Katalunia

Puigdemont larunbatean itzuliko da Belgikara, Errepublikaren Kontseilua abian jartzera

Kataluniako presidente ohiak lehen agerraldia egin du Espainiako Auzitegi Gorenak haren kontrako euroagindua indargabetu zuenetik. Adierazi duenez, "ez dira hogei urte pasatuko" berriz ere Kataluniako lurra zapaltzen duenerako.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua, gaur, Berlinen egin duen prentsaurrekoan. CLEMENS BILAN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko uztailaren 25a
07:47
Entzun

Alemanian atxilotu zutenetik lau hilabete bete direnean, Carles Puigdemontek prentsaurrekoa eskaini du Berlinen, bere abokatuekin batera. Kataluniako presidente kargugabetuak jakinarazi du Belgikara itzuliko dela larunbatean, Bruselako Errepublikaren Etxean hasi zuen lanarekin jarraitzera: hau da, Kataluniako Errepublikaren Kontseilua abian jartzera. Alemaniako Prentsa Konferentzia Federalean egin du agerraldia, herrialdeko parlamentuaren eta gobernuaren jarraipena egiten duten kazetari gehienak kide dituen elkartean. Lehenengo aldiz agertu da hedabideen aurrera, Schleswig Holsteingo Lurralde Auzitegiak Puigdemonti matxinada leporatzea baztertzearen ondorioz, Espainiako Auzitegiak bere kontrako euroagindua indargabetzea erabaki zuenetik.

Belgikara iristen denean, harrera egingo diote Quim Torra Kataluniako presidenteak, Elsa Artadi gobernuko bozeramaileak eta Generalitateko hainbat kontseilarik; baita PDeCATeko parlamentari taldearen ordezkaritza batek ere. "Han dugu Errepublikaren etxea, eta han egin behar dugu lan Errepublikako Kontseiluaren alde. Han oinarrituko dut nire jardun politikoa, jendearen aginduari jarraitzeko borondatearekin, normaltasuna itzul dadin", adierazi du presidente ohiak.

Puigdemontek eskertu egin du Alemanian izan duen auzian defentsa abokatuek egin duten lana, Kataluniaren egoerarekiko "interesa" agertu duten eta "konponbide politikoa" galdegin duten ordezkari politiko eta sozialen jarrera, Alemaniako gizarteak adierazi dion "errespetua" eta auzian era batera edo bestera parte hartu duten langile publikoen "profesionaltasuna eta independentzia". Neumunstergo espetxeko presoen jarrera ere eskertu du, egokitzapenean lagundu diotelako.

Alemanian egin dituen lau hilbeteak "gogorrak" izan direla aitortu du, eta bere bizian arrastoa utzi dutela. "Guztiok indartsuago eta ausartago egin gaitu". Herrialdeko auzitegien erabakia edozein izanda ere, Puigdemontek ziurtatu du konfiantza zuela Alemaniako Jusitizian. "Bagenekien Alemanian Justiziak independentziaz jokatzen duela eta ez interferentzia politikoen arabera".

Espainiara itzultzeko ezintasunarengatik galdetuta —atxilotze agindua indarrean du bertan—, Puigdemontek erantzun du ez dakiela hurrengo hogei urteetan Espainiako lurra zapaltzerik izango duen, baina ziur dela Kataluniakoa zapaltzerako ez dela hainbeste denbora pasako. Presidente ohiak azaldu du Katalunian "leheneratze demokratikoa" gauzatzen bada berak ez duela itzultzeko eragozpenik izango. Gogorarazi duenez, Katalunian presidente izateko aukera izango luke Alemaniako Jusitiziak ezarritako baldintzetan Espainiaratuko balute, baina Espainiak ez du halakorik onartu, eta nahiago izan du bere kontrako euroagindua indargabetzea.

Puigdemontek "normaltasuna" berreskuratzeko ekintzak galdegin dizkio Madrili. Presidente kargugabetuak adierazi du Espainiako gobernu aldaketaren ondoren aldatu egin direla gobernuaren "estiloa, giroa eta lengoaia" ere. Haren esanetan, Quim Torra Kataluniako presidentearen eta Pedro Sanchez Espainiakoaren arteko bilerak balio izan zuen bakoitzaren ikuspuntua elkarri "errespetuz" agertzeko. "Orain ez da keinuen garaia, ekintzena baizik", gaineratu du.

Elkarrizketaren muinari heltzeko ordua dela nabarmendu du Puigdemontek. "Ez litzateke inolaz ere ulertuko Espainiaren eta Kataluniaren arteko elkarrizketa politikoetan ez hitz egitea Espainaren eta Kataluniaren arteko harremanari buruz. Nagusiki, gure iritziz demokraziaren esentzia den printzipioari buruz: herri batek bere etorkizun politikoa erabakitzeko duen eskubideari buruz".

Ildo horretan, Puigdemontek berretsi du Kataluniako Gobernua prest dagoela Espainiarekin erreferendum bat adosteko. "Eskoziako eredua izan da beti guretzat lehentasuna". Azaldu duenez, haibat herrialdetatik egin diren adierazpen publikoei erreparatuta, "adostasun zabala" dago Kataluniako auzia konpontzeko Eskoziakoa eredu egokia dela. Kataluniako presidente ohiak galdetu du Espainiak ba al duen proiektu politikorik Kataluniarentzat. "Espainian jarraitzeko argudio bakarrak indarra eta indarkeria baldin badira, oso argudio ahulak dira XXI. mendeko Europan".

Horrez gain, prozesu subiranistaren kontrako auziarengatik preso diren buruzagi independentistak aske uzteko galdegin du, eta erbestean direnen itzulera eskatu. "Batzuek uste dutenaren kontra, presoak askatzea eta erbesteratuak itzultzea ez da arazo bat, konponbidearen hasiera baizik".

Puigdemontek ultraeskuineko unionisten erasoen gorakada salatu du Berlinen. Xingola horia daramatenen kontrako "eraso faxistak" "egunero" gertatzen direla ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.