NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren estatuen tropak Errusiatik ahalik eta urrunen eduki nahi ditu Vladimir Putin presidenteak. Behin baino gehiagotan esan izan du Mendebaldeko aliantza militarra ekialderantz geroz eta gehiago hedatzeak eragin zuela, neurri batean, Moskuk 2022ko otsailean Ukrainan hasitako erasoaldia. Eta gaur Tianjinen (Txina), Xi Jinping Txinako presidentearen eta Narendra Modi Indiako lehen ministroaren aurrean, besteak beste, errepikatu du NATOren zabalkundeari heldu behar zaiola Ukrainako auzia konponbidean jartzeko.
Shanghaiko Kooperazio Erakundearen goi bileran parte hartu du Kremlineko buruak, eta, Errusiako hedabideen arabera, esan du Ukraina NATOko kide bihurtzeko Mendebaldea egiten ari den «ahalegina» dela «krisiaren arrazoietako bat». NATOko liderrek erabaki bat hartu zuten 2008an: Ukraina eta Georgia noizbait aliantzako kide bihurtuko zirela. 11 urte geroago, Ukrainak aldaketak egin zituen bere konstituzioan, hori ahalbidetu ahal izateko. Dena den, Errusiak 2022an Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, asmoak etenda daude.
Inbasioa hasi aurretik, Errusiak eskatzen zien AEBei NATO 1997ko mugetara erretiratzeko; hau da, Europa ekialdean —Varsoviako Ituna sinatu zuten herrialdeetan— aliantzaren troparik ez zedila egon. Dena den, azken hilabeteetan hainbat hedabidek Kremlineko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, gatazka konponbidean jartzeko Putinek orain eskatzen du aliantzaren buruzagiek idatziz adieraz dezatela konpromisoa hartzen dutela aliantza ekialderantz ez hedatzeko.
Azkeneko asteetan Ukrainako auziaren bueltan aldeek edukitako elkarrizketetan mahai gainean jarri duten aldagaietako bat da Kievek uko egitea NATOko kide izateari, baina Mendebaldeko herrialde batzuetako tropak han hedatzea, behin gatazka konponbidean jarrita. Moskuri, ordea, Ukraina de facto aliantzako kide bihurtzea iruditzen zaio hori.
Eta horren guztiaren harira, Xik bilera berean azpimarratu du Shanghaiko Kooperazio Erakundearen kide diren herrialdeentzat «geroz eta zailagoa» dela «segurtasun lanak aurrera eramatea». Bide batez, «Gerra Hotzeko pentsaera» alboratzeko eskatu die kideei. Erakunde hori 2001ean sortu zuten Txinak, Errusiak, eta Sobietar Batasun ohiko errepublika batzuek; India eta Pakistan 2017tik dira kide, eta Iran 2022tik.