aldaketa bakarra, hortaz, ezkerreko bloke barnean jasan dute, BNGk indartu egin baitu bere posizioa eremu horretan. Eta, batez ere, oposizioko alderdi nagusi gisara. Ez plastikozko bolatxoen aferak, ez osasun publikoko zerbitzu hobeagoen aldeko manifestazioek, ez PP Alderdi Popularrak Kataluniako buruzagi independentisten amnistiaz esandakoez eta proposaturikoez, ezta PPGren mehatxuek eta gezurrek ere; ezerk ez du eragin, azkenean, ezkerreko alderdi subiranistak nahi zuen olatu elektorala.

Hauteskundeetako emaitzak, botoen %100 zenbatuta:

Datuek hori berresten dute: ezkerrak, elkartuta, 33 diputatu izan ditu azken legegintzaldian Galiziako Parlamentuan, eta gaur 34 lortu ditu. Aulki bakarrekoa izan da gorakada. Sumarrek (botoen %1,9) eta Podemosek (%0,26), gainera, ez dute ordezkaritzarik lortu.

BNG, «alternatibaren erreferente eztabaidaezina»

Eta horren guztiaren erakusle, Ponton oso serio agertu dela hedabideen aurrean. Aitortu du BNGren emaitzak, bere inoizko hoberenak izan diren arren, ez direla «nahikoa» izan, ez baitute lortu Galizian «aro berri bat irekitzea»; halere, adierazi du bere alderdia «alternatibaren erreferente eztabaidaezina» bilakatu dela, eta borrokan jarraitu beharko dutela PPG Xuntatik botatzeko.

Antzeko mezua helarazi du Jose Ramon Gomez Besteiro PSdeGren presidentegaiak. Hark ere agerraldi nahiko serioa egin du, eta ahoan bilorik gabe onartu du ez direla izan espero zituzten emaitzak: «Gure egitekoa aldaketarako beharra ulertaraztea zen, baina ez dugu lortu. Oraingoz. Zeren Galiziako herritarrek oposizioan kokatu gaituzte. Handik egingo dut Galiziara aukerarik hoberenak ekartzen saiatzeko lana».

Ezkerrean BNGk bere burua egonkortu du PSdeGren kalterako, eta eskuinean berritasun bat izan da, DO Democracia Ourensanak lehen aldiz izango baitu ordezkaritza Galiziako Parlamentuan. DO soilik Ourensen aurkezten den alderdi bat da, eta probintzia horretarako inbertsioak eta dirua eskatzen ditu; azken urteetan gora egin du, eta, besteak beste, Ourense hiriko alkatetza lortu zuen joan den urtean. Eserleku bat izango du.

Ezkerrak parte hartze ahalik eta handiena nahi zuen Xuntan aldaketa bat izateko, eta azkenean herritarrek mezu horri erantzun diote. 2009tik izandako parte hartzen handiena izan da aurtengo Galiziako Parlamenturako hauteskundeetakoa, %67koa, baina, aldi berean, agerian geratu da, kanpainan iradoki modura, hori gertatzea ez zela zertan garaipenaren sinonimo izan BNGrentzat eta PSdeGrentzat.

Are, parte hartzea handituta ere, PPG gai izan baita gehiengo osoari eusteko; hortaz, badirudi eskuindarren boto emaileak ere mobilizatu direla, kanpainan bai baitzirudien eskuindarrek gehiengo osoa gal zezaketela. Badirudi beldur horrek ere eragin duela mobilizazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.