Puigdemonten senatuko agerraldia zailtzea leporatu dio Generalitateak PPri

Jordi Turull Generalitateko bozeramaileak salatu du senatuak Puigdemonten agerraldia trabatzeko aldatu duela haren parte hartzerako proposatu dituen datak. Adierazi duenez, hasieran asteazkenean edo ostegun goizean joateko deia egin zitzaion arren, ostegun arratsaldera edo ostiralera aldatu du senatuak presidentearen agerraldia egiteko aukera, Kataluniako Parlamentuak ostegunerako saioa deituko zuela jakinarazi ondoren.

Junqueras, Puigdemont eta Turull gaurko gobernu bilerara iristen. MARTA PEREZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko urriaren 24a
15:13
Entzun

Espainiako Gobernuak gonbidapena egin zion Puigdemonti konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpenaren kontra alegazioak aurkezteko, neurri horiek aztertzeko senatuan eratu den batzordean. Puigdemontek senatuan agerraldia egiteko asmoa duela baieztatu du Turullek gaur, ohiko gobernu bileraren osteko agerraldian, baina PPri leporatu dio presidentea senatura joateko aukera "geroz eta zailagoa bihurtzea". Izan ere, Kataluniako parlamentuak saioa ostegunean egingo duenez, Puigdemonti ezinezkoa zaio arratsalde horretan senatura joatea.

Beste aukera bat litzateke Puigdemontek alegazioak ostiralean aurkeztea, senatuaren osoko bilkuran. Pedro Sanz senatuko presidenteordeak berretsi duenez, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak hartuko du hitza saio horretan, eta Puigdemontek ostiralean joatea erabakiko balu, "beste edozeren aurretik, gobernuaren eta Puigdemonten arteko eztabaida izango da".

Goizean, 155. artikuluaren ezarpena geldiarazteko aukera izan dute hizpide alderdi politikoek. PPko hainbat ordezkarik ziurtatu dute Puigdemontek hauteskundeetara deitzea ez litzatekeela nahikoa izango 155.aren aplikazioa bertan behera uzteko, eta "ordena konstituzionalera itzultzeko" galdegin diote. Iritzi berekoa da Ciudadanos. PSOEk, berriz, adierazi du 155.ak ez lukeela zentzurik Puigdemontek "konstituzioaren baitako" hauteskundeetara deituko balu, independentzia deklaratu gabe. CUPek ohartarazi du bozetara deitzea "autodeterminazio prozesua geldiarazteko modurik eraginkorrena" litzatekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.