Azken unean erantzun dio Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak Espainiako Gobernuak bidali zion errekerimenduari. Eskutitz labur batekin erantzun du; fitxa bat mugitu du, baina Rajoy eta bera jokatzen ari diren xake partida ez du erabaki inondik inora. Astelehenean elkarrizketarako deia egin zion Rajoyri, eta, Jordi Cuixarten eta Jordi Sanchezek atxiloketen ondoren, beste dei bat egin dio gaur: elkarrizketa ez oztopatzeko eta errepresioa geratzeko. Gutunaren azken paragrafoan mugitu du fitxa Puigdemontek: iragarri du bi eskaera horiei muzin eginez gero Kataluniako Parlamentuak "urriaren 10ean bozkatu ez zuen" independentziaren deklarazio "formala" bozkatuko duela; zehazki esan du parlamentuak bozketa hori egin dezakeela egoki baderitzo.
Anbiguotasunez mugitzen jarraitzen du, beraz, Kataluniako presidenteak. Urriaren 10ean independentzia deklaratu zuen, baina bertan behera utziz. Gaur zehaztu du Kataluniako Parlamentuak ez zuela bozkatu orduko horretan, nolabait adieraziz indarrean ez dagoela baina egon badagoela. Madrilek ondoren erantzun du, eta esan du Puigdemontek ez dituela bete euren eskakizunak: independentzia deklaratu zuen edo ez argitzea eta Espainiako ordena konstituzionala ezartzea Katalunian. Ondorioz, 155. artikulua ezartzeko prozesuari eutsi dio, eta Espainiako ministro kontseilua etzi bilduko da zer neurri hartu erabakitzeko. Ikusteko dago orain zein den Puigdemonten hurrengo jokaldia Madrilen erantzun horren aurrean; Kataluniako Parlamentuaren gehiengoa prest da independentzia deklaratzeko.
Puigdemonten iritziz, Generalitatearen elkarrizketa ahaleginei Kataluniaren autonomiaren esku hartzearekin erantzuteak adierazten du Madril ez dela egoeraren jabe eta ez duela elkarrizketarako borondaterik. Puigdemontek gogorarazi du urriaren 1eko "herri agintearen ondorioak" etetea erabaki zuela Espainiako Gobernuarekin elkarrizketak hasteko, eta errepresio neurriak indargabetzea galdegin ziola. Aldiz, Madrilen erantzuna errepresioa "areagotzea" izan dela salatu du Kataluniako presidenteak, Sanchez eta Cuixarten espetxeratzeari erreferentzia eginez. Azpimarratu du, gainera, Omnium eta ANC erakunde "hiritarrak, baketsuak eta demokratikoak" direla. Kataluniako presidenteak gaineratu du erreferendumaren ondorioek indargabetuta jarraitzen dutela, baina 155. artikulua ezartzeko ardura ez dela berea, Espainiako Gobernuari dagokion erabakia dela, Senatuaren baimenarekin.
Fitxa nagusia azken paragrafoan mugitu arren, gutunean beste mugimendu batzuk ere somatu daitezke. Beste bi gauza nabarmendu daitezke haren mezutik. Batetik, gutuna hasteko —"Rajoy estimatua" formula erabiltzen du lehen lerroan—, urriaren 1eko erreferendumaren emaitza gogorarazi dio Rajoyri eta, bide batez, gutuna irakurtzen duen orori —ez dira gutxi izango, aintzat hartuta zer-nolako ikusmina zuen haren erantzunak—. Kataluniako herriak independizatzea erabaki zuela esan du, "hautesleen ehuneko handi baten babesarekin". Eta gaineratu du: "Erresuma Batuari brexit-a hastea ahalbidetu dion portzentajea baino handiagoa eta Kataluniako Autonomia Estatuta bozkatu zuten katalan kopurua baino handiagoa", azpimarratu du Kataluniako presidenteak.
Bestetik, nazioartearen elkarrizketarako deiei beste keinu bat egin die, eta hori ere jarri du Rajoyren mahai gainean: "Europako eta mundu osoko erakunde eta agintari politiko eta sozialek zuri eta niri helarazi dizkigutenak". Azken egunetan behin eta berriz ari da azpimarratzen Puigdemont elkarrizketaren beharra, eta geroz eta gehiago ari da geratzen agerian Espainiako Gobernuak ez duela horrelakorik nahi. Gaineratu du Puigdemontek asteleheneko erantzunean bilera baterako hitzordua eskatu ziola, eta eskaera horrek erantzunik ere ez duela jaso. Rajoyrekin jokatzen ari den zilegitasun partidan Kataluniako presidentearen estrategia da presioa Madrilengan uztea, eta partidaren amaierako jokaldiak eragin ditzakeen mugimendua Rajoyk egitea.