Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du Espainiako Gobernuak Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetu eta JxCko diputatu erbesteratuaren kontra aurkeztu zuen helegitea. Horrenbestez, indargabetu egin du haren hautagaitza, behin behinean. Hautagaitza baliogabetu duenez, Kataluniako Parlamentuak ezin izango du Puigdemont presidente izendatzeko inbestidura saiorik deitu. Hala eginez gero, erabakiak "ondorio penalak" izango lituzkeela ohartarazi du auzitegiak.
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak proposatu zuen Puigdemonten hautagaitza, talde parlamentarioekin bilera erronda egin ostean, babes gehien zuen hautagaia zela argudiatuta. Espainiako Gobernuak hautagaitzaren kontrako helegitea aurkeztu zuen, ordea, eta auzitegiak hura tramitera onartu ala ez erabaki artean, kautelazko hainbat baldintza ezarri zituen haren hautagaitza eztabaidatu behar zuen inbestidura saioa egin ahal izateko: Puigdemont parlamentura joatea, eta horretarako epailearen baimena eskuratzea. Egoera horren aurrean, inbestidura saioa atzeratzea erabaki zuen Torrentek.
Konstituzionalaren erabakiak bidea moztu dio JxCk Puigdemont inbestitzeko egin asmo zuen ahaleginari. Alderdi independentistak Presidentetza legea moldatzeko proposamena aurkeztu du, Generalitateko presidentea eta kontseilariak telemetikoki izendatzeko aukera legedian jasotze aldera.
Hain zuzen, bide telematiko bidez presidentea eta kontseilariak izendatzeko aukeraren kontra agertu da, gaur, Estatutu Bermeen Kontseilua. Presidentetza legea moldatzeko proposamenak Kataluniako estatutua eta Espainiako konstituzioa urratuko lituzkeela ohartarazi du.
Hala ere, proposamenaren tramitazioarekin aurrera egingo du Torrentek —kontseliuaren ebazpena ez da loteslea—, eta maiatzaren 3rako deitu duen osoko bilkuran eztabaidatuko da. Goizeko 11:00etan hasiko da saioa.
Parlamentuko taldeek maiatzaren 22ra arteko epea dute Generalitateko presidente bat izendatzeko. Hala egin ezean, parlamentua desegin eta hauteskundeak deituko dira automatikoki.