Luis Barcenasek PPko diruzaina izateari utzi dio gaur, berak erabaki baitu kargua uztea PPko hainbat kideren Gurtel ustelkeria auzia dela-eta. Barcenas bera inplikatuta dago auzian. Antonio Pedreira Madrilgo Justizia Auzitegi Goreneko epailearen arabera, Francisco Correa ustelkeria sareko zuzendariaren eskutik legez kanpoko eskupekoak jaso zituen; zehazki, 1,3 milioi euro.
Mariano Raxoi PPko presidenteak eskerrak eman dizkio urteetan egindako lanagatik, eta jakinarazi du arlo ekonomikoko taldea eraberritu egingo duela. Jose Manuel Romay Beccaria Espainiako Gobernuko Osasun ministro ohiari proposatuko dio diruzain izatea. Raxoik adierazi du alderdia ez dela legez kanpo finantzatu eta, delitua egon bada, hori norbanakoek egindakoa izan dela.
PP behin-behinean lagatzea ere erabaki du Barcenasek, alderdiak Efe berri agentziari jakinarazi dionez. PPko senatari ere bada hura, Kantabriako erkidegotik, baina ez du argitu utzi egingo duen.
Alderdiko zuzendaritzak ohar baten bidez eskertu egin du Barcenasen "leialtasuna" eta uste du hau errugabea dela.
Pedreira epaileak Gurtel auziko agiriei sekretua kendu zien asteartean. 50.000 orrialdeetan azaltzen ditu, hain zuzen, Espainiako Estatuan inoiz izan den ustelkeria auzi handienetakoaren gakoak.
Epailearen ebazpenak Valentziako (Herrialde Katalanak) PPko legez kanpoko finantzaketaren datuak ematen ditu. Horren arabera, Orange Market enpresa baliatzen zuten inputatuek trama estaltzeko; diru sarrerak aitzakiatzeko faktura faltsuak igortzen zituzten, ondoren zerga paradisutan zuritzen zituztela.
70 dira auzian nahasitako lagunak; tartean, Valentziako Generalitateko hainbat ordezkari eta hainbat goi kargudun. Bertan dira, besteak beste, Francisco Camps Valentziako Komunitateko presidentea, Vicente Rambla presidente ordea, Fernando de Rosa Justizia aholkulari ohia, Rita Barbera Valentziako alkatea eta Ricardo Costa Valentziako PPko idazkari nagusi ohia.
espainia
PPko talde ekonomikoa eraberritu egingo du Raxoik 'Gurtel' ustelkeria auziagatik
Luis Barcenas diruzainak dimisioa eman du, eta alderdia ere utzi du behin-behinean. Madrilgo Auzitegi Goreneko epailearen arabera, Francisco Correa sareko zuzendariaren eskutik legez kanpoko eskupekoak jaso zituen: 1,3 milioi euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu