Batzuek arre, besteek iso; entzundakoak entzunda, Ukrainako auzian oraindik urrun dago konponbidea. Gerra eteten badute, Mendebaldeko 26 herrialde prest lirateke beren tropak lurrez, airez edo itsasoz Ukrainan hedatzeko edo hedatzen dituztenei laguntzeko, «segurtasun» berme gisa. Baina Vladimir Putin Errusiako presidenteak oroitarazi die ez duela aliatuen indarrik nahi Ukrainan, eta mehatxu egin die: Errusiak helburu militar zilegitzat joko lituzke.
Vladivostov Errusia ekialdeko hirian egin ditu adierazpen horiek gaur, foro batean. «Hori da gatazkaren arrazoi nagusietako bat: Ukraina NATOra hurbiltzea. Horregatik, han tropak agertzen badira, bereziki orain, helburu zilegia izango dira». Putinek askotan esan izan du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen zabalkundeari heldu behar zaiola auziari irtenbide bat emateko.
2022az geroztik, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, aliantza militarraren buruzagiek alboratu egin dute Ukraina kide bihurtzeko aukera, baina, Kremlinentzat, Errusiaren segurtasuna arriskuan egongo litzatekeela argudiatuta, Mendebaldeko herrialdeek Ukrainara tropak bidaltzea Kiev NATOren kide bihurtzearen baliokidea litzateke ia-ia. Bide batez, Putinek gaineratu du «bake iraunkor» bat ekarriko lukeen akordio bat lortzen bada, ez lukeela «zentzurik» Mendebaldeko tropen hedatzeak. «Izan ere, itun bat egiten bada, inork ez du zalantzarik Errusiak bete egingo duela».
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo gauean iragarri zuenez, 26 herrialdek konpromisoa hartu dute Ukrainara «bake tropak» bidaltzeko su eten bat edo armistizio bat sinatzen bada. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea alboan zuela jakinarazi zuen hori Parisen, agerraldi batean, atzo bilera egin baitzuten Ukrainaren aliatuek; hau da, boluntarioen koalizioa izenpean bildutako 35 herrialdeek —gehienak Europakoak dira, baina Australia, Kanada, Japonia eta Turkia ere kide dira, besteak beste—.
Ipar KOrea eta Errusia arteko zubia, 2026rako
Vladimir Putin Errusiako presidenteak gaur Vladivostoken (Errusia) iragarri duenez, Errusia eta Ipar Korea lotuko dituen zubia 2026rako bukatuko dute. Iaz hasi zituzten lanak, eta zubi horrek Tumannaya ibaia zeharkatuko du. Bi herrialdeak mugakideak dira; muga horrek 20 kilometro ditu. Putinek bi herrialdeen arteko «gerturatze bat» bultzatu nahi du, eta, horrekin lotuta, kontuan hartu behar da uztailean Mosku eta Piongiang arteko hegaldi komertzialak berrezarri zituztela, 1990eko hamarkadan bertan behera geratu ondoren.
Frantziako presidenteak ez zuen xehetasun handirik eman, baina adierazi zuen, esaterako, 26 herrialde horien artean Poloniak, Italiak eta Alemaniak «ekarpen handia» egingo luketela. AEBak ez daude koalizioaren barruan, baina, Zelenskik aitortu izan duen moduan, azkeneko hiru urteotan Ukrainari eman dioten laguntza militarra ezinbestekoa izan da frontean Errusiari aurre egiteko. Ikusteko dago Washingtonek zer rol jokatzen duen aurrerantzean arlo militarrean. Hori bai: Donald Trump presidenteak baztertu egin du tropak hara bidaltzea.
Horren harira, Zelenski foro politiko-ekonomiko batean mintzatu da gaur, telematikoki, Cernobbion (Italian), eta esan du AEBak Ukrainaren aireko defentsa bermatzeko prest daudela. Macronen iragarpena ere izan du hizpide, eta eskaera bat egin du, nahiz eta ez den argi geratu zer planteatzen duen zehazki; izan ere «segurtasun bermeen» egitasmoa azkartzeko eskatu du: «Jar dezatela martxan gaur, ez soilik gatazka amaitzean».
Putinez ere hitz egin du. Iruditzen zaio ez duela gerra bukatu nahi. Eta Kremlineko buruak berak ere Zelenskiz hitz egin du. Abuztu erdialdean Trumpekin bildu zen, eta Etxe Zuriko maizterra Ukrainako presidentearekin berarekin eta Europako hainbat liderrekin zein NATOko idazkari nagusiarekin batzartu zen egun batzuk geroago, Washingtonen. Trumpek azaldu zuen Putin eta Zelenski bilera batean batzea zuela helburu. Hainbat herrialde hori hartzeko prest agertu ziren —Suitza, Turkia, Hungaria, Austria, eta Qatar, esaterako—, eta Putinek Moskun bertan egitea proposatu zuen. Zelenskik ezetz erantzun zuen.
Eta gaur hori bera planteatu du Errusiako presidenteak: «Hurrengo batean, norbaitek benetan gurekin bildu nahi badu, prest gaude. Horretarako leku egokiena Errusiako Federazioaren hiriburua da».