Pranab Mukherjee faborito dela hautatuko dute Indiako diputatuek presidentea

Pratibha Patil egungo presidentearen ordezkoa hautatuko dute gaur 5.000 diputatuk

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Nazioko eta eskualdeko 5.000 diputatuk baino gehiagok hautatuko dute gaur Indiako hamalaugarren presidentea. Herrialde horretan esanahi sinboliko handia eta, batik bat, protokolozko funtzioa du presidentearen karguak, baina hauteskundeetako emaitzak zehaztasun handiz zenbatzen dituzte gobernuan ordezkaritza duten alderdien indarraren berri jakiteko. Bi hautagai nagusi daude lehian. Batetik, orain gobernuan dagoen Kongresuko Alderdiko Pranab Mukherjee egungo Finantza ministroa, eta, bestetik, Purno Sangma.

Oraingoz, 77 urteko Mukherjee beteranoa da faborito nagusia. Duela hilabete batzuk iragarri bazuen ere politikatik aldendu eta erretiratu egingo zela, bere adinean «atseden hartzea» beharrezkoa zela esanda, «bost hamarkadatako ibilbidea» egina du politikan, Kongresuko Alderdiko buru Sonia Gandhik adierazi duenez, eta, ondorioz, «babes zabala» du Mukherjeeren hautagaitzak. Sangma, berriz, eskualdeetako alderdien babesarekin aurkeztu da, eta BJP Indiako Alderdi Popularraren babesa du. BJPko hautagaia alderdiko buru Abdul Kalam zen hasiera batean, baina horrek presidentetzara aurkezteari uko egin ostean Sangma babestea erabaki du BJPk.

Kostatako hautagaitza

Korapilatsua izan da Kongresuko Alderdiko hautagaia zehaztea. Izan ere, orain arte koalizio gobernuan kide izandako Bengalako Alderdi Erregionalistak ez zuen Mukherjeen hautagaitza babesten. Baina aste luzeetako negoziazioen ostean alderdi horretako buru Mamata Banerjeek amore eman du, eta gaurko bozketa Mujkherjeek alde handiz irabaziko duela uste dute bere alderdikideek. Emaitzen berri, ordea, igandean jakingo dela aurreikusten da.

Hala ere, zaila da aurreikuspenak egitea. Izan ere, botoa emango dutenetatik ehunka diputatu maila nazionaleko korronteekin bat egiten ez duten eskualdeetako alderdietako kide dira, eta beste asko tradizionalki aliatu izan dituzten alderdietatik urrunduta daude. Gainera, presidentea hautatzen duen hauteskunde sisteman diputatu bakoitzak hautagai baten baino gehiagoren aldeko botoa eman dezake, betiere, lehentasun hurrenkera markatuz. Horrez gain, diputatu nazionalen botoak eskualdeetakoenak baino balio handiagoa du, eta eskualdeetako diputatuen botoaren balioa beren eskualdeko hautesle kopuruaren araberakoa da. Indiako Gobernuko iturrien arabera, aldagai horiek guztiak kontuan izanda, diputatuen %67k babesten du Mukherjeere.

Prati-bha Patil presidentearen ondorengoa izango da Mukherjek edo Sangma. Patil Indiako emakumezko lehen presidentea izan da, eta bere agintaldia eztabaidek eta ustelkeria susmoek zipriztindu dute. Behin presidentea erabakita presidenteordea nor izango den hautatuko dute bi aste barru. Kargu hori betetzeko ere bi hautagai daude. Egun presidenteordea den Hamid Ansari eta Jaswant Singh. Aurreikuspenen arabera, abantaila ateratzen dio Singhek Ansariri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.