Alemaniako Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak Puigdemont matxinadagatik Espainiaratua izatea ukatu eta astebetera hartu du erabakia Llarena magistratuak. Beraz, diru publikoaren erabilera okerregatik soilik eskatu zezakeen hura espainiaratzea, eta horri uko egin dio prozesu subiranistaren kontrako instrukzio epaileak. Generalitateko presidente erbesteratuak atzerrian ibili ahal izango du, baina Kataluniara itzultzen bada atxilotu egingo dute.
Era berean, Antoni Comin, Meritxell Serret, Clara Ponsati eta Lluis Puig kontseilari erbesteratuen aurkako euroaginduak baliogabetu ditu, baita Marta Rovira ERCko idazkari nagusiaren kontrakoa ere. Izan ere, Bruselako auzitegiak ez zuen onartu Comin, Serret eta Puigen aurkako euroagindua, forma akats batengatik. Ponsati Eskozian dago, eta hango justiziak hilaren amaierarako ezarrita zeukan euroaginduari buruzko bista. Pasa den martxoaren 23an ezarri zuen Llarenak horiek guztiak Espainiaratzeko agindua. Alemaniako Poliziak bi egun geroago atxilotu zuen Puigdemont, Finlandia eta Belgika arteko bidea autoz egiten ari zela.
Horrek guztiak esan nahi du Puigdemont ez dutela diru publikoaren erabilera bidegabeagatik epaituko. Eta bitxia da, gainontzeko buruzagi independentistei inputatutako matxinadaren "lidertzat" hartzen baitu Llarenak. Bien bitartean, matxinada egotzita Katalunian behin-behinean kartzelatuta dauden bederatzi buruzagi independentistak hilabete batzuk barru epaituko dituzte, eta, fiskaltzak hala eskatuta, 25-30 urte kartzela zigorrei aurre egin beharko diete.
Duela minutu batzuk kaleratutako autoan, "konpromiso falta" egotzi dio Llarenak Alemania iparraldeko landerreko auzitegiari. Argitu du, gainera, ez duela epaitu aurreko arazo bat aurkeztuko EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegian, Luxenburgon. Magistratuak dioenez, Alemaniako auzitegiak "mugak gainditu" ditu bere jardunean, epaitze bat aurreratu duela argudiatuta. Epaiketa egin aurretik erabaki bat hartzea aurpegiratu die lurralde auzitegiko epaileei.
Llarenak jarraitzen du pentsatzen Puigdemont izan zela urriaren 1eko erreferendumaren erantzule nagusia.
Kartzelan jarraituko dute
Bestetik, matxinadagatik auzipetuta dauden buruzagi independentistak kartzelan mantentzea eskatu dio fiskaltzak Gorenari. Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Joaquim Forn, Raul Romeva, Jordi Turull, Dolors Bassa, Josep Rull, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez dira matxinada delitua leporatuta espetxeratuta daudenak. Duela bi aste eta aurreko astean lekualdatu zituzten Kataluniako kartzeletara. Orain Gorenari dagokio erabaki bat hartzea.
Preso dauden politikariak aske uzteko mobilizazio bat egin zuten pasa den larunbatean Bartzelonan, eta, egun horretan bertan, matxinada akusazioak kentzeko eskatu zion Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Maria Jose Segarra Espainiako fiskal nagusi berriari.
Azken egunetan, gainera, eta kontuan hartuta Alemaniak matxinada ukatu duela Puigdemonten kasuan, preso daudenen defentsek helegite bat aurkeztu dute Goreneko zigor aretoan, aske utzi ditzatela eskatuz.