Irango presidente Masud Pezexkian eta Irango Parlamentuko presidente Mohamad Baqer Qalibaf Pakistango armadako buru Asim Munirrekin bildu dira gaur, Teheranen, Ekialde Hurbileko gerra dela eta, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Iranen artean bake akordio bat lor daitekeen aztertzeko. Pakistanek esan du inoiz baino gertuago dagoela «bake akordioa», eta, Financial Times egunkariak gaur zabaldu duenez, «su etena 60 egunez luzatzeko akordioa lortzear» daudela uste dute bitartekariek. Oraingoz, ordea, bi aldeen arteko sokatirak ez du etenik.
«Azken 24 orduetan izandako elkarrizketa gogorren ondorioz, elkar ulertzeko aurrerapauso pozgarriak eman dira», adierazi du Pakistango armadaren prentsa bulegoak, ohar batean. Negoziazioak hasi zirenetik ari da Pakistan AEBen eta Iranen arteko bitartekari lanetan. Horiek horrela bidaiatu zuen ostiralean Munirrek Teheranera, eta Qalibafekin bildu da gaur goizean. Bertan, Irna albiste agentziak zabaldu duenez, Irango Parlamentuko presidenteak Pakistango armadako buruari jakinarazi dio Iran ez dagoela prest bere eskubideak alde batera uzteko, nahiz eta albiste agentziak ez duen zehaztu zeri egin nahi izan dion erreferentzia Qalibafek. «Ez diegu gure herriaren eskubideei uko egingo, eta are gutxiago zintzotasunik erakutsi ez duen alde baten aurrean», adierazi du Qalibafek, Irna albiste agentziaren arabera.
Gainera, iturri berak adierazi duenez, Irango Parlamentuko presidenteak salatu du apirilaren 8an ezarritako «su etena» hautsi dutela AEBek, Irango portuetan blokeoa ezarri zutelako. Baina Qalibafek ohartarazi du Teheranek berrantolatzeko aukera izan duela «su etena» ezarri zutenetik, eta mehatxu egin die AEBei: «Gerra berriz hastea zentzugabekeria litzateke, baina, Donald Trumpek hori egiten badu, AEBei emango zaien erantzuna askoz ere gogorragoa izango da».
Qalibafekin bukatu eta berehala bildu da Munir Pezexkianekin. Iturri berak adierazi duenez, Ekialde Hurbilean «bakea eta segurtasuna indartzeko formulak» eztabaidatzea zuen helburu elkarrizketak.
Irango Atzerri ministroaren bozeramaile Eesmail Baqaeik atzo gauean hitz egin zuen Irango telebista katean. Esan zuenez, akordioa oraindik ez dago gertu, eta gaineratu zuen eztabaida nagusia gerra «fronte guztietan» amaitzeari buruzkoa izan dela. Horrez gain, argi utzi zuen Iranen programa nuklearraren gaineko eztabaida ez dela mahai gainean egongo «bake akordioa» lortu arte.
Azaldu zuenez, Washington eta Teheran elkarri egindako proposamenak aztertzen ari dira azken egunetan. Teheranek hamalau puntuko plana prestatu zuen duela aste batzuk, eta Baqaeik berak ostegunean jakinarazi zuen Teheran AEBen beste proposamen bat aztertzen ari dela orain.
Irango hedabideek zabaldu dutenez, zera eskatu zuen Iranek hamalau puntuko plan hartan: fronte guztietan gerra amaitzea —baita Libanon ere—, zigorrak kentzea, atzerrian blokeatutako Iranen aktiboak askatzea, herrialdean eragindako kalteengatik ekonomikoki konpentsatzea eta Ormuzko itsasartean Iranen subiranotasuna aitortzea.
25Zenbat ontzik igaro duten Ormuzko pasabidea azken 24 orduetan. Irango Guardia Iraultzaileak gaur jakinarazi du azken 24 orduetan 25 ontzik igaro dutela Ormuzko pasabidea, Teheranen babespean. Hortaz, Iranek zabaldutako datuen arabera, 117 ontzik igaro dute pasabidea azken lau egunetan —26 izan ziren asteazkenean, 31 ostegunean, eta 35 ostiralean—.
Azken horri dagokionez, Ormuzko itsasartearen kontrola aurrerantzean ere Teheranen esku egotea exijitu izan diete Iranek AEBei. Pasabide hori zeharkatzen duten ontziei bidesaria ezarri nahi die Iranek, eta horretarako lege proiektu bat onartu behar dute. Oraingoz, Persiar golkoko Itsasarteko Autoritatea sortu du Teheranek, ontzien joan-etorria kontrolatu ahal izateko. AEBek, ordea, ez daukate soka hori askatzeko asmorik.
AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio Suediako Helsingborg hirian egon da azken egunetan. NATOko Atzerri ministroak bertan egon ziren bilduta ostegunean eta atzo, eta bertara gonbidatu zuten Rubio. Bada, atzo bertatik adierazi zuen Washingtonek eta Teheranek «aurrerapauso txikiak» eman dituztela azken egunetan, baina ohartarazi zuen Ormuzko itsasartea «nazioarteko itsasbidea» dela, eta ezin dela bidesaririk ezarri. «Ez dut ezagutzen horren alde dagoen herrialderik, Iran izan ezik», gaineratu zuen.