Iazko abenduaren 11n, Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull, Josep Rull, Joaquim Forn eta Dolors Bassa kontseilari ohiak, Parlamenteko presidente izandako Carme Forcadell, ANCko buru ohi Jordi Sanchez eta Omniumeko Jordi Cuixart guztiak bigarren graduan jartzea proposatu zuten haiek guztiak preso dauden espetxeetako tratamendu batzordeek. Jarraian, baina, Zigor Kodeko 100.2 artikulua baliatuta, arindu egin dizkiete irteteko baldintzak, eta, gaur egun, lan egitera, senideren bat zaintzera edo borondatezko lanak egitera atera daitezke egunean hainbat orduz.
Gaur, ordea, erabakia berrikusi du tratamendu batzordeak, eta preso dauden politikari independentistei hirugarren gradua jartzeko aholkatu du. Neurri horren eraginez, soilik lotara joan beharko lukete espetxera, baina hori ere saihestu ahal izango lukete 86.4 artikulua ezarriz gero. Dena den, hirugarren gradua indarrean sartu ahal izateko, Justizia Kontseilaritzak berretsi behar du erabakia, eta bi hilabeteko epea du horretarako.
Gizarteratze eta BIktimen Arretarako idazkari Amand Calderok azaldu du «ahalik eta azkarrena» jakinaraziko duela Justizia Kontseilaritzak batzordearen aholkua onartzen duen edo ez, baina asteburu honetan behintzat presoak ezin izango direla euren etxera itzuli.
Hirugarren gradua onartuta, helegitea jartzeko aukera dagoen arren, berehalakoan atera ahal izango lirateke espetxetik politikari presoek, Gorenak helegiteari buruzko azken erabakia hartu arte. Dena den, litekeena da fiskaltzak helegitea jartzea; izan ere, aurrez ere eskatua zuen hirugarren gradurik ez emateko, presoek zigorraren erdia bete arte.