Espainia

PSOEk PPri egotzi dio Voxi «alfonbra gorria» jartzea «lerro gorri bat» jarri beharrean

Valentziako Autonomia Erkidegoan elkarrekin gobernatzeko ituna egin dute Feijoo eta Abascal buru dituzten alderdiek.

Alberto Nuñez Feijoo PPko burua eta Santiago Abascal Voxekoa, iragan urrian. RODRIGO JIMENEZ / EFE
ander perez zala
2023ko ekainaren 14a
12:53
Entzun

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministro eta PSOEren idazkari nagusiordeak gogor kritikatu du PP eta Vox elkarrekin gobernatzeko ados jarri izana Valentziako Autonomia Erkidegoan. Bi alderdi horien arteko akordioa, gobernabidea bermatzea helburu duena, Alberto Nuñez Feijook alderdi eskuindarraren buruzagitza hartu zuenetik egin duen lehen itun garrantzitsua da, eta mugarri bat izan liteke uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako bozen osteko jokalekurako. Horri begira, Monterok PPri leporatu dio «lerro gorri bat» jarri beharrean «alfonbra gorria» jartzen ari zaiola alderdi ultraeskuindarrari.

Feijook eta Abascalek botere instituzionala kendu nahi diote PSOEri, eta horretarako lehen pausoa da joan den maiatzaren 23ko udal eta erkidegoetarako bozek utzitako emaitzak baliatzea ados jartzeko. Gobernabiderako akordio hori zabalduz gero, bi alderdi horiek gobernatzeko aukera izango dute Aragoin, Balearretan eta Extremaduran, adibide batzuk aipatzearren; dena den, Valentziakoa ez da lehen kasua, iaz Gaztela eta Leonen egin baitzuten itun bat, estreinakoz, erkidego mailan.

Eta, hain justu, Monteroren ustetan, PP eta Vox geroz eta gehiagotan ados jartzeak agerian uzten du «bereizezina» izango dela bataren edo bestearen alde bozkatzea hauteskundeetan, La1 telebista kateari gaur emandako elkarrizketa batean defendatu duenez: «Valentziako Erkidegoko hitzarmena lotsagarria da».

Alderdi eskuindarrak eta ultraeskuindarrak atzo jakinarazi zuten gobernabiderako akordio bat egin zutela Valentziako Autonomia Erkidegoan. Carlos Mazon PPren erkidegoko buruzagia pozik agertu zen, eta esan zuen «ahalik eta azkarrena» nahi duela inbestidura saioa egin eta gobernua osatu. Uztaileko lehen astearen amaiera aipatu zuen; hala gertatuko balitz, Mazonek Espainiako Gorteetarako bozen kanpaina hastean hartuko luke Valentziako Generalitateko presidente kargua.

Feijooren oniritzia

Feijook gaur arte itxaron du itun horretaz aritzeko, eta oniritzia eman dio akordioari, argudiatuta Voxek boto emaileen babesa jaso zuela joan den maiatzeko udal eta erkidegoetako hauteskundeetan. Denera, erkidegoetako aliantzak alde batera utzita, bi alderdiak elkarrekin 130 udaletan gobernatzekotan dira —datorren larunbatean egingo dituzte inbestidurak—.

Hori bai, ekitaldi batean Moncloara iristeko hitzarmen bera egitearen inguruan galdetu diotenean, PPren buruzagiak uko egin dio erantzuteari; zehazki, esan du bere helburua ez dela Voxekin ados jartzea, baizik eta «gobernatzeko nahikoa izango den gehiengoa lortzea».

Eta, halakorik lortzen ez badu, baldintza bat jarriko dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari kargu horretan jarraitzeko, esRadio irratiari emandako elkarrizketa batean azaldu duenez: «PSOEk [hauteskunde] orokorrak irabazten baditu, eta ez badu independentistekin eta Podemosekin akordiorik egiten, ni abstenitu egingo naiz inbestiduran [saioan], hark goberna dezan».

Dena den, gerora, Feijook adierazi du eskuin muturrarekin ados jartzen ari direla hauteskundeak berriz ez egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.