AEB-ETAKO HAUTESKUNDEAK

Presidentea baino gehiago dago jokoan

Hauteskunde deialdia baliatuko dute Amerikako Estatu Batuetako 38 estatutan herritarren artean galdeketak egiteko. 178 egingo dituzte orotara, besteak beste eutanasiaren, zerga politikaren, ezkontza homosexualen eta ehizaren inguruan.

2012ko azaroaren 1a
17:59
Entzun

Barack Obamak Amerikako Estatu Batuetako presidente izaten jarraituko duen, ala, aldiz, Mitt Romney Alderdi Errepublikanoko hautagaia AEBetako 45. presidente izango den bozkatuko dute datorren asteartean, azaroak 6, herrialde horretako hautesleek. Presidentegaiek hiru aurrez aurreko eztabaida egin dituzte telebistan, eta ekonomia, enplegua eta kanpo politika izan dute hizpide batez ere.

Nolanahi ere, hilaren 6an ez dute soilik presidentea aukeratuko. 38 estatutan hauteskundeak baliatuko dituzte 178 proposamenen gainean galdeketak egiteko. Adibide baterako, zergen igoeraz, ezkontza homosexualez eta kalamua eta eutanasia legeztatzeaz ere erabakiko dute.

Kalifornia eta Florida izango dira galdera gehien egingo dituzten estatuak; 11, bakoitzean. Kalifornian, pertsonen salerosketa delituengatik zigorrak gogortzea, heriotza zigorra ezabatzea eta gastu publikoa mugatzea bozkatuko dute, besteak beste. Floridan, berriz, abortua arautzeaz, erlijio bazterketaz, eta zerga salbuespenez emango dute botoa, esaterako.

Gay eta lesbianen ezkontzen inguruan erabakiko dute Mainen, Marylanden, Minesotan eta Washingtonen. Mainen eta Marylanden, ezkontza horiek legeztatzeaz erabakiko dute, baina Washingtonen, adibidez, galdeketaren sustatzaileek proposatu dute ezkontza homosexualak legezkotzat jotzen dituen araua bertan behera uztea eta konstituzioak zehaztea ezkontzak soilik gizon eta emakumeen artekoak izan daitezkeela.

Marihuana legeztatzeaz eta banaketaz bozkatuko dute Washingtonen bertan, Oregonen eta Coloradon. Massachussetsen eta Montanan, ordea, kalamua errezeta bidez eskuratzea erraztu nahi dute. Montanan, egoera irregularrean dauden etorkinei baldintzak gogortu edo ez ebatziko dute, eta estatu berean erabakiko dute abortua baimentzeaz.

Ehiza eta arrantza ere eztabaidagai izango dute Kentuckyn, Nebraskan, Wyomingen eta Idahon, eta politikarien soldatak, Alabaman eta Nebraskan.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.