AEB Ameriketako Estatu Batuen saiakerek oraindik ez dute lortu Moskuren eta Kieven arteko akordiorik, baina Vladimir Putin Errusiako presidentea fio da azkenerako lortuko duela 2022ko otsaileko inbasioaz geroztik anexionatutako Ukrainako eskualdeak hartzea, izan negoziazioen bidez edo izan «militarki». Eta, Europako Batasunak Errusiari blokeatutako aktiboek sortutako dirua Ukrainari eman edo ez erabaki bezperan, Putinek «Europako txerritxoei» leporatu die «mendeku» hartu nahi izatea: «Uste zuten denbora gutxian Errusia suntsituko zutela, gure herrialdearen kolapsoari zukua ateratzeko esperantzaz».
Errusiako armadak urteroko bilera egin du gaur, eta presidenteak han egin ditu adierazpen horiek. «Dudarik gabe, operazio militar bereziaren helburuak beteko ditugu», esan du, eta aitortu nahiago lukeela diplomaziaren bidez egitea: «Baina ez badute nahi ganorazko eztabaidarik eduki, orduan gudu zelaian askatuko ditugu lurralde historikoak»; hots, Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia eskualdeak.
Donald Trump AEBetako presidenteak Errusiaren oniritziarekin duela hiru aste planteatutako planaren arabera, Ukrainak kontzesio nabarmenak egin beharko lituzke lurraldetasunari dagokionez. Donbass osoa —Donetsk eta Luhansk— Moskuren esku geratuko litzateke, eta Kherson eta Zaporizhia banatu egingo lituzkete, armada bakoitzak kontrolatzen duen eremuaren arabera; Errusiakoak bi heren inguru kontrolatzen ditu horietan bietan.
Steve Witkoff eta Jared Kushner AEBetako mandatariak Kievekin eta Europako agintariekin bildu dira azken egunotan, eta, besteak beste, NATOko kide izatearen pareko segurtasun bermeak eskatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Mandatari horiek Moskurekin biltzekoak dira aurki, eta, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak baieztatu duen arren aste honetan haien bisitarik ez dutela jasoko, espero dute berandu baino lehen izatea gatazkako beste aldearen eskakizunen berri. Hori bai, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, esan du mundu guztiak «ondo» dakiela Moskuk zer irizten dion Mendebaldeko tropak Ukrainan egoteari.
Putinek AEBei eskertu egin die hitz egiteko prest egotea, eta espero du Europak ere jarrera bera izango duela «gatazkaren kausari» heltzeko: «Gertatuko da, bai, geroz eta boteretsuago bihurtuko garen heinean. Eta oraingo agintariekin ez baldin bada, elite politikoa aldatu eta gero izango da». Ez baitu uste posible denik «bakearen bidez» akordiorik lortzea gaur egungo liderrekin.
Lau urte beteko dira aurki Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuenetik, baina, oraingoz, Moskuk ez du asmorik erasoak eteteko. Andrei Belusov Errusiako Defentsa ministroak esan du, armadaren bileran, arrazoiak badituztela gerrari eusteko: «NATOko indarrak prestatzen hasiak dira datorren hamarkadan Errusiari aurre egiteko. Erabaki horrek baldintza errealak sortzen ditu datorren urtean ekintza belikoak egiten jarraitzeko».
%5,1Errusiak BPGaren zer ehuneko erabili duen Ukrainako gerrarako. Andrei Belusov Errusiako Defentsa ministroaren arabera, Errusiak barne produktu gordinaren %7,3 jarri du aurten gastu militarrerako, eta, %5,1 Ukrainako gerrarako, hain zuzen. Herrialdeko armadak urteroko bilera egin du gaur, eta ministroak esan du datorren urterako «lehentasunen» arabera gastu horri eutsiko diotela, «edo apur bat» jaitsiko dutela —Ukrainako gerrarako ez gainontzeko alorretarako erabilitako gastuak puntu erdia jaitsi dira, iazko datuekin alderatuz gero—.
Belgikaren kezka
Europako Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek bilera egingo dute bihar Bruselan, eta, okerrik ezean, klubeko herrialdeek erabakiko dute Errusiari blokeatutako aktiboen dirua 2026an eta 2027an Ukrainaren berreraikuntza finantzatzeko erabiltzea. 210.000 milioi euro blindatu nahi ditu talde komunitarioak, eta aintzat hartzekoa da gehienak Belgikan bertan daudela: 185.000 milioi euro.
Europako Batzordearen proposamenaren arabera, klubak interesik gabeko 90.000 milioi euroren mailegua emango dio Ukrainari —datozen bi urteetarako behar duenaren bi heren—, eta hark ez dio itzuli behar izango, harik eta Errusiak gerraren kalte ordainak ordaindu arte.
Belgika beldur da Errusiak haren kontra egingo ote duen, eta bermeak galdegin dizkie klubeko kideei. Egun bat baizik ez da geratzen erabakia hartzeko, eta Belgikaren EBrako enbaxadoreak bilera batean esan du negoziazioak «atzerantz» doazela, Politico hedabideak bilera horretan izan diren bi diplomazialari aipatuz kaleratu duenez.
Nork bere arrazoiak ditu aktiboen gaineko erabakiaren kontra egiteko. Viktor Orban Hungariako lehen ministroak atzo gauean ohartarazi zuen «gerra deklarazioa» izango dela aktibo horiek Ukraina berreraikitzeko erabiltzea, eta esan zuen Kremlinek «neurri gogorrekin» erantzungo duela.