Katalunia

Puigen eta Cominen euroaginduari buruzko auzi saioa abenduaren 16ra atzeratu dute

Gaur ziren deklaratzera joatekoak bi kontseilari ohiak, baina Bruselako fiskaltzak hura atzeratzea onartu du.

Toni Comin, atzo, Waterloon (Belgika). PAULA BOIRA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 15a
11:15
Entzun

Generalitateko kontseilari ohiek atzo iragarri zuten gaurko aurreikusia zegoen euroaginduari buruzko auzi saioa atzeratzeko eskatuko zutela, Carles Puigdemont presidente ohiarekin batera deklaratu ahal izateko. 

Bruselako Fiskaltzak onartu egin du eskaria, eta abenduaren 16ra atzeratu du Toni Cominen eta Lluis Puigen aurka Espainiak eskatutako euroaginduari buruzko auzi saioa. Gaur bertan jakinarazi dute erabakia, ordubete baino gutxiago iraun duen saio batean.

Abenduaren 16ko lehen bilkura horretan, akusatuek euren argudioak aurkeztuko dituzte; bigarrenean, fiskalaren txanda izango da, eta, hirugarrenean, berriz, defentsako abokatuena. Azkenik, epaileak hartu beharko du erabakia.

Cominen eta Puigen aurkako euroaginduak eta Puigdemonten aurkakoak ez zituen batera eskatu Madrilek: Puigdemontena eman eta bi astera etorri ziren kontseilari ohien aurkakoak. Horrez gain, Comini diru publikoa oker erabiltzea eta sedizioa egozten dizkio Espainiako justiziak, eta Puigi, berriz, diru publikoaren erabilera okerra soilik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.