PPk eta PSOEk adostu dute noiz eta nola utzi bertan behera Kataluniako autonomia. Espainiako ministro kontseilua bihar bilduko da, eta, gaur zenbait hedabidek aurreratu dutenez, mossoen eta TV3en kontrola hartuko du Madrilek. Proposamena Espainiako Senatura eramango du Mariano Rajoyk, eta gaur zortzi bozkatuko dute. Hori gutxi ez, eta Carmen Calvo PSOEko Berdintasun idazkariak Espainiako Telebistan egin dioten elkarrizketan jakinarazi du urtarrilean bozetara deitzea ere adostu dutela, Eldiario.es hedabide digitalak aurreratu duen moduan: "Gure idazkari nagusiak garbi du hau guztia hauteskunde batzuetara iristeko dela". ERCk eta PDECATek iragarri dute Senatuan izango direla gaur zortzi eztabaida horretan parte hartzeko.
🔴Carmen Calvo, @PSOE: “La Generalitat, los medios de comunicación y las fuerzas de seguridad tienen que ser neutrales” #155ESPpic.twitter.com/e5MJwZkv6l
— Espejo Público (@EspejoPublico) 2017(e)ko urriak 20
Sozialistek atzo aurreratu zuten autonomia bertan behera uzteko neurria motza eta mugatua izatea nahi zutela, eta Calvok baieztatu du Rajoyren eta Sanchezen asmoa ere hori dela, eta hauteskundeeta deitzeak izan behar duela azken helburua. Oraindik ez dute zehaztu, ordea, urtarrilean alderdi independentistek bozetan parte hartuko balute eta irabaziko balute zer gertatuko litzatekeen eskumen horiekin. Ikusteko dago, aldi berean, urtarrilera bitartean eskumen gehiago bereganatuko ote dituen Madrilek. Ciudadanosen eskaeretako bat ere bazen hauteskundeetara deitzea. Hori gabe ere gehiengoa badute PPk eta PSOEk Madrilen behar dutenean neurri horien guztien alde bozkatzeko. Ciudadanosekin bloke unionista batera joango litzateke.
Carmen Calvok eta Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak negoziatu dute Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua Katalunian nola ezarri. PPren aldetik, Pedro Arriolak eta Fernando Martinez-Maillok ere parte hartu dute, eta, PSOEren aldetik, Jose Enrique Serranok eta Jose Luis Abalok. Azken horrek esan zuen atzo sozialistek denbora mugatu batean nahi zutela 155. artikula ezarri, baina ez zuen esan nahi izan hauteskundeetara noiz deituko zuten. Adierazi zuen Senatuak autonomia bertan behera uztea onartu arte Puigdemontek denbora duela atzera egiteko edo berak bozetara deitzeko.