Presoen afera, bere horretan

Korsikan manifestazioa egin dute Pierre Alessandriren eta Alain Ferrandiren eskubideen alde: lau urte dira baldintzapeko askatasuna jaso dezaketela, baina Frantziak ez die ezta DPS estatusa kendu ere

Korsikako bandera leiho batean, artxiboko irudi batean. C. PETIT TESSON / EFE.
ander perez zala
2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Korsikako nazionalisten lehen agintaldiaren amaiera iristear dela, Gilles Simeoni uharteko presidenteak eta Jean-Guy Talamoni Asanbleako presidenteak ez dute lortu aurrerapausorik ematea aldarrikapen historikoen aferan. Arrazoi eta baldintza askoren ondorio da errealitate hori, baina Frantziako Gobernuak urteotan izan duen jarrerak zaildu besterik ez du egin Ajaccioren eta Parisen arteko elkarrizketa, eta, pixkanaka, eskariak agenda politikotik kanpo geratu dira; are gehiago azken urtean, koronabirusaren pandemiak eraginda. Haizea kontra dutela, Simeonik eta Talamonik noizbehinka lortzen dute auziak berriz mahaigaineratzea; asteotan gertaturikoa da horren adibide, Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi presoei DPS bereziki zainduriko estatusa kentzeari uko egin diolako Frantziak. Jarrera hori salatzeko, eta presoen eskubideen alde, milaka lagun Corteko kaleetara atera ziren atzo; Core in Fronte mugimendu nazionalistak salatu zuenez, Frantziako Poliziaren presentzia nabaria izan zen.

Alessandri eta Ferrandi 1999an atxilotu zituzten, eta 2003an bizi osoko zigorra ezarri zieten, Claude Erignac prefetaren heriotzarekin zerikusia izan zutelakoan. Harrezkeroztik, Frantzian ari dira betetzen kartzelaldiak, Paris inguruan, eta haien senideek Korsikara hurbiltzeko eskaria egin dute behin baino gehiagotan; zehazki, ipar-ekialdeko Borgora. Jasotako erantzuna, ordea, beti izan da ezezkoa.

Lau urte dira bi presoek baldintzapeko askatasuna jaso dezaketela, baina oraingoz ez diete halakorik eman; ezta DPS estatusa kendu ere, hori izatea baita Korsikara ez hurbiltzeko Parisek ematen duen legezko arrazoietako bat. «[Frantziako] Estatuak erabiltzen dituen argudioak oinarririk gabekoak dira», salatu zuen iragan astean Simon Paulu Ferrandik, Alainen semeak. Iritzi berekoa da Giza Eskubideen Ligaren Korsikako adarra, legea errespetatu «besterik ez» dela egin behar argudiatuta; alegia, DPSa kentzea.

Korsikako mugimendu nazionalista oso-osorik izan zen atzoko manifestazioan: Femu a Corsicaren, Corsica Liberaren, PNC Korsikako Nazioaren Alderdiaren eta Core In Fronteren ordezkaritzek parte hartu dute protestan. Halere, bi presoei DPS estatusa kentzeko aldarria haratago doa, kontsentsu handia baitago horren inguruan Mediterraneoko uhartean; Korsikako Asanblea eta 30 bat udalerri agertu dira horren alde, esaterako.

Corten ere «datozen egunetan» emango dute iritzia auziaz, hango auzapez Xavier Polik iragan ostegunean jakinarazi zuenez, eta Bastia hirian ere gauza bera egingo dute datorren ostegunean. Laurent Marcangeli Ajaccio hiriburuko alkate eskuindar eta errepublikano ohiak ere begi onez ikusten du aldaketa.

Justizia ministroa

Presoen senideentzat, iragan urteko uztailean Eric Dupond-Moretti Frantziako Justizia ministro aukeratu izana albiste itxaropentsua izan zen, uste baitzuten Alessandriri eta Ferrandiri DPS estatusa kenduko ziela; izan ere, Dupond-Moretti abokatua da, eta Korsikako hainbat preso defendatu ditu auzitegietan, tartean, Yvan Colonna —Simeonirekin batera—.

Iragan abenduan, ordea, eskumen hori kendu zioten, eta orain Jean Castex Frantziako lehen ministroaren esku dago horri buruzko erabakia hartzea.

Egun, haiekin batera zigortu zuten Colonnak ere DPS estatusa du, eta, berez, aurten jaso dezake baldintzapeko askatasuna; bizi osoko zigorra ezarri zioten, Erignac hiltzea egotzita, eta Okzitanian betetzen ari da espetxealdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.