Katalunia

Puigdemont eta Comin: «Kataluniako gatazkan, Europak bere arima du jokoan»

Puigdemont eta Comin europarlamentuko biltzarrean egon dira lehen aldiz. Torrak adierazi du Kataluniako Gobernuak bere esku duen guztia egingo duela Junqueras Europako Parlamentuan egon dadin. ERCko buru espetxeratuak, berriz, errekurtsoa jarriko du Europako Batasuneko Berme Auzitegian, bere inhabilitazioaren aurka.

Cominek eta Puigdemontek Junquerasen aldeko elkartasun kartela erakutsi dute Europako Parlamentuko euren eserlekuetatik. PATRICK SEEGER / EFE
Iosu Alberdi - Gorka Berasategi - Andoni Imaz
2020ko urtarrilaren 13a
19:01
Entzun

Carles Puigdemont eta Toni Comin europarlamentariak prentsaurreko bat ematen ari dira parlamentuan bertan, EH Bilduko Pernando Barrenarekin eta ERCko Diana Ribarekin batera. Puigdemontek nabarmendu du Kataluniako arazoa ez dela independentzia kontua soilik, demokrazia kontua dela baizik, eta Europako herritar guztiei eragiten diela: «Gaur Junquerasi gertatzen zaiona Europako edozein disidenteri gerta dakioke bihar», esan du.

Kataluniako presidente kargugabetuak gaineratu du «borrokan» jarraituko dutela Europako Parlamentuan, Europako Batasuna ez dadin izan estatuen monopolio bat, herritarren proiektu bat baizik. Cominek salatu du Espainia ez dela «egiazko zuzenbide estatu bat». Ziurtatu du Marchena epailea «lege iruzurra» egiten ahalegindu dela, eta ohartarazi du Espainiako justiziak egindakoa europar guztientzat «demokrazia urratzea» dela: «Europaren proiektuaren bihotza eskubide zibil eta politikoen babesa da. Kataluniako gatazkan, Europak bere arima du jokoan».

Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuak esan du David Sassoli parlamentuko presidenteak «Espainiako talde handiek mehatxatua» ikusi duela karguan jarraitzeko babesa. Adierazi du hori aintzat hartu beharrekoa dela Sassoliren jarrera aldaketa ulertzeko.

Lehen aldiz, Puigdemont eta Comin Europako Parlamentuko euren aulkietan eseri dira, parlamentuak hala adierazita. Beraz, Espainiak kosta ahala kosta ekidin nahi zuen irudia ikusi ahal izan da gaur. Oriol Junqueras ERCko buru espetxeratua, berriz, ez da han izan, Europako Parlamentuak Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiari men egin baitio. Arratsaldeko 17:00etan hasi da biltzarra, eta Puigdemont eta Comin azken lerroan eseri dira. Goizean, elkarretaratze bat egin dute Estrasburgon bertan, Junqueras askatzea eskatzeko.

Sassolik biltzarra hastearekin batera azaldu du Puigdemont, Comin eta Junqueras europarlamentari direla iazko uztailaren 2tik. Halere, gehituko du Junquerasen parlamentari izaera bertan behera geratu zela urtarrilaren 3an. Sassolik, beste hainbat gairekin batera aipatu du Kataluniako bi europarlamentariena, gaiaren inguruko mintzaldirik egon ez dadin, eta ez du azalpen handirik eman. Halere, txaloak eta protestak izan dira Comin eta Puigdemont aipatu dituenean. Puigdemontek eta Cominek talde parlamentariorik ez duten ordezkarien eserlekuetatik ikusi dute guztia, azken lerroan. Izan ere, biek eskaera egin dute ALE-Berdeak talde parlamentarioan sartzeko, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Talde horrek Junqueras presidenteorde izendatu zuen aurreko astean, Europako Parlamentuak inhabilitazioa berretsi aurretik.

Puigdemontek eta Cominek Free Junqueras zioen kartela atera dute saio hasieran, Sassolik hitza hartu duenean, baina erretiratu egin diete. Kartel berdinak dituzte ALE-Berdeak eta GUE / NGL ezkerreko taldeko parlamentarioko hainbat kidek ere.

Gauzak horrela, Puigdemontek eta Cominek bi aukera dituzte hitza hartzeko. Tratatuko diren auzietako bati buruz mintzatu ahal izatea eskatzea da lehena, baina, diskurtsoan gaiaz kanpoko zerbait esanez gero, presidenteak berehala eten dezake mintzaldia, mikrofonoa moztuta. Bigarren aukera, berriz, 172. artikuluak ematen die. Haren arabera, parlamentariek eskubidea dute epe bakoitzeko lehen biltzarrean «garrantzi politikoa duten gaien» inguruko diskurtso bat egiteko. Gehienez minutu bat iraun dezake.

Ongietorri beroa

Comin eta Puigdemont 13:50 aldera iritsi dira parlamentu ingurura, kazetariz inguratuta eta babes oihu artean. «Egun on, Estrasburgo. Hemen gaude». Mezu horrekin jakinarazi du Puigdemontek  sare sozialetan iritsia zela. Mezu garbia bota du presidente kargugabetuak: adierazi du Kataluniako gatazkak bete-betean eragiten diela EB Europako Batasuneko erakundeei, eta EBk esku hartu behar duela konponbidean. Nabarmendu du gaur euren eserlekuak hartuko dituztela, modu «ez-legitimoan» euren karguetatik kanporatuak izan ostean. Halere, azaldu du ez daudela «guztiak», Junquerasi erreferentzia eginez. Izan ere, Puigdemontek ziurtzat jo du Junquerasek eurodiputatu gisa jardun ahalko duela azkenean, geratzen zaion azken errekurtsoa onartuta.

[youtube]https://youtu.be/BsGxvkMERHY[/youtube]

Espainiarentzat ere izan ditu hitzak. Espainiako Auzitegi Gorenak bere eta Cominen immunitatea indargabetzeko Europako Parlamentuari suplikatorioa eskatu izanari buruz, esan du ez dutela «ezer ere galdutzat jotzen». Arrazoitu du orain arte ere lan egin dutela «ezinezkoak ziruditen borroketan», eta irabaztea lortu dutela. Gaur bertan informatu du Espainiako Auzitegi Goreneko presidente Carlos Lesmesek Sassoliri suplikatorio eskariaren inguruan; Goreneko epaile Pablo Llarenak eskaera egin zuen Europako Parlamentuak Comini eta Puigdemonti immunitatea kentzeko.

Gauzak horrela, Parlamentuko Batzorde Juridikoaren gomendioak entzun ostean, europarlamentarien esku geratuko da immunitatea kendu edo ez erabakitzea, gehiengo soilarekin. PSOEko eurodiputatuek zer bozkatuko duten galdetuta, Puigdemontek erantzun du kasu egingo diotela Espainiako presidente Pedro Sanchezi. Kataluniako presidente kargugabetuaren esanetan, Sanchezek «politika desjudizializatzeko» konpromisoa hartu zuen, eta «suplikatorioa politikaren judizializazioaren ondorio zuzena da».

Comin eta Puigdemont ez dira bakarrik egon euren estreinako biltzarrean. Goizetik, dozenaka lagun bildu dira biei babesa adierazi eta Junqueras askatzea eskatzeko. Xingola horiek, Preso politikoak askatu dioten kartelak eta askatasunaren eta independentziaren aldeko oihuak izan dira nagusi. Besteak beste, Kataluniako presidente Quim Torra, Generalitateko Presidentetza kontseilari Meritxell Budo eta Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrent izan dira elkarretaratzean. Azken horiek harrera egin diete parlamentuan. Hor izan da EH Bilduko europarlamentari Pernando Barrena ere.

Bi eurodiputatu berriak iritsi aurretik, Torrak adierazpen batzuk egin ditu eraikinaren aurrean. Kataluniako presidentean azaldu du «ospakizun eguna» dela gaurkoa Puigdemont eta Comin europarlamentuko osoko bilkuran izango direlako, baina baita «aldarrikapen eguna» ere, Junqueras ez delako egongo. Torrak erabateko babesa adierazi dio ERCko buru espetxeratuari, eta nabarmendu Kataluniako Gobernuak bere eskuetan duen guztia egingo duela Junqueras eurodiputatu izateko. Presidenteak «elkarrizketa» eta «politikaren desjudizializazioa» ere eskatu dizkio Espainiako Gobernu berriari. Berretsi du Generalitateak autodeterminazioa eta amnistia defendatuko dituela gobernu arteko negoziazio mahaian. ERCk eta Espainiako Gobernuak adostutako negoziazio mahaiak laster ekingo dio. Aurretik, ordea, Espainiako presidente Pedro Sanchezek azaldu du Torrarekin elkarrizketatuko dela.

Beraz, presidente agendarekin jarraitzen du Torrak, Espainiako Hauteskunde Batzordeak Kataluniako Parlamentuko diputatu eserlekua kendu arren. Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrentek argi utzi zuen ez zuela onartuko inhabilitazio hori, eta argudiatu parlamentuak bakarrik ken dezakeela presidentea. Parlamenteko presidentea bera ere izan da Estrasburgon, eta Junquerasen egoera izan du hizpide. Salatu du Kataluniako presidenteorde ohiak ezin duela bere eskubidea gauzatu, «ilegalki espetxeratuta daukatelako». Horrez gain, gogor jo du Espainiako justiziaren aurka: «Espainiako agintariak Europako justiziatik at kokatu dira oso garbia den ebazpen bat ez obedituta».

JxCko diputatu Albert Batetek ere bide beretik jo du. Nabarmendu du Europan egindako lanari esker Puigdemont, Comin eta Junquerasen immunitatea onartu duela EBko Justizia Auzitegiak. Gaineratu du Espainiako zuzenbide estatua «zalantzan» utzi dutela Europako eta Espainiako auzitegiek hartutako erabaki kontrajarriek.

Politikariek, adierazpenak egin bitartean, inguruko manifestarien mezu kritikoak entzun behar izan dituzte. ERCko Diana Ribak hitza hartzean, alderdi independentisten arteko «batasunaren» aldeko oihuak entzun dira. JxCrentzako ere izan da kritikarik: Miquel Buch Barne kontseilariaren dimisioa eskatu dute, Mossos d'Esquadrak manifestari independentisten kontra izan duen jokabidearengatik.

Omnium Culturalek ere bidali du ordezkaritzarik JxCko kideei elkartasuna adierazteko. Elkarteko presidenteorde Marcel Maurik adierazi du «pozik» dagoela Europako justiziak arrazoia eman dielako bi hautetsiei. Halere, «sentimendu kontrajarriak» dituela gehitu du, Junquerasek espetxean jarraitzen duelako. EBko Justizia Auzitegiaren erabakia errespetatzeko eskatu dio Espainiari: Cominen, Junquerasen eta Puigdemonten immunitatea.

Junquerasek ez du etsi

ERCko buruaren kasuak aurrera jarraitzen du. Junquerasek errekurtso bat jarriko du Europako Batasuneko Berme Auzitegian, Europako Parlamentuaren erabakiaren aurka. Beraz, alderdiak hutsik utziko du oraingoz eserlekua. Hala egin ezean, Junquerasek parlamentari izateko aukera galduko luke; zerrendako hurrenak hartuko luke haren lekua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.