Puigdemontek «sorgin ehiza» salatu du, eta ukatu egin du bere burua entregatzeko asmoa zuela

Jada Waterloon dela jakinarazi du Puigdemontek sare sozialetan. Hura bilatzeko 'Kaiola operazioa' «beldurgarria, zentzugabea eta batzuetan eldarniozkoa» izan dela adierazi du.

Carles Puigdemont, atzo, Bartzelonako Ziudadela parkeko agerraldian. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Carles Puigdemont, atzo, Bartzelonako Ziudadela parkeko agerraldian. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2024ko abuztuaren 9a
22:00
Entzun

«Waterloon nago gaur, egun biziki zailen ondoren». Hala erantzun dio batek baino gehiagok egindako galderari, atzo Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak Bartzelonako Ziudadela parkean bost minutuko agerraldia egin eta desagertu ondoren. X sare sozialean mezu luze bezain sakona zabaldu du. Haren lehen hitzak, atzo Bartzelonako Ziudadela parketik joan zenetik. Inor gutxik espero zuen beste behin ere ihes egingo zuenik zazpi urteko erbestealdia amaitu ostean. Salvador Illaren inbestidura saioan bertan izango zela iragarri zuen aurreko egunetan; ez zen, ordea, hala izan.

Puigdemontek berretsi du «inoiz» ez duela izan bere burua entregatzeko borondatea, ezta bere atxiloketa erraztekoa ere: «Onartezina iruditzen zait arrazoi politikoengatik nire atzetik ibiltzea eta, gainera, amnistia legea ez aplikatzea». Argi utzi du, ordea, Katalunian izan den tarte laburrean ez duela izan ezkutatzen aritzeko asmorik: «[Elenak eta Barne Kontseiluak] dagokidan bizkartzaina eman izan balidate, une oro jakingo zuketen zein zen nire ibilbidea Bartzelonan eta Katalunian zehar. Atzoko operazio eldarniotsua ez zen beharrezkoa izango, eta haren biografia publikoaren parte izango da betiko. Eta ez meritu gisa, hain zuzen».

Gaur goizean, Puigdemont erbestean dela esan du Gonzalo Boye haren abokatuak, Catalunya Radion eman duen elkarrizketan; Jordi Turull Junts Per Catalunyako idazkari nagusiak, berriz, goizean zehaztu du Ipar Katalunian lo egin duela, eta Waterloon zegoela jada. Mossoek, beren partetik, ez diete jaramonik egin bi ordezkarien adierazpenei, eta Puigdemonten arrastoaren atzetik ibili dira Katalunian bertan.

Joan Ignasi Elena Kataluniako Barne kontseilariak prentsaurrekoa eman du: «Ez geunden prest» atzokorako, aitortu du. Generalitateko presidente ohiak esan du «negargarria» izan dela prentsaurreko hori: «Ezin dut sinetsi pertsona jakin batzuen kontra egin den sorgin ehiza, soilik zenbait momentutan nire alboan izan direlako». Bi mosso atxilotu zituzten atzo ihes egiten lagundu zielakoan —aske dira jada—; gaur arratsaldean beste bat ere atxilotu dute.

Kaiolaoperazioa abiatu zuen Mossos d'Esquadrak atzo, Puigdemont bilatzeko asmoz. Lehendabizi Bartzelonako irteera guztiak kontrolatu zituzten; gero, Katalunia osoko zenbait errepidetan paratu zituzten kontrolak. «Herritarrak gogaitzeko» besterik ez du balio izan operazio horrek, Puigdemonten ustez: «[Joan Ignasi Elena Barne] kontseilariak eta [Eduard Sallent] komisarioburuak haserrealdia izan dute, ikusita polizia dispositibo beldurgarri, zentzugabe eta batzuetan eldarniozko hori ez duela inork ere ulertu», erantsi du. «Ez da ulergarria, ezta onargarria ere».

Sallent Barne Kontseiluaren prentsaurrekoan izan da, galderak erantzuten, eta onartu du ez zutela Puigdemont atxilotzeko agindua betetzerik izan, baina ukatu du poliziak «irrigarri» gelditu direla. Puigdemontek, ordea, azpimarratu du Kaiola operazioak «degradatu» egin dituela mossoak, eta iritzi horri buelta ematea «oso zaila» izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.