Artur Mas

Pujolismotik matxinada salaketara

Pujolen babespean ailegatu zen Mas lehen lerrora. Espainian eredugarritzat zuten autonomismoa ordezkatzen zuen, baina, hamar urteren buruan, prozesu independentista baten lidergoan jarri zen.

mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Independentziaren kontzeptua zaharkituta ikusten dut, eta pixka bat herdoilduta». Artur Masek Rafael de Ribot kazetariari egin zizkion adierazpen horiek 2002an. Kataluniako Gobernuko lehen kontseilaria zen orduan, Jordi Pujol presidentearen albokoa. De Ribotek Zer pentsatzen du Artur Masek? (Proa, 2002) liburuan bildu zituen hark errandakoak, eta azken urteotan Espainiako hedabideek makina bat bider argitaratu dituzte horko pasarteak, kritikatzeko Masek nazio auziaren inguruan izan duen jarrerak 180 graduko bilakaera bat eduki duela. Bertze garai batzuk ziren, eta, Espainian, Kataluniako nazionalismoa aurkezten zuten pragmatismoaren eredutzat eta bide baketsuak erabilita singularismoa defendatzeko adibidetzat, haustura nahi zuen euskal nazionalismoaren aitzinean. Garaiak goititik beheiti aldatu dira, ordea, eta gaur egun Mas inputatuta dago, Espainiako Erresumaren aurka matxinada bultzatzeaz akusatuta. Masek erran duenez, bilakaera hori egiteagatik jasan dituen auzibideek erretirarazi dute politikatik hein batean, baina independentziaren kontzeptua «herdoildua» zegoela uste zuen garaiko ekintzen itzala ere ez du urruti.

Mas Bartzelonan jaio zen, 1956an, industriari lotutako familia burges batean. Lau anai-arrebetan zaharrena da, eta Zientzia Ekonomikoetako eta Enpresaritzako ikasketak egin zituen, Bartzelonako Unibertsitatean. 1982an funtzio publikoan hasi zen lanean, Generalitatearen Komertzio, Kontsumo eta Turismo Sailean, eta bat egin zuen CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoarekin. Bide politikoa 1987an hasi zuen, CiU koalizioaren zerrendan Bartzelonako udal hauteskundeetara aurkeztuta. Hortik aitzinera, bai alderdian, bai ordezkaritza publikoan, mailaz maila igo zen, 1990eko hamarkadaren bukaeran Pujol presidenteak oinordeko hautatzeraino. «Pujolismoa Pujolekin bukatzen da», adierazi zion De Riboti 2002an. «Pujolismoa pertsona bati eta haren ibilbideari erakutsitako atxikimendua da. Zer geratzen da horren ondoren? Nazionalismoa, katalanismoa eta patriotismoa». Masek Pujolen oinordekotza defendatu zuen presidente ohiaren legatua zama bihurtu zen arte, baina eredu eta irudi propioa bilatzen saiatu zen. Pujolek ez bezala, oposizioa ezagutu zuen, baina 2006ko estatutuaren zapuzteak —Masek berak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearekin negoziatu zuena oposizioan zegoenean— boterea lortzeko aukera eman zion 2010eko hauteskundeetan.

Itun fiskala hartu zuen agintaldiko helburutzat, baina Madrilen PPren gobernuaren ezezko borobil eta aldaezina jaso ondoren, 2012an hauteskundeetara deitu, eta Kataluniako prozesuko presidente bihurtuko zen, bozetan ahulduta, eta karrikaren olatu independentistak bultzatuta. 2014ko azaroaren 9ko kontsulta izan zen agintaldi horretako mugarri nagusia. Arrazoi horregatik inhabilitatuta dauka Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak, eta 5,2 milioi euroko bermea ordaintzeko agindu zion Espainiako Kontu Auzitegiak iazko irailean. «Araudiaren gainetik jartzen dira, denaren gainetik, mehatxatzeko, kikiltzeko, beldurtzeko, eta zigortzeko», adierazi zion BERRIAri erabaki hura jakin ondoren.

2016ko urtarrilean oztopatu zen Masen ibilbide politikoa. CUPek betoa paratu zion haren hautagaitzari, eta Carles Puigdemont izendatu zuten ordezko. «Mas eta pujolismoa historiaren zakarrontzira bidali ditugu», adierazi zuen Benet Salellas CUPeko diputatuak. Ezker independentistarentzat, barkaezinak izan ziren Masen gobernuen politika neoliberalak eta Pujolen aroko ustelkeria kasuek sortutako susmoa. CDC birsortzeko xedea hartuta, PDeCATen buruzagitzatik jardun du bi urteotan. Politikaren lehenbiziko lerroa uzten duenean, auzitegiek markatuko diote berehalako etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.