Errusia

Putinek %76ko babesa lortu du hauteskundeetan

Vladimir Putin Errusiako presidenteak kargua berrituko du 2024. urtera arte, inoiz hauteskundeetan jaso duen babes handienarekin.

Putinen jarraitzaileak, Moskun, Errusiako presidentearen garaipena ospatzen. MAXIM SHIPENKOV, EFE
2018ko martxoaren 19a
13:57
Entzun

Ez da ezustekorik izan Errusian: Vladimir Putinek irabazi ditu bozak. Sorpresa, izatekotan, Putinek lortu duen babes zabala izan da. Boto emaileen hiru laurden baino gehiagok bozkatu dute haren alde. Botoen %99,8 zenbatuta, %76,67ko babesa jaso du egungo presidenteak. 2024ra arte agintean jarraituko du, ondorioz.

Babes zabala lortzeaz gain, abstentzioaren mamua gainditzea ere lortu du Putinek. %67,47koa izan da parte hartzea.

Putinen esanetan, "azken urteetan baldintza oso zailetan izandako lorpenen aitortza" izan da jasotako hauteskunde emaitza. "Konfiantza eta itxaropena ikusten ditut. Indar berarekin jarraituko dugu lanean, ardura berarekin eta emaitza are hobeekin", adierazi du.

Presidenteak batasuna galdegin du, Errusiak "arrakasta" lortzeko. "Zuek zarete gure taldea, eta ni zuen taldeko kidea naiz. Gaur boza eman duten guztiek gure nazio talde handia osatzen dute".

Hauteskunde batzordeak emandako datuen arabera, Pavel Grudinin izan da bigarren, %11,79rekin, eta Vladimir Zhirinovski hirugarren, %5,66rekin.

Putinek %90eko babesa gainditu du bost eskualde edo errepublikatan. Horien artean da Krimea. Errusiako hauteskundeetan lehen aldiz parte hartu dute bertako herritarrek. Hain justu, lau urte bete dira gaur Errusiak Krimea anexionatu zuenetik. Errusiako bi hiriburu nagusietan, Moskun eta San Petesburgon, %70eko langa gainditu du.

Putinek 65 urte ditu, eta 2000. urtean izendatu zuten lehenengoz presidente. Boris Yeltsinen eskutik jaso zuen herrialdeko agintea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.