Sviatlana Tsikhanouskaia da Bielorrusiako egungo presidente Alexandr Lukaxenkoren aurkari nagusia. Lukaxenkori Europako azken diktadorea esaten diote, 26 urte baitaramatza jarraian boterean. Hari presidentetza kentzeko lasterketan, Tsikhanouskaiak bere alde du Veronika Tsepkaloren eta Maria Kolesnikovaren babesa: bozetan Lukaxenkori irabazteko aukera gehien zituzten hautagaitzen ordezkariak dira biak. Haren senar Siarhei Tsikhanouski blogari eta youtuber famatua espetxean dago, «ordena publikoaren aurkako ekintzak antolatzeaz» akusatuta. Tsikhanouskaia, hain zuzen, senarraren ordez aurkeztuko da bozetara.
Hauteskundeetara aurkeztea ukatu zioten beste hautagai bat, Valeri Tsepkalo, Ukrainan dago, seme-alabekin batera. BERRIA-ri esana dionez, «hauteskundeetara aurkeztuko den edonor» babestuko du, «Lukaxenko izan ezik». Adierazpen horiek egin zituenean, oraindik apelazioetan zebilen Hauteskunde Batzordearen erabaki baten aurka, hark baliorik gabe utzi baitzituen Tsepkaloren taldeak bildutako sinadurak. Gora jo zuten erabaki horren aurka, ez baitzieten azalpenik eman.
Viktor Babariko ere atxilotu zuten, iruzur egitea egotzita. Presidentetzarako hautagaitza aurkeztu aurretik, Bielorrusiako Gazprom Bank filialean egiten zuen lan, Errusiako energia konpainia handienaren bankuan. Haren semea ere espetxean dago. Biek erakutsi diote babesa Tsikhanouskaiari espetxetik. Maria Kolesnikova, hain zuzen, Babarikoren kanpainako kidea da, eta indarrak bildu ditu presidentetzara ailegatzeko moduko hautagaitza batean.
Tsikhanouskaia ingeleseko irakaslea da, eta, esperientzia politikorik ez badu ere, herrialdean zehar antolatutako mitinetara milaka lagun erakartzea lortu du. Beste aurkari batzuek egin duten bezala, seme-alabak beste herrialde batera eraman ditu, zaintza kenduko dioten beldur. Tsepkalok ere beste hainbeste egin du dagoeneko, eta Kieven dago gaur egun. Tsikhanouskaiaren aldarrikapen nagusietako bat hauteskunde askeak egin ahal izatea da.
Hiru emakumeek Bielorrusiaren demokratizazioa eta modernizazioa desio dute, eta Batasunaren Estatua ere kritikatu dute: aduanen arteko batasun moduko bat da, zeinak bide ematen duen errusiarrak eta bielorrusiarrak bi herrialdeetan herrialde bera balitz bezala egoteko, nazioarteko pasaportea erabili gabe. Hirurak Errusiarekin gehiago integratzearen aurka daude bereziki, nahiz eta Tsepkalok ziurtatu bi aldeetan egon nahi dutela: «Europako Batasuna eta Errusia gure mugakideak dira, eta biekin harreman ona izan nahi dugu».
Lukaxenkoren erantzuna
Bielorrusiako presidenteak ziurtatu du bere herrialdea ez dagoela «emakumezko presidente bat izateko prest». Minskeko gizon boteretsuak kritikatu egin du «soldadutza egin ez duen» norbait presidente izan ahal izatea. Gainera, baieztatu du presidentetzako zamak «lur jota» utziko lukeela Tsikhanouskaia «koitadua».
Gobernuak COVID-19aren aurka ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu eta gero, Bielorrusiako gizarte zibila esnatu egin da. Herrialde hori izan da, hain zuzen, herritarrak konfinatu ez dituen bakarra. Aldiz, presidenteak hauxe proposatu zuen birusari aurre egiteko: «Vodka edatea, saunara joatea eta hockeyan jokatzea». Uztailaren 28an onartu bazuen ere gaixotasuna izan zuela, baieztatu du ez duela konplikaziorik izan.
Ezohiko manifestazioak egin zituzten herrialdeko hainbat hiritan, Minskeko ohiko protesta ingurutik kanpo. Poliziak manifestari asko atxilotu zituen, baita protestetan parte hartu ez zuten batzuk ere. Hiriburuko oroigarri denda ospetsu bat protesten alde azaldu zen. Dendarekin elkartasuna agertzeko, herritar ugarik denda horretara jo zuten erostera, eta Poliziak atxilo hartu zituen denda horrek Minsken dituen lokaletako batean erosteko ilaran zeuden batzuk.
Kazetariak ere Bielorrusiako presidentearen jomugan daude. Zenbait mobilizaziotan, tokiko kazetari batzuk atxilotu zituzten, baina atzerriko berriemaileak ere ez dira presidentearen gogokoak. Horien artean, BBC eta Radio Free Europe nabarmendu izan ditu: «Onena haiek deportatzea litzateke legea betetzen ez badute eta jendea Maidan plazara joatera deitzen badute».
Gobernuaren aldeko prentsa beldurra pizten ari da, esanez Ukrainan 2014an izandako matxinada bezalako bat gerta daitekeela. Gobernuaren aldeko egunkari nagusiak galdera hau egin zuen bere editorialean: «Prest al zaude zure familiako norbait nola hiltzen den ikusteko? Prest egon zaitez. Norbait hil daiteke, eta ziur hilko dela».
Bielorrusiako gizarteak eztanda egin du herrialdeak pandemian egin duen kudeaketa dela eta. Obligaziorik ez bazegoen ere, herritar askok maskara jarri dute, eta elkarren arteko tartea zaindu dute. Erosteko ahalmenaren galerak eta askatasunik ezak sortutako atsekabea gehitu behar zaio horri.
Uztailaren 31n, Bielorrusiako agintariek Wagner konpainiako 33 mertzenario errusiar atxilotu zituzten Minsken. Militarrek esan zuten beste herrialde batera zihoan hegazkin bat hartzeko zeudela Minsken. Wagner konpainiak kideak ditu Sirian eta Afrika Erdiko Errepublikan, besteak beste. Lukaxenkok ziurtatu du indarkeriazko ekintzaren bat egiteko zeudela Bielorrusian, eta aurkari nagusi duen Tsikhanouskaiaren senarrari egotzi dio haiekin harremana izatea.