Hitzeman egin zuen: Etxe Zurira heldu bezain pronto, Ukrainako gatazkari irtenbidea topatuko ziola egun bakarrean. Hilabeteak eta hilabeteak igaro dira urtarrilaren 20an Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako presidente karguaren zina egin zuenetik, eta, behin baino gehiagotan Kiev eta Mosku mahai beraren bueltan eserarazi dituen arren, zereginen zerrendan dauka Errusiak 2022an ekindako inbasioari amaiera ematea. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea eta Vladimir Putin Errusiako presidentea elkartzea ezin lortu, eta azken horrekin juntatuko da gaur goizean, Alaskako Anchorage hiriko base militarrean —gaua Euskal Herrian—. Adi egon beharko da, hortaz, bilerak eman zer ematen duen.
Zergatik bilduko dira orain?
Gatazkaren alde batak zein besteak ez du kontzesiorik egin nahi, inondik inora. Ukraina eta Errusia, saiatu, saiatu dira beren arteko desadostasunak albo batera uzten, eta preso trukea egitea eta gerra frontean hildako soldaduen gorpuak entregatzea adostu dute maiatzetik aurrera egindako elkarrizketa saioetan; orduz geroztik hirutan bildu dira, Istanbulen (Turkia), baina, agerikoa denez, ez dute lortu negoziazioek aurrerago egitea.
Promestutakoa gogoan zuela edo, Trump mehatxuka saiatu zen bere hitza betetzen: joan zen hilabetean, Putini su etena ados zezala exijitu zion, eta hala egin ezean zigor ekonomiko are latzagoak ezarriko zizkiola ohartarazi. Bai hark eta bai petrolioa erosten diotenek iragan asteko ostiralera arteko epea zuten. Esan, eta erdi egin, gaur-gaurkoz Indiari baino ez baitizkio areagotuko lehendik ezarri dizkion muga zergak. Errusia zigortzeko intentzio handirik ere ez zuen erakutsi Etxe Zurikoak: «Antza denez, [Mosku] nahiko ona da zehapenak saihesten; azkarrak bezain trebeak dira». Eta hori argi geratu zen joan zen astean, Steve Witkoff Washingtonen ordezkaria Errusiako presidentearekin bildu zenean, Moskun; badirudi Trumpek behin-behinean indultua eman diola Putini, eta zigor ekonomikoen afera Alaskako bileraren ondorenerako utzi duela.
Zer espero daiteke?
Ezer gutxi, Trumpek berak aste honetan aitortu duenez. AEBetako presidenteak tankera besterik ez die hartu nahi negoziazioei, eta dagoeneko Ukrainako gerra konpontzeko hurrengo bilera posible bat du ituan: Putin mahaiaren alde batean, eta Zelenski beste aldean. Eta, bien artean, agian, Trump bera.
Bilera iragarri orduko, Trumpek esan zuen «lurralde trukaketaren bat» izango dutela eztabaidagai, «bi aldeentzako onuragarria», gainera: Errusiaren kontrolpeko lurralde batzuk Ukrainari bueltatzen «saiatuko» da.
Lurrak bereganatzea da, hain zuzen, Errusiaren eskaeretako bat erasoaldia hasi zuenetik: 2022ko inbasioan okupatutako Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhiako eskualdeak nahi ditu, baita 2014an anexionatu zuen Krimea ere.
Ez hori bakarrik: Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzea galarazi nahi du kosta ahala kosta —kontuan hartzekoa da inbasioa hasi zenetik hedatu egin dela aliantza militarra, Suedia eta Finlandia kide bihurtu baitira—; Errusiak Kieven aliatuen soldaduak ez ditu ikusi ere egin nahi gerra frontean; eta Ukraina gaitasun militarraz ere gabetu nahi du, aurrerago ere arriskutsua izan ez dadin. Eskakizun horien guztien kontra egin dute Zelenskik eta haren aliatuek.
Zer diote Zelenskik eta haren aliatuek?
Ukrainako presidenteak argi utzi zuen Alaskako bileraren berri izan bezain pronto: «Ukrainak ez die lurralderik oparituko okupatzaileei». Trump Putinengana hurreratu da, baina, aldi berean, AEBek Ukraina armaz hornitzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute, NATOko gainontzeko kideen eta EB Europako Batasunaren kontura. Horrek ere agerian uzten du Trumpen grina, gatazketan bitartekari gisa aritzekoa.
Zelenskik, berriz, bere aliatuengana jo du, berme bila: azken egunotan Europako agintari batzuekin bildu da, bakarka; EB Europako Batasuneko Atzerri ministroek ere argi utzi dute ezohiko batzar batean, Hungariaren salbuespena salbuespen, mugak ezin direla «indarrez» aldarazi; eta EBko zein NATOko ordezkariekin eta Erresuma Batuko, Frantziako, Alemaniako, Italiako, Finlandiako eta Poloniako agintariekin batzartu zen herenegun bideo dei bidez, baita Trumpekin berarekin ere: besteak beste, Etxe Zurikoari galdetu zioten oraindik ere ea prest egongo litzatekeen Moskuri zigor ekonomikoak jartzeko. Izan ere, «nola edo hala zigorrak atzeratzea» lortu du Putinek, Ukrainako presidentearen arabera.
Hona hemen AEBetako presidentearen erantzuna: gatazka amaitzeko moduko elkarrizketei bidea zabalduko dien su etena sinatu ezean, «ondorio latzak» jasango ditu —ez du gehiago zehaztu—.
Noiz elkartu dira Trump eta Putin lehenago?
Euromaidan mugimenduak, Errusiaren Krimeako anexioak eta Donbasseko gerrak bi potentzien arteko harremana hoztu dute 2014 inguruaz geroztik, eta gaurkoa ez da bi presidenteak elkarrengana hurbiltzeko keinuka ari diren lehen aldia. Hori bai: Ukrainako gerra hasi zenetik ez dute elkar ikusi aurrez aurre. Negoziogizonaren lehen legegintzaldian (2017-2021) bakarrik egin zuten topo, han-hemenkako nazioarteko goi bileretan.
Halaber, bi presidenteak herrialdeen arteko giroa goxatzeko asmoarekin batzartu ziren 2018ko uztailean, AEBen eta Errusiaren arteko alde biko goi bilera batean, Helsinkin. Ukrainako gatazka eta Siriako gerra ez ezik, 2016ko AEBetako Presidentetzarako bozak ere izan zituzten hizpide: informazio zerbitzu estatubatuarrek esana zuten Errusiak eskua sartu zuela bozetan, eta Trumpek gezurtatu egin zuen hori, Putinen ezezkoaz fio zelako —baina ikusita haren alde egiteak zer erreakzio piztu zituen, biharamunean bere hitzak zuzendu zituen azkar-azkar: «Esan nahi nuen ez dudala ikusten arrazoirik Errusia [hauteskundeen] atzean ez dagoela pentsatzeko»—.
Trump eta Putin, Trump eta Zelenski... Ukrainako gerraren matrioxka gero eta txikiagoek oraindik ez dituzte irudikatu hiru presidenteak batera. AEBetako presidenteak espero du oraingoan lortuko duela;Â behintzat, esku artean duen panpina ireki, eta gatazka hasi zenetik espero izandako buruz burukoa topatuko duela.