Katalunia

Puigdemontek eta Cominek europarlamentari akreditazioa jaso dute

Luxenburgok baliogabetu egin du Puigdemontek eta Cominek Europako Parlamentuan eserlekua hartzeko zuten debekua. Junquerasen esanetan, Luxenburgok agerian utzi du "erabat kutsatuta" dagoela buruzagi independentisten kontrako auzia.

Toni Comin eta Carles Puigdemont Europako Parlamentuaren atarian, behin behineko akreditazioekin.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 20a
16:16
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidente eta Toni Comin Osasun kontseilari kargugabetuek irribarretsu erakutsi dituzte europarlamentari direla egiaztatzen duten akreditazioak. Europako Parlamentuan jaso berri dituzte, atzo, EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Oriol Junquerasi eurodiputatu izaera eta dagokion immunitatea aitortu ostean. Oraingoz, behin-behineko akreditazioak dira, eta Eguberrietako oporren ostean, urtarrilaren 6tik aurrera jaso ahalko dituzte ohiko agiriak. Presidente ohiak ziurtatu du urtarrilaren 13an Estrasburgoko osoko bilkuran izango direla.

Parlamentutik atera denean, Puigdemontek Antonio Tajani Europako Parlamentuko aurreko presidentearen jarrera kritikatu du, eta nabarmendu du Luxenburgoren erabakia Europaren garaipena dela. "Lehenago akreditatzeko izan dugun debekua Tajaniren taldearen eta haren zerbitzu juridikoen erabaki arbitrario, legez kanpoko eta abusuzko baten ondorioa izan da. Makina oso ahaltsu baten kontra borrokatu behar izan dugu, eta Espainiako Estatuak eta zenbait alderdi politikok eragin dute harengan. Guk akreditazioa izatea batzuentzako porrota da, baina garaipena da Europarentzat. Europako herritarrek konfiantza izan dezakete azken instantzian badela auzitegi bat guztien eskubideak bermatzen dituena".  

Puigdemontek gogoan izan du Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuaren espetxeratzea. "24 ordu baino gehiago dira Espainiako Estatuak Oriol Junqueras legez kanpo espetxean atxilotua duela. Berandutzen ari da hura aske uzteko. Argitu behar da epai hura ezin zela eman, une eta baldintza horietan epaitu ezin zitezkeen pertsonak zeudelako".

Puigdemont eta Comin Europako Parlamentura iritsi baino minutu batzuk lehenago, haien egoerari buruz ebatzi du EBko Justizia Auzitegiak. Luxenburgok baliogabetu egin du Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak uztailaren 1ean argitaratu zuen autoa. Erabaki horren bidez, parlamentuak baztertu egin zituen Puigdemontek eta Cominek beren eserlekuak hartu ahal izateko eskatu zituzten kautelazko neurriak. Luxenburgok Puigdemonten eta Cominen egoera berriz aztertzeko agindu dio Auzitegi Nagusiari. "Irabazi dugu", idatzi du Gonzalo Boye Puigdemonten abokatuak bere Twitter kontuan.

Jaume Alonso-Cuevillas presidente ohiaren abokatua ere baikor mintzatu da Luxenburgoren azken erabaki horren aurretik. "Europako Parlamentuko presidenteak jakinarazi digu erraztasun guztiak jarriko dituela. Hemendik aurrera, aldi berri bat hasiko da".

EBko Justizia Auzitegiak atzo ebatzi zuen Junquerasi eurodiputatu izaera dagokiola ordezkari hautatua izan zen unetik —nahiz eta espetxean zelako ez zituen Espainiako prozedura formalak bete—. Hori dela eta, David Sossoli Europako Parlamentuko presidentea Puigdemonti eta Comini ere diputatu izaera aitortzearen alde agertu zen.

Puigdemont eta Comin erbestean daude Belgikan, eta, Junquerasek bezala, ezin izan zuten parlamentari akta jaso Espainian, hauteskundeetan hautatuak izan ziren arren.

Junquerasen immunitateari buruzko epaiak Clara Ponsati Kataluniako Hezkuntza kontseilari ohiari ere eragin diezaioke. Ponsati ez zen europarlamentari hautatua izan, baina brexit-aren ondorioz parlamentari bilakatuko da Erresuma Batuak EB uzten duenean. Izan ere, haren irteerarekin, Espainiak parlamentari gehiago izango du Europako Parlamentuan, eta Ponsati eserleku horietako bat lortuko duten hautagaietako bat da. Egun, Eskozian dago erbesteratuta.

Junqueras: "Berriz ahalegintzeko eskubidea irabazi dugu"

Junquerasek Luxenburgoko auzitegiaren epaia "zuhurtziaz" aztertzera deitu du, Catalunya Radiok Lledonerseko kartzelan egin dion elkarrizketan. ERCko presidenteak nabarmendu du autodeterminazio eskubidea gauzatzeko argudio garrantzitsua eskuratu duela independentismoak, atzo EBko Justizia Auzitegiak hari europarlamentari izaera eta hari dagokion immunitatea aitortu ostean. "Berriz ahalegintzeko eskubidea irabazi dugu, ezer ere ez baitzen delitu".

Hala ere, Junquerasek ez du ziurtzat jo EBko Justizia Auzitegiak ebatzitakoarekin espetxetik berehala irtengo denik. Ez du baztertu Espainiako Auzitegi Nagusiak epai horri muzin egitea. Dena den, Junquerasen esanetan, independentismoak "guztiz irabaztea" lortuko duela adierazten du Luxenburgoko auzitegiaren erabakiak, askatasunera hurbiltzen dituelako erbestean eta espetxean diren buruzagiak. Halaber, presidenteorde ohiaren iritziz, epaiak argi uzten du Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auzia "erabat kutsatuta" dagoela.

Elkarrizketa atzo egin zion Catalunya Radiok Junquerasi, Luxenburgoko auzitegiaren erabakia jakin eta gutxira. ERCko buruak oraindik ez zekien bere alderdiak PSOErekiko negoziazioak etetea erabaki duela, Espainiako Estatuko Abokatutzak zer jarrera hartuko duen argitu artean. Junquerasek esan du elkarrizketak ez direla eten behar, gertatzen dena gertatzen dela ere. "Elkarrizketarako prest egon behar da beti; guztiekin. Ni espetxean egon ala ez. Pertsona guztien eskubideak babesteko lan egin behar dugulako. Hala ez egitea geure buruari traizio egitea litzateke".

Junquerasek nabarmendu du Kataluniako prozesu independentistak "alde askokoa" izan behar duela, erakunde kataluniarrei, espainiarrei eta europarrei eragiten dielako. Adierazi du "herritarren borondatea" onartzera behartu behar direla instituzio horiek. Horretarako, ezinbestekotzat jo du "denboran errepikatzen diren gehiengo argiak" lortzea.

Europako Parlamentuan ordezkari izatea "plazera eta ohorea" izango da ERCko presidentearentzat. Gaineratu du espetxetik irteten bada oso gustuko izango duela Europako Parlamentuan izatea Espainiako Auzitegi Gorenak bera berriro epaitzeko eskaria egiten duenean eta eskari hori europarlamentuan bozkatzen denean. "Ikusi nahi dut nire kideek nola bozkatzen duten begietara begiratzen didatenean. Begietara begira galdetu nahi diet espetxean egon behar dudala uste ote duten. Dolors Montserrati —PPko europarlamentariari—, nik kartzelan egon behar dudala adierazi du eta. Esan diezadala begietara begira. Ahalko luke? Asko gustatuko litzaidake erantzuna entzutea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.