«President!» oihuekin hartu dute Puigdemont Algheron

Sardiniako presidentearekin eta hiriko alkatearekin bildu da Kataluniako Generalitateko buru erbesteratua, libre geratu eta biharamunean. Bartzelonan bertan behera geratu da biharko deituta zuten manifestazioa.

Edu Lartzanguren.
2021eko irailaren 25a
13:38
Entzun

Els segadors Kataluniako ereserkia abesten eta «president» oihu artean hartu dute gaur Carles Puigdemont Generalitateko buru erbesteratua Sardiniako Alghero hirian. Espainiako auzitegien aginduz atxilotu eta libre geratu zen atzo.

Katalanez mintzo den Sardiniako eskualdeko hiriburua da Alghero, eta han egitekoa den Nazioarteko Folk Jaialdia zen Puigdemonten helburua. Azkenean, atxiloketak ez du bisitaren zioa zapuztu, eta, kontrara, oihartzun handiagoa eman dio.

Izan ere, uharteko agintariekin bildu da Puigdemont gaur goizean. Christian Solinas Sardiniako gobernuburuarekin eta L'Alguerreko alkate Mario Conocirekin elkartu da. Conocik udaletxearen atarian hartu du Puigdemont. «Gora Katalunia askea», oihukatu dute hainbat herritarrek une horretan. Presidente erbesteratuak adierazpen laburra egin du: «Ohituta nago Espainiaren jazarpenarekin, baina azkenean beti berdina da: libre naiz».

Arratsaldean dira uhartera heltzekoak Pere Aragones Generalitateko egungo presidentea eta presidenteorde Jordi Puignero.

Hirurak Algheroko erdialdera bisita egitekoak dira gaur, 17:30etatik aurrera, eta ordubete geroago prentsaurrekoa emango du erbesteraturiko politikariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.