Prozesuak joan den otsailean hasi behar zuen, baina koronabirusaren pandemiak hura atzeratzera behartu du. Azkenean, Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak zehaztu du noiz hasiko den aztertzen Carles Puigdemont, Toni Comin eta Clara Ponsatiren kontrako suplikatorioa: azaroaren 16an izango da lehen saioa.
Espainiako Auzitegi Gorenaren eskariz aztertuko dute hiru europarlamentariei diputatu akta erretiratzeko aukera. Gorenak hirurak Espainiaratu nahi ditu, Kataluniako prozesu independentista sustatzeagatik epaitzeko.
Europarlamentuko batzordearen lehen saioan kasua aurkeztuko dute, eta batzordea osatzen duten parlamentariek beren iritziak agertzeko aukera izango dute. Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik bigarren saioan parte hartzeko aukera izango dute, beren defentsarako argudioak aurkezteko.
Saio horiek ateak itxita egin behar direla dio Europako Parlamentuko araudiak, baina pandemiak eragindako ezohiko egoerara moldatzea erabaki du ganberak. Parlamentuko zerbitzu juridikoek ontzat jo dute batzordea telematikoki biltzea, saioaren konfidentzialtasuna ziurtatzeko zenbait neurri hartuta.
Ikusteko dago europarlamentuak bat egingo ote duen Belgikako epaitegi batek ebatzitakoarekin. Bruselako epaitegi batek uko egin zion, joan den abuztuan, Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohi erbesteratua Espainiara estraditatzeari. Epaitegiaren iritziz, Espainiako Auzitegi Gorenak ez du haren estradizioa eskatzeko eskumenik.
Interpretazio juridikoetatik harago, arlo politikoan, argitzeko dago PSOEren eurodiputatuek zer jarrera hartuko duten, Espainiaren eta Kataluniako gobernuen arteko negoziazio mahai baten alde agertu baita, «auzi politikoak bide politikoetatik» konpontzeko. Cominek joan den urtarrilean BERRIAri eman zion elkarrizketan adierazi zuenez, «PSOEk bere hitza jango luke» suplikatorioaren alde bozkatuz gero.