Beste behin Libano bonbardatzen aritu da Israel; azken asteetan birrindu egin ditu eraikin ugari Beiruten eta herrialdearen hegoaldean. Argudiatu du Hezbollah talde xiita duela jomugan, baina jo ditu etxebizitzak, ospitaleak, meskitak, zubiak... Martxoaren 2an herrialde horren aurkako erasoaldia estutu zuenetik, gutxienez 1.500 pertsona hil ditu, eta milioi bat herritarrek baino gehiagok etxea utzi behar izan dute.
Baina neurrigabeko erasoaldiak ez dira kontu berria Israelgo armadarentzat. Duela bi hamarkada ere erabiltzen zuen suntsipen estrategia hori, eta 2006ko Libanoko gerraren ostean eman zioten izena: Dahieh doktrina. Beiruteko auzune hori Hezbollahren gotorleku nagusia da, eta suntsitu egin zuten gatazka hartan ere. Ordutik, Tel Avivek sistematikoki aplikatu du estrategia militar hori.
Â
Zertan datza 'Dahieh doktrina'?
Doktrina militar horren helburua da Israelen aurkako erasoak geldiaraztea. Horretarako, Dahieh doktrinan diote proportziorik gabeko erantzuna eman behar zaiela Israelen aurkako erasoren bat egin duten talde armatuei. Horretarako, talde horiek jarduten duten guneei eraso egin behar zaie, herritarrak eta azpiegitura zibilak jomugan jarrita. Bizitoki eremuak suntsitzean eta herritarren aurka eraso masiboak egitean datza estrategia hori. Horrela, lortu nahi izan dute Israelen kontrako talde armatuak —esaterako, Hamas Gazan, eta Hezbollah Libanon— desegitea eta berriz ere erasoak egitea eragoztea.
Izan ere, herritarrak jomugan jarrita, Tel Avivek egoera horren erantzule egin nahi izan ditu miliziak. Eta herritarren artean hedatu nahi izan du talde armatu horien kontrako giroa. Batzuetan, ordea, zera lortu du, herritarrek are eta babes handiagoa ematea milizia horiei.
Â
Nondik dator termino hori?
Dahieh Beirut hegoaldean dagoen auzune bat da, Libanoko hiriburuan biztanleria dentsitate handienetakoa duten barrutietako bat. Bertako biztanle gehienak musulman xiitak dira, eta Hezbollah miliziaren gotorlekutzat dauka Tel Avivek. Hori dela eta, hainbatetan izan du jomugan auzune hori. 2006ko gerran birrindu egin zuen, eta 2023an eta 2024an artean ere eraso ugari egin zituen. Dahiehen egindako bonbardaketa batean hil zuten Hassan Nasrallah Hezbollahko burua, 2024ko irailaren 27an. Azken erasoaldian ere Israelgo armadak hainbat bonbardaketa egin ditu auzo horretan.
Dahieh doktrinaren lehen azalpena Gadi Eisenkot Israelgo armadako jeneralak eman zuen, 2008an Yedioth Ahronoth Israelgo egunkariak egindako elkarrizketa batean: «2006an Beiruteko Dahieh auzoan gertatutakoa gertatuko da Israelen aurka eraso egiteko erabiltzen diren inguru guztietan. Indarra neurririk gabe erabiliko dugu, kalte eta suntsipen handia sortuz. Gure ikuspuntutik ez dira herritarren bizitokiak, base militarrak baizik. Ez da gomendio bat, plan bat da, eta onartua izan da».
2006ko uztailean, Hezbollahk eraso egin zion Israelgo armadari: zortzi soldadu hil zituen, eta beste bi bahitu. Tel Aviven arabera, erasoa Israel iparraldean geratu zen. Kontrara, talde xiitaren arabera, soldadu israeldarrak Libanora sartu ziren. Kontua da horren ostean Israelek Libanoren aurkako bonbardaketa masiboak hasi zituela, baita lurreko erasoak ere. Gerrak iraun zuen hilabete pasatxoan, Tel Avivek 1.100 pertsona baino gehiago hil zituen Libanon.
Non gehiago aplikatu du?
Dahieh doktrinaren adibide argiena Gazako setioa da. Israelgo armadak aurrez ere neurriz kanpo egin izan die eraso palestinarrei, baina 2023ko urriaren 7aren ostean muturrera eraman zuen estrategia hori. Egun hartan, Hamasek eta beste hainbat milizia palestinarrek erasoaldi bat egin zuten Israelen aurka, eta 1.200 pertsona inguru hil zituzten. Hiru egun geroago, Daniel Hagari Israelgo armadako bozeramailea honela mintzatu zen: «Zehaztasuna eta eragindako mina orekatzen saiatzen ari bagara ere, helburu nagusia ahalik eta kalte handiena eragitea da».
2023ko urritik gaur arte, 72.000 pertsona baino gehiago hil dituzte Gazan. Gainera, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Israelek Gazako eraikinen %80 suntsitu ditu. Atzo bete ziren sei hilabete Tel Avivek eta Hamasek su etena sinatu zutenetik.
Ordutik, baina, beste gatazka bat piztu da. Israelek eta AEBek Iranen aurkako erasoaldia hasi zuten otsailaren 28an. Eta martxoaren 2an gatazka Libanora zabaldu zen. Aste batzuk geroago, Israel Katz Defentsa ministroak ohartarazi zuen Libano hegoaldean Gazan bezala jokatuko zuela; eremu horrek «Rafahk eta Beit Hanunek» bezala amaituko duela, alegia.
Nazioarteko zuzenbidearen arabera, legezkoa da?
Ez. Nazioarteko zuzenbidearen arabera, zibilak jomugan jartzea debekatuta dago. Genevako konbentzioen eta Erromako Estatutuaren arabera, aldeek bereizi egin behar dute soldaduen eta herritar zibilen artean. Eta zibilen aurka nahita egindako eraso oro gerra krimentzat daukate.
Nazioarteko Zigor Auzitegiak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Yoav Gallant Defentsa ministro ohia atxilotzeko aginduak emanak ditu, Gazan gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzita. Israelek, baina, ez du Erromako Estatutua sinatu, eta, hortaz, ez ditu bete behar hango epaileek hartzen dituzten neurriak.