ebola

Prestakuntza eta informazio gehiago eskatu dute Osakidetzako erizainek

Espainiako Gobernuak krisia kudeatzeko batzorde berezi bat eratu du. Ebola duen gaixoa "larri baina egonkor" dago. Hamalau lagun daude erietxeratuta Madrilen, zaintzapean.

Osakidetzako erizainen elkarretaratzea. ARGAZKI PRESS
2014ko urriaren 10a
07:37
Entzun

Osakidetzako hainbat erizain eta erizain laguntzailek elkarretaratzeak egin dituzte Basurtu, Txagorritxu eta Donostiako ospitaleen aurrean, ebola duen Teresa Romero erizain laguntzaileari babesa adierazi eta informazio gehiago eskatzeko.

Basurtun, Marisol Gil SAEko ordezkariak baliabide eta prestakuntza gehiago eskatu du, ebola kasuei aurre egin ahal izateko. Horrekin batera, salatu du langileen babes jantziek "laugarren mailakoak" izan behar dutela, eta Basurtun dituztenak "hirugarren mailakoak" direla.

Juana Martinez sindikatu bereko ordezkaria Gasteizko elkarretaratzean izan da, eta, adierazi duenez, ebolaren aurkako protokoloak lehen mailako arretara bideratzea eskatu dute, hori baita osasun arretaren "lehen kate begia". Gainera, gogorarazi du erizainen laguntzaileak direla gaixoengandik gertuen daudenak; horregatik, prestakuntza gehien haiei eman beharko lieketeela iritzi dio.

Espainian, batzorde berezi bat

Madrilen, hamahiru lagun zaintzapean daude Carlos III.a ospitalean, ebola duen gaixoarekin batera. "Larri baina egonkor" jarraitzen du ebolaz kutsatutako erizain laguntzaileak. Ospitaleak atzo aurreratu zuen haren egoerak "okerrera" egin zuela azken orduetan.

Espainiako Gobernuak Ministro Kontseiluaren ondoren jakinarazi du ebola kudeatzeko batzorde berezi bat sortuko duela. Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak hartuko du horren ardura. Batzorde berezi horren aholkularitzarako batzorde zientifiko bat osatuko dute.

Zabalpena Afrikan

Afrikan jada 3.879 dira ebolaz hildakoak, eta 8.033 lagun kutsatu dira. Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, Liberiari eragin dio bereziki, han gutxienez 2.210 baitira hildakoak. Afrikatik kanpo, ustez ebola zuen britainiar bat hil da Mazedonian.

Bien bitartean, Europako Batasuneko herrialdeek bidaiarien joan-etorria izango dute aztergai hurrengo astean. Aireportuetan bidaiariei kontrolak ezartzea aztertuko dute. Hilaren 17an bilduko da Osasun Segurtasunerako Europako Batzordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.