LIBIA
•Bonbardaketak Tripolin.NATOk Muammar Gaddafiren egoitzari eraso zion atzo. Erregimenaren iturrien arabera, haren jauregira 50 bat jaurtigailu bota zituzten nazioarteko hegazkinek. Tripoliko Bab el Aziza auzoan bizi da diktadorea, eta, antza denez, hamabi operazio egin zituen han aliantzak; beste bi operaziok «zibilak eta militarrak» izan zituzten jomuga. Gaddafi horren ostean mintzatu zen, esateko «bizirik edo hilik» baina hiriburuan jarraituko duela: «Ez dugu amore emango, ongi etorria ematen diogu heriotzari, ez diogu beldurrik; martirioa milioi bat bider hobeagoa da».Erregimenean, hala ere, gero eta ugariagoak dira desertzioak. Alami Manfor Lan ministroa izan da azkenekoa diktadorearen albotik ihes egiten, «estatu demokratiko bat» babesten duela adieraziz.
YEMEN
•Presidentea, larri. Ali Abdala Sale Yemengo presidentea hasiera batean esandakoa baino larriago dagoela jakinarazi dute iturri estatubatuarrek. Iragan ostiralean egin zuten haren kontrako atentatua, eta, arin zauritu zela esan bazuten ere, orain erredura larriak dituela eman dute aditzera —gorputzaren %40 du erreta—; bularrean zazpi zentimetroko zauria du, eta biriketako bat kolapsatuta.Saudi Arabiako ospitale militar batean ari dira artatzen presidentea —bitan egin diote ebakuntza—.
Yemenen, bien bitartean, okerrera egiten ari da egoera, hutsune politikoa tarteko. Gobernuak uko egin dio oposizioarekin elkartzeari presidentea itzuli artean. Zinjibar hiriaren inguruan, bestetik, 45 lagun hil ziren atzo borroketan; Al Kaedako ustezko ekintzaileak dira horietako 30, eta beste hamabi militarrak dira.