KATALUNIA

Puigdemontek PDeCAT utzi du

Kataluniako Generalitateko presidente ohiak adierazi du Junts Per Catalunyako presidente gisa lan egingo duela bi indarren arteko harremana «adeitsua» izateko.

Puigdemont hizketan JxC alderdiaren eratze kongresuan, uztailaren 24an. EFE
2020ko abuztuaren 31
13:36
Entzun

Alderdi Demokrata Europar Katalaneko (PDeCAT) kide izateari utzi dio Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak. Erabakia gaur egin du publiko, sare sozialetan: «David Bonvehi PDeCATeko presidenteari jakinarazi berri diot zuzentzen duen alderdia uzteko erabakia hartu dudala. Lan egiten jarraituko dut, Junts per Catalunyako presidente gisa, bi alderdien arteko harreman adeitsua mantentzeko».

Convergencia i Unio zenaren espazioak bere lekuaren bila jarraitzen du Kataluniako jokaleku politikoan, prozesu subiranistaren egungo fasean zer ildori jarraitu eztabaidatuz.

JxC hauteskunde hautagaitza gisa sortu zuten 2017ko azaroan, eta azken bozetan PDeCATen, Crida Nacionalen, Accio per la Republicaren eta hainbat independenteren arteko koalizioaren aterpe izan da. Puigdemontek eta haren gertukoek ezinbestekotzat jo dute independentismoaren elkargune izango den «zeharkako» alderdi bat sortzea, espektro ideologiko «zabala» hartuko duena. Helburu horrekin sortu zuen presidente ohiak Crida Nacional, 2018an, eta helburu berarekin bihurtu zuen JxC alderdi politiko joan den uztailean.

PDeCATen eta JxCren bat egiteak zer formulari jarraitu behar dion, horixe da bi indarren arteko akordiorako oztopo nagusia. Puigdemontek eta haren gertukoek koalizioaren moldea gainditu nahi dute, alderdien arteko kuota sistema alboratu eta alderdi berriaren egiturak hartzea JxCren gaineko erabakiak. PDeCATek Kontseilu Nazionala egin zuen uztail amaieran, eta Bonvehik argi utzi zuen alderdiak Kataluniako Parlamenturako bozetan egon behar dutela, «formula edozein dela ere». Hauteskundeek ez dute data zehatzik oraindik, baina udazkenerako espero dira.

Puigdemontek alderdi berriarekin bat egitera deitu zituen PDeCATeko kideak —2.800 baino gehiago ditu —, baina alderdi horretako zuzendaritzak bere militanteei ohartarazi die militantzia bikoitza debekatua dutela. Hortaz, «zintzo» jokatzeko eskatu die Puigdemonten proiektu berriarekin bat egin nahi dutenei, eta alderdia uzteko esan die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.